2021/01/08 | Paz de Ziganda Ikastola

Begirada berri bat Haurra hezkuntza prozesuaren erdigunean kokatzen dugu uneoro.

Paz de Ziganda Ikastolako Haur Hezkuntzako proiektu pedagogikoak hIZAN du izena. Proiektu berritzaile hau aterki zabal moduko bat da eta bere baitan hainbat eremu jorratzen ditugu, betiere haurra hezkuntza prozesuaren erdigunean kokatuz. Oraingo honetan, gure ikastolan berebiziko garrantzia duen zutabe baten gainean arituko gara: adimen emozionala.

Gaur egun, azken ikerketei esker, hezkuntza emozionalak eskolan ematen diren ikaskuntza-prozesuetan eta ikasleen ongizatean duen garrantzia behin eta berriro berretsi da.

Paz de Ziganda Ikastolan, adimen emozionalean adituak diren Kaeruko profesionalen eskutik, begirada alda-tzeko apustua egin dugu. Emozionalki iaioak izatea lehentasuna bilakatu eta norabide horretan urratsak ematen ari gara azken aldian.

GARAPEN INTEGRALEKO PROIEKTUAKaerukoen proposamena, ikastolaren hezkuntza proiektuan, dimentsio emozional-afektibo-soziala integra-tzen laguntzean datza. Ikasle eta familientzako begirada globala duen garapen integraleko proiektu bat garatu nahi dugu, pentsamenduaren eta begirada sistemikoaren esperientzia emozionaletik abiatuta, eta lau arda-tzetan oinarrituta:

  • Autoezagutza: norbere burua ezagutzea, nor naiz?
  • Gaitasun soziala: beste pertsonekin, nolakoa naiz?
  • Aurreko belaunaldi eta hainbat belaunaldiren arteko erlazioa: nire sustraiekin, nor bezalakoa naiz?
  • Begirada ekosoziala: ingurunearekin lotuta, zertarako naiz?

Begiratzen ikastea, begirada egunero heztea eta pertsona bakoitza bere berezitasunean laguntzea lan zoragarri eta delikatua da, atsedena eta arretadun behaketa eskatzen duena. Haur bakoitzak irakaslearen begirada propioa behar du, baita aita eta ama bakoitzak ere, begiratuak izan hazteko. Akonpainamendu eredu honek ikusten ez dena, azaleraren azpitik dagoena, ulertzen laguntzea du helburu. Horretarako pertsona, talde edo familia-nukleo batek dakartzan jokabide eta sintomen azpian dauden sustrai emozionalak behatzen dira, ikusten ez den horri argi emanez. Halaber, zaindu, hezi eta laguntzen duena zaindu beharra dago.

LAN-TRESNAK Bi elementu horiek, ikasleen garapen integrala eta irakasleen zainketa, lantzen ari garen proposamenaren oinarria dira.

Kaerukoen aholkularitzak tresna-maleta bat eskaintzen digu, aurretik aipatutako lau ardatzak jorratzeko:

  • Ardatz pertsonala: autoezagutza eta autoerregulazioa: norberaren emozioen, pentsamenduen eta portaeren kontzientzia eta adierazpena. Emozioak erregulatzea eta ulertzea.
  • Gizarte-ardatza: gizarte-garapena/enpatia: komunikazio-trebetasunak, besteen emozioak ulertzea, elkarrekiko errespetua, bestea entzutea, talde-lana.
  • Belaunaldien arteko ardatza: nire familia, loturaren indar emozionala.
  • Ardatz ekosoziala: ametsak eta nahiak, irudimenaren garapena eta sormena.


Maleta, lan-tresna multzo hori, erabili ahal izateko, irakasleen formakuntza beharrezkoa da eta, ezarpen etapan, laguntza eta gainbegiratze-espazioak ahalbidetu behar dira.

ZAINTZAILEAREN ZAINTZA Beti, eta zer esanik ez, pandemia garaian, ikastolako irakasle eta langile ez dozenteen ongizatea zaintzea funtsezkoa da, hots, ikastolako zaintzaileen zaintza burutzea.

Talde txikietan egiten da lan. Kaeruko aholkulariek epaiketarik gabeko espazio bat errazten dute, hausnarketarako gune bat. Entzun eta sentitu lehenengo; aztertu eta hausnartu ondoren, dagokion esku-hartzea egin baino lehen. Oro har, irakasleak kudeatu behar dituen emozioak lan-tzen dira. Bide honetan, norberak nor bere buruaren ezagutza izatea ezinbestekoa da. Begirada horretatik haurren esku-hartzeak bideratzeko moduak arakatzen dira.

Abenduan, etapaka, lan talde ezberdinak abian jarri dira eta ondoren, beharren arabera, lan egiteko modua moldatzen joango gara. Bide honetan gurasoen formakuntza landuko da, izan ere, hezkuntza ibilbidean ikastola eta familia bat gara.

 Dokumentua ikusi


Itzuli

Gure ikastolak

MECNA 2017

Facebooken jarraitu

Twitterren jarraitu