2020/11/19 | Tantirumairu Ikastola

Auzoberrin errotak jartzen badituzte auzoaren amaiera izango da TANTIRUMAIRU IKASTOLAKO 6. MAILAKO IKASLEAK

LESAKA – Urriaren 30ean Endara Bizirik taldeko kidea eta ikastolako gurasoa den Agoitz Irazoki etorri zi-tzaigun gelara haize-errotei buruz solas egitera. Maketak ekarri zizkigun erroten kokapena, altuera eta auzoko etxeetara duten distantzia ikusteko. Guk galdera batzuk prestatu dizkiogu berak erantzuteko.

Noren ideia izan zen Endara Bizirik elkartea sortzea?

–Enpresa batek gure auzoan parke eolikoa egiteko asmoa zuela jakin genuenean, auzotarrak bildu ginen Gardel Soro baserrian 2020ko ekainaren 7an. Orduan erabaki genuen taldea edo plataforma sortzea eta ENDARA BIZIRIK deitzea.

Zergatik sartu zinen Endara Biziko taldean?

–Auzotarra naizelako eta pentsa-tzen dudalako proiektu hau ez dela ona gure auzoarentzat ezta Lesakarentzat ere.

Zein dira parke eolikoaren aurka egoteko arrazoiak?

–Hiru arrazoi mota daude: ekologikoak, naturari kalte handia eginen diotelako. Naturan kalterik handiena hegazti migratzaileei eginen diete, izan ere, Europatik Afrikako bidean bi pauso bakarrik daude Pirinioak zeharkatzeko, bat gure inguru honetan eta bertzea Katalunian. Haize-errota hauek pasabide hau ezabatuko lukete, hegaztiak ezingo zuten hemendik pasatu. Bertze aldetik, obrak egiteko garaian, bertako fauna kaltetua geldituko litzateke. Horretaz gain, hemengo baserri guztiek ura iturri naturaletatik hartzen dute; baserri bakoitzak badu berea edo bertze baserriren batekin partekatua. Hondeatze lanen ondorioz, iturri hauek desagertuko lirateke. Bigarren lekuan, arrazoi kulturalak daude: auzoaren inguruan historia aurreko aztarna aunitz daude eta haize-errota bat bereziki, kultur gune garrantzitsu batean jarri behar dute, Aitzin Aroko herrixka baten gainean. Eta azkenik, arrazoi sozialak: familia batzuk bizi dira bertan eta errotak jartzen baldin badituzte, bertze leku batera joan beharko dute bizitzera eta hori auzoaren amaiera izango litzateke.

Zenbat jende eta etxebizitzari eginen die kalte haize errotak?


–Etxe solteak bezala hartuta baserriak, 200 metroko distantzia utzi behar dute etxeetaraino. 200 metroko eremu horretan 22 baserri daude. Baina kontuan hartu behar dugu Auzo Berri auzo tradizionala dela, eta herriak duen trataera eman behar zaiola; kasu honetan legeak dio etxe horietatik 1.000 metro baino hurbilago ezin dela eraiki. 1000 metroko eremu horretan, 40 baserri daude eta horietan 50 lagun bizi dira.

Zergatik kokatu behar dituzte Auzoberrin eta ez bertze leku batean?

–Bere kokapenarengatik. Enpresa hauek haizea ustiatzen dute eta hau haize leku egokia da; ez daude haizerik indartsuenak baina haize mota ezberdinek jotzen dute: itsas aldeko ipar haizeak eta hego haizeak. Horretaz gain, erraztasunak eskaintzen ditu; teknikoki leku eskuragarria da, muntaketarako ez du zailtasunik eta argindarra garraiatzeko azpiegitura hurbil, tentsio handiko elektrizitate linea dago.

Egin dituzuen bileretan nolakoa izan da jendearen erantzuna
?

–Lesakan hasi ginen informatzen, lehenengo baserri auzotan eta gero herrian bertan. Hagitz ona izan da erantzuna, lesakarrek arazoa berea dela sentitzen dute; Bortzirietan ere erantzuna ona izan da; orokorrean zenbat eta hurbileko herrietan erantzun hobea lortu dugu. Zenbat eta urrunago joan, interes guttiago sumatu dugu jendearen aldetik. Baztan Bidasoako herri gehienetan egon gara baita Oiartzun, Errenteri eta Irun eta Saran ere.

Zein izan da Nafarroako Gobernuan aurkeztu duzuen alegazioei emandako erantzuna?

–Oraindik ez dugu erantzunik, Nafarroako Gobernuak gure alegazioak eta sinadurak ikusita, balorazio bat eginen du eta txosten bat emanen dio enpresari. Ondoren, enpresak erabakiko du: aitzinera jarraitu eta aurreproiektu hori proiektu irmoa bilakatu edo bertan behera utzi.

 Dokumentua ikusi


Itzuli

Gure ikastolak

MECNA 2017

Facebooken jarraitu

Twitterren jarraitu