2020/04/18 | Erentzun Ikastola

Adinekoak eta haurrak, bizitzaren bi muturrak lotzen Erentzun Ikastolako 5. mailako ikasle batzuk elkarlanean haien bikotekideekin eskulanak egiten.

Vianan, denok dakigu "adinekoak" non dauden. Non izango da ba? Zaharren egoitzan. Jakina, haurrak non dauden ere badakigu: Erentzun Ikastolan, ezta? Badira urteak gure ikastolako haurrak Vianako zaharren egoitzara bisitan joaten garela. Proiektu bat bukatu orduko horra joaten gara pozarren, hango gure publikoari emanaldiak eskaintzera. Hangoen ilusioa eta txalo zaparrada irabaziak genituen aurrez, haur izateak berak ematen digun abantaila dela medio, hau da, haien bihotzak irabaziak genituelako haiek heldu eta gu haur izate hutsagatik. Denborarekin ohartu ginen, bai adinduen eta baita haurren irribarre eta ongizate uneak lortzea oso onuragarria zela guztiontzat eta pauso bat aurrera eman nahi izan genuen. Ez genituen bisita hauek anekdota hutsean geratzea nahi. Emozioen heziketa, garapen sozio afektiboa, trebetasun sozialak eta nortasunaren eremuko hainbat konpetentzia egungo XXI. mendeko gizarte honetan bizitzeko ezinbestekotzat jotzen ditugun garaian, belaunaldiak uztartzen dituen ekimen sendo baten beharra sentitzen genuen. Hemendik sortu zen gure ikastola eta Vianako egoi-tzaren arteko erlazioa zabaldu eta sendotzearen asmo pedagogikoa.

Hasteko, bi talde banandu eta bi rol desberdin izan beharrean, helduen taldea eta haurrena, guztion indarrak batu eta helburu bakar batean lanean hastea erabaki genuen. Hau da, ba-tzuk egile eta besteak "txalotzaile" izateari utzi eta denok protagonista bilakatu ginen. Une hartatik aurrera, denok nahasten gara elkarrekin, denok hitz egiten dugu elkarrekin, denok egiten dugu denekin... eta denok gara garaile. Denok txalotzen dugu eta aldi berean denok jasotzen ditugu txaloak.

Bestalde, "bisiten" maiztasuna handitu egin dugu. Orain, geroz eta tarte txikiago duten aldiotan joaten gara guztion artean burutzen ditugun proiektutxo edo jarduerak egitera: solasaldiak, azalpenak, esku-lanak, horma-irudiak. Zenbat eta sarriago joan, beraiekin egoteko behar handiagoa sortzen da ikasleen barrenean. Azkenaldian, alde egin aurretik hurrengo bilkuraren data zehaztu beharra izaten dugu. Horrela gure urtebetetze datarako zenbat gau falta diren egutegian markatzen dugun bezalaxe, gure hurrengo bisitaldirako egunak koloreztatuz ibiltzen gara, bai batak eta baita besteak ere.

Aberatsa da oso haien artean sor-tzen den elkarrekintza. Sinestezina baita nolako elkarrizketa interesgarriak pizten diren haur izandako eta gaur adineko diren eta gaur haur izanik adineko izango direnen artean. Une samurrak bizitzen dituzte guztiek saio horietan, komunikazioa barra-barra loratzen baita haien artean. Gainera denek dugu denen beharra eta denok dugu zer eskainia, baita elkarrengandik zer ikasia ere. Une hunkigarriak bizi ditugu taldeko norbait falta denean (haurrak nahiz aiton-amona), haren hutsunea nabaritu eta galdezka hasten direnean, edo hurrengora arte agur elkarri esaten diogunean.

Egunkari honetako artikulu batean idatzi genuen bezala, belaunaldien arteko zubi bat eraikitzen hasiak ginen. Gure bisitaldi bakoitzak harri bat jartzen zion zubiari eta apurka-apurka hasi baginen ere, gero eta harri gehiago gehitzen ari gatzaizkio zubi metaforiko honi. Urteko laugarren topaketa egin berri dugu duela aste pare bat Emakumeon Eguna aitzakiatzat hartuta. Hain egoera desberdinean bizitako bi belaunaldien lanak hausnarketa sakon eta ondorio bikaina eman zituen. Zubi eraiketak aurrera darraien bitartean, manten ditzagun bata besteenganako pentsamendu hunkigarri horiek bizirik, jarrai dezagun bizitzako bi muturrak lotuta izaten.

 Dokumentua ikusi


Itzuli

Gure ikastolak

MECNA 2017

Facebooken jarraitu

Twitterren jarraitu