2021/02/11 | Zangozako Ikastola

Matekutxa, matematikak manipulatiboki lantzeko altxorra

Ikaskuntza modu esangura-tsuan barneratu nahi bada, hau da, epe luzera iraungo duen ezagutza lortu nahi bada, garrantzitsua da ikasleek haien esku eta zentzumenen bitartez matematikak uler ditzaten.

Materialak manipulatuz, haurrak esploratzaile bihurtzen dira eta ikaskuntzarako beren bidea eraiki-tzen dute. Horretarako, garrantzitsua da beren buruarengan konfiantza izatea, akatsak egitera eta esploratzen jarraitzera ausartu daitezen.

Egungo egoera honetan aldiz, ikasleek materiala ez elkarbanatzea gomendatzen da, eta ikastolako hainbat material erabili eta desinfekta-tzen gabiltzan arren, egoera berrietara egokitzen jakin behar dugu. Horregatik, ikasle bakoitzak bere matematika kutxa izatea erabaki genuen, manipulatzen jarrai zezaten.

Ikastolaren oinarrietako bat auzolana da, gauzak denon artean egiteko ohitura dugu, eta mate kaxa abian jartzeko ikasle, irakasle eta familiak lanean ipini ginen. Material batzuk gelan bertan sortu genituen, ikasleen autonomia bultzatuz, beste batzuk ikasle eta irakasleen artean gauzatu genituen eta familiek ere etxean material konplexuago bat sortu zuten, geoplanoa.

Arte hezkuntzako saioetan ere Matekutxak izan du bere lekua, bakoitzak bere kaxa apaindu du eta. Norberak etxetik ekarritako zapata kutxa batetik abiatuz, material manipulatiboa gordetzeko kaxa bereziak eta bakarrak sortzeko ibilbidea egin dute. Horrela, ikasle bakoitzak bere ukitu propioa eman dio, norberaren gustuekin kutxa ezberdinak sortuaz.

Lan kooperatibo honi esker, Lehen Hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailako ikasle bakoitzak bere material propioa du. Horri esker, matematiketako saioetan lasai manipulatzen jarrai-tzeko aukera eskaintzen digu, zirkulazio autonomoko proposamenetan ere erabilgarri izango dugu, eta etxean isolaturik geratuko bagina ere, matematikekin jolasean jarraitzeko aukera eskainiko liguke.

Ikasleak oso gustura eta motibatuak ibiltzen dira lanean. Batzuetan gai berriak ulertzeko lagungarri izan da, 1. mailakoen kasuan esaterako, batuketa eta kenketen kalkuluekin hasi berri diren momentuan, material manipulatiboarekin ibiltzeak erraztu egin die lana. Ikasle batzuk segituan aurkitu dituzte estrategia propioak eta materiala albo batera utziz lanean jarduteko gaitasuna azaldu dute. Beste batzuen kasuan, materialak segurtasuna bermatzen die eta behin eta berriz erabili behar izaten dute. Matekutxak haur bakoitzaren erritmoa eta ezaugarriak errespeta-tzeko aukera ere eskaintzen digu.

Bakarkako nahiz taldekako lanak egiteko aukera ematen digu gainera. 2.mailakoak adibidez orduak ikasteko talde handiko jardueretan ibili dira, eta ederki pasatu dute bata besteari erronka ezberdinak proposatuz. Lehen Hezkuntzako 3. mailakoen kasuan aldiz, geoplano eta tangramarekin bakarkako lana egin dute gehiagotan, eta talde txikitan ere ibili dira zenbakikuntza lantzen, horretarako Montessoriren karta luzeetaz baliatuz.

Edozeinek sortu dezake horrelako kutxa manipulatibo bat, merkea eta denok etxean izan ditzakegun materialekin hornituta. Zangozako Ikastolatik lan hori egitera animatzen zaituztegu, matematikak beste modu erakargarri eta dibertigarriago batean ikasteko aukera izan dezagun denok.

INKESTA

IKASLEEI ELKARRIZKETAK

1. Matekutxako zein material duzu gogoko?

2. Zein material sortzen gozatu duzu?

3. Zerekin lan egin nahiko zenuke gaur?

4. Gogoko al duzu Matekutxa? Zergatik?

AINHOA PIÑEDO (LH 1)

1. Batuketa eta kenketak egiteko jolasa gustatzen zait, batuketak egiteko errazagoa delako.

2. Tangrama moztea gustatu zi-tzaidan, eta gero animalia ezberdinen irudiak egiten saiatu nintzen.

3. Geoplanoarekin ibiliko nintzateke, gomekin formak egiten.

4. Bai, oso polita dekoratu nuen eta.

ODETH JASO (LH 2)

1. Ordulariarekin orduak jartzen ibiltzea gustatzen zait, irakasleak orduak esan eta guk orratzak ipintzen ditugu.

2. Bloke logikoak gogoratzen ditut, gauzak mozten ditudanean erlaxatzen naiz eta.

3. Ordulariarekin oso ongi pasatzen dut.

4. Asko, horrela matematikak ikasten ditudalako, eta dibertigarria da.

IRUNE PIÑEDO (LH 3)

1. Geoplanoa, gauzak sor-tzeko aukera ematen didalako. Aurrekoan ahate bat egitea lortu nuen, poz-pozik nengoen.

2. Erregeletak egitearen prozesua gustatu zitzaidan, kartoiarekin kolore eta tamaina ezberdinetakoak sortu genituen.

3. Metroarekin gelako paretak neurtzea gustatuko litzaidake.

4. Bai, asko. Kutxa egiten eta apaintzen oso gustura pasatu nuen. Matekutxa erabiltzen dugunean gustura lan egiten dut.

 Dokumentua ikusi

Matekutxa, matematikak manipulatiboki lantzeko altxorra
Itzuli

Gure ikastolak

MECNA 2017

Facebooken jarraitu

Twitterren jarraitu