Sorrera: 1976

Lehendakariak: Julio Altadill, Ramon Mintegi, Patxi Arze, Jesus Bueno Asin, Txomin Izko,Gorka Nicuesa, Fermin Altzugarai, Aingeru Epaltza, Xabier Azanza, Izaskun Arratibel, Pello Irujo eta Mikel Asiain.

Zuzendariak: Juan Luis Larraza, Begoņa Errazti, Aurkene Zaldua, Pello Mariņelarena eta Josu Reparaz.

Nafarroako Ikastolen Elkartea (NIE) 1976ko abenduaren 20an sortu zen, Atarrabiako Paz de Zigandan eginiko bilera batean. Ordurako martxan ziren Gipuzkoako eta Bizkaiko ikastolen elkarteen helburu berarekin abiatu zen: lurraldeko ikastolak koordinatzea eta ordezkatzea, ikastolei zerbitzuak eskaintzea eta ikastola berriak martxan jartzea.

Ekimena San Fermin Ikastolak bultzatu zuen, Paz de Ziganda Ikastolaren aldeko iritzia jaso eta gero. Jesus Atxa San Fermin Ikastolako zuzendari ohiak horrela azaldu zuen: “Bakoitza bere aldetik baino hobe zelakoan denak elkarrekin, lehen urratsak ematen hasi ziren, Gipuzkoan eta Bizkaian bezala, guztiak bilduko zituen erakunderen bat sortzeko(…). San Fermindik dei egin zitzaien Nafarroako Ikastola guztiei (14, garai hartan) Altsasun bil zitezen. Lehen topaketa horretan Federazioa sortzeko asmoa zabalduta, NIE 1976ko abenduaren 20an sortu zen, Paz de Zigandan eginiko bigarren batzar batean”.

Ikastolen kopurua gora zihoan neurrian, Diputazioaren jokabidea aldatzen ari zen. Hasieran, Vianako Printzearen Erakundearen babesa lortu zuten, erakundeko Euskararen Aldeko Saileko kide euskaltzaleei esker. 1972an, ikastolen ardura Diputazioko Hezkuntza Zerbitzuak hartu zuelarik, egoera gaiztotzen hasi eta are larriago bihurtu zen 1975etik aurrera. Norbaiti harrigarria irudituko bazaio ere, erregimen politiko berriak ez zien ikastolei aldeko haizerik ekarri. Alderantziz: ekaitzak areagotu egin ziren.

NIE sortu eta berehala pizturikoa da horren isla: 1977ko otsailaren 2an, Diputazioak ikastetxe pribatuetan irakaskuntza elebiduna diruz laguntzeko arautegia onartu zuen. Laguntza jasotzeko derrigorrezkoa zen Madrilgo Hezkuntza Ministerioaren legeztapena. Legeztaturik gabeko ikastetxeek ez zuten deus jasotzeko eskubiderik. Garai hartan, ikastola guztietatik bi besterik ez zeuden legeztaturik: San Fermin eta Paz de Ziganda. 1977ko maiatzaren 2an Juan Luis Larraza zuzendari lanetarako kontratatu zen, gaur egun NIE dagoen egoitza berean, garai horietan Euskalerriaren Adiskideak elkartearena zena.

Garai hartan, nafar ikastolen sortzaileak ziren NIEko ordezkariak, horien artean Joxe Larrea, Ramon Mintegi, Pedro Lizarraga, Kontxi Erro, Marcos Irigoien, Antton Erkizia, Kontxi Erro, Pepi Olaetxea, Ixa Ordoņez, Helena Santesteban…

Hogeita hamar bat ikastola elkartu ziren NIEren hasieran. Ondoren, beste batzuk sortu eta 40tik gora izatera heldu ziren. 1990. urtean, erregularizazio prozesu baten ondorioz federatutako ikastolak 15era pasatu ziren, gaur egungo kopuru bera.

Begoņa Erraztik hartu zuen Larrazaren lekukoa NIEren zuzendaritzan. Epe horretan, guztien parte-hartzea bultzatzea eta ikastolen arteko koordinazioa hobetzeko neurriak hartu ziren, batez ere arlo pedagogikoan eta, oro har, ikastolei eskaini beharreko zerbitzuetan. Erraztik 1995ean utzi zuen NIEko zuzendaritza politika munduan sartzeko. Dena den, ikastolen mugimenduak arrasto sakona utzi zuen bizkaitarrarengan.

Aurkene Zaldua epe motz batean egon zen NIEko zuzendaritzan eta ondoren, 1996an Pello Mariņelarenak hartu zuen. Karguan gehien iraun duen profesionala da, hemeretzi urte egin baititu.

2001ean, Aingeru Epaltza lehendakaria zelarik, Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena sinatu zen, diru-laguntzak jaso ahal izateko. Horri esker ikastolek arnasa hartu zuten. Aingeru Epaltzaren ondoren, Xabier Azanzak hartu zuen NIEko lehendakaritza. Garai horretan, Lodosa, Viana, Tutera eta Irunberriko Ikastolen legeztapena lortu zen. Xabier Azanzak garaiko beste lorpen batzuk aipatzen ditu: “Hegoaldeko ikastolen finantzaketarako legea egin zen, eta sindikatuekin hitzarmena sinatu genuen. Bestalde, oso garrantzitsua izan zen Nafarroa Oinezen inguruan lorturiko akordioa. Hamar urteko epe luzeari begira egin zen, bakoitzak argi jakin zezan noiz antolatuko zuen”.

2007an, Azanza gobernura joan zen, hizkuntza politikarako zuzendaritzara eta Izaskun Arratibelek hartu zuen lehendakaritza, ongi ezagutzen zuen ikastolen mugimendua.

Pello Irujo 2013an NIEko lehendakari izendatua izan zen (San Fermin Ikastolako ikasle, guraso eta batzordekide izana). Lehendakaritzara heldu eta berehala, Irujok NIEren inguruko hausnarketa prozesua zabaldu zuen, ikastoletako ordezkari askoren partaidetza bermatuz. Horren ondorioak izan dira, besteak beste, estatutuak aldatzeko proiektua, NIEren barne prozeduren hobekuntza eta profesionalen zereginen definizioa.

2015ean NIEk ikastolen sorreraren 50 urteurrena ospatu zuen. Ikastolak herritik eta herriarentzat sortutako eskolak leloarekin. Uxue Ikastola sortu ondoren, Nafarroako Ikastolak azkar gizarteratu ziren, gure hirietako eta herrietako kaleetatik euskararen eta euskal kulturaren oihartzuna zabalduz. Ikastola bakoitzak egin duenaz gain, Nafarroako Ikastolen Elkarteak bere hezkuntza-eredua ezagutzera eman du ekintza ezberdinak erakutsiz. Horien artean ezagunena, Nafarroa Oinez jaia da, gure lurraldean euskararen alde egiten den jai arrakastatsuena.

2015eko irailean Josu Reparaz Leitzak NIEko zuzendaritza hartu zuen eta 2016. urtearen hasieran Mikel Asiainek lehendakaritza.

Zazpi laguneko lan taldea
Nafarroako Ikastolen Elkartearen helburu nagusienetakoa ikastolak ordezkatzea da, erakunde eta agintarien aurrean. Horrez gain, era askotako zerbitzuak eskaintzen dizkie ikastolei, bai kudeaketa mailan eta baita pedagogia arloan ere. Ezin da ahantzi, noski, NIE dela Nafarroa Oinezen antolatzailea. Hori guztia egiteko, zazpi laguneko lan taldea dago: Begoņa Muņoz administrazio burua, Irene Lopez-Goņi pedagogia koordinatzailea eta Rakel Sueskun bulegaria. Beste hiru langile Nafarroa Oinezi daude loturik: Marta Igoa da festaren koordinatzailea, Patxi Arellano segurtasunaz arduratzen da eta Unai Arellanok bi zeregin ditu: Txikiak Handi ekimena bultzatzea eta Nafarroako Hizkuntza Proiektua zuzentzea.

Gure ikastolak

Facebooken jarraitu

Twitterren jarraitu