2024/06/22 | EHI

Ezer baino lehen, ZORIONAK Ikastolon mugimenduko kide guztioi eta bakoitzari. Zorionak, 114 ikastoloi. Eztabaida-prozesu luze, trinko eta aberats baten ondorioz, Euskal Herria eraikitzeko behar ditugun biharko Ikastolen norabidea birdefinitu dugu. Milaka lagun, ehunka ekarpen eta dozenaka bilera egin ditugu hona iristeko. Prozesuak eta emaitzak merezi izan dute. Duela urte bete baino sendoago gaude.

Eskerrik asko gaur gurekin une hau partekatzera etorri zareten guztioi. Baita etorri ezina adierazi diguzuenei ere. Ikastolen mugimendua ezer gutxi da zuek gabe, Herrigintzarik gabe. Ez dugu irudikatzen bestelako etorkizunik, herri honek aurrera egin badu askoren eta askotarikoen arteko elkarlanari, lankidetzari eta aliantzei esker izan baita. Ematen dugun adina edo gehiago jasotzen dugu zuengandik.Milesker gurekin batera amesteagatik.

Eskerrik asko, nazioarteko ordezkaritzari. Scola Corsa eta Sementeko ordezkariak. Guk erein genituen bezala, hor zehar ereiten ari zarete zuek hazi berriak. Proiektu ederrak loratzen ari dira Euskal Herritik kanpo ere.

Eta zorionak eta eskerrik asko egunez egun, Ikastoletan, Ikastolen Elkartean, konbentzimenduz eta militantziaz beteta lanean ari zareten profesionalei eta nola ez zuen seme-alabak hazteko eta hezteko Ikastolen aldeko hautua egin eta egunero-egunero askotariko ekarpena egiten duzuen gurasoei.

Baina…. aitortza berezia egin nahiko nizueke zuei, gure izateko arrazoi zareten horiei. Etorkizuneko ameslariei. Gure ikasleei. Denei. ia jaio berriak zinetenetik Ikastoletan hezten eta hazten ari zaretenoi. Zuek zarete gure muina, zuekin ikasten dugu eta zuek zarete gure etorkizuna.

Eskerrik asko, beraz, zuei, ameslari guztiei. Zuei esker iritsi gara honaino. Eta zuekin batera helduko diogu etorkizunari.

Horretarako elkartu baikara, gaur, 114 ikastoletako ordezkariok, etorkizun hurbilean ditugun erronkei zein erantzun eman nahi diegun erabakitzeko. Bide emankorra izan da, baina malkoak ere bota ditugu tartean. Horrelako prozesu batek barrenak ere astintzen dizkigulako eta, ondorioz, emozio eta sentipen ugari azaleratu zaizkigulako. Baina gaurkora iritsita, badira nabarmentzen diren bi sentipen: poza eta indarra. Pozik gaude, pozik taldean iritsi garelako ekainaren 22ra, Euskal Herri osoan aritu garelako, gai garrantzitsuez eztabaidatu dugulako eta indartsu mugimendu eder honetako kide garelako. Euskal herriari gure aletxoa eskaintzen diogulako eta amesten jarraitzeko irmotasuna erakutsi dugulako.

Biharko Ikastolak, biharko Euskal Herria eraikitzeko. Etorkizunera begira jarri gara eta etorkizun hori eraikitzeko milaka ikastolakidek elkarrizketa kolektibo baten bidez hitza hartu dugu. Eta, egin, gure modura egin dugu: behetik eta elkarrekin, entzunez eta hitz eginez, eztabaidatuz eta erabakiak hartuz.

Herritik eta herritarrengandik sortu ginen, eta herriari eta herritarrei zor gatzaizkie. Biharko Euskal Herria herritik eta herrietatik eraikitzen jarraitu nahi dugu. Ikastola eredua baliatu nahi dugu horretarako: Behetik gora eraikia, saretuta, autoeratua, herrian errotua, bertatik eta bertarako sortutako proiektu eraldatzaileak garatzen dituena, gainerako eragileekin elkarlanean aritzen dena, egungo erronka sozialei parez pare begiratu eta proposamen berritzaileak plazaratzen dituena, Euskal Herri osoan eragiten duena. Ikastola ereduak badu etorkizuna.

Ikastola ereduak eta herri ekimenak. Hauek barnebiltzen dituzten balioak baitira gure herriak aurrera egiteko behar dituen palankak.

Gure ekarpena berritu, eguneratu eta plazaratu dugu. Biharko Ikastolak eraikitzen ari gara, biharko herria eraikitzen jarraitzeko. Zazpigarren Batzarrak gure gizarteak behar duen hezkuntza ereduari konkrezioa jarri dio. Handiak dira aurrean ditugun erronkak, handiak dira beharrak, eta handiak dira horiei erantzuteko gure indarrak.

Garbi utzi nahi dugu, halere, ez garela guretzat bakarrik ari eta ez dugula bakarrik egin nahi. Hezkuntza sistemari eta euskal jendarteari ekarpena egiten jarraituko dugu. Eta zuekin egin nahi dugu bidea hezkuntza, herrigintza, kulturgintza eta euskalgintzako eragileekin, tokian tokiko erakunde eta administrazio desberdinekin. Elkarlanean, elkarrekintzan, lankidetzan. Erronkak kolektiboak direlako, herriarenak, eta erantzunek ere halakoak izan behar dutelako. Erantzun partekatuak behar ditu herri honek.

Zer da, bada, gaur erabaki duguna?

Biharko Ikastolak behar ditugula biharko Euskal Herria eraikitzeko. Esaldi laburra bezain mamitsua.

  • Ikastola-ereduaren aldeko hautua berretsi eta indartu dugu.
  • Ikastolon mugimendua indartzea erabaki dugu.
  • Euskal Hezkuntza sistema burujabea eraikitzeko ekarpenak egiten jarraitzeko engaiamendua hartu dugu.
  • Euskal Herri osoari erantzuteko egitasmo nazionalak indartu eta berriak sortzea deliberatu dugu.
  • Euskal Herrian bizi diren ikasle guztientzako aukera erreala izateko neurriak hartzeko konpromisoa berretsi dugu.
  • Ikastolon mugimendua osatzen dugun pertsona guztiak erdigunean jartzea erabaki dugu.
  • Hezkuntza Proiektua sendotzeko bideak zehaztu ditugu. Hasi, euskal curriculuma eguneratzetik, ikasmaterialen nolakotasunarekin jarraitu eta digitalizazioan burujabetzarako eta tresna digitalen integrazio pedagogikoaren inguruko posizioa hartuz.
  • Hezkuntza formaletik haratago hezkuntza ez formalean ere gure hezkuntza-proiektua garatzearen aldeko hautua indarrez berretsi dugu.
  • Euskal kulturaren sorkuntzan eta transmisioan lan-ildo berriak jorratu ditugu, Eta Euskal Herri osorako euskararen ofizialtasuna aldarrikatuko dugu. Ikastolak euskara lau haizeetara zabaltzeko sortu ginen. Eta gaur egun euskarak ikastolen beharra du, behar bada, sekula baino gehiago.

Amesten jarraitzen dugu. Amesten dugu izango dugula etorkizun oso hurbilean Ikastola berria Beskoitzen; euskara ofiziala izango dela  Aturritik Barbaduneraino eta Kantauritik Bardearaino; burujabe eta ausartak izango garela amesten dugu; jendarte justuago eta kohesionatuago batean biziko garela; euskararen kontrako oldarraldiarekin baino euskararen aldeko adostasun sozial eta politikoekin amesten dugu; amesten dugu desobedientzara jo beharrik izan gabe gure ikasleek euskaraz burutu ahal izango dutela beraien ikaste-prozesu osoa eta hona iritsita, une hau probestu nahiko nuke txaloz babesteko gure ikasleei Baxoko ahozko handia euskaraz pasatzea ahalbidetuko dien irakasle taldea. Jaso ezazue gure elkartasuna eta babesa!

Sarri, egunerokoaren kezkak eta zailtasunak gailentzen zaizkigu. Baina, zorionekoak gu, talde oso bat dugu-eta bultzaka, eusten gaituen sare indartsu bat, etorkizunari baikortasunez, ilusioz eta gogo biziz begiratzen dion ameslariak gara.

Gure komunitatea zabala eta konprometitua da. Prest gaude lan berriei ekiteko. Herriarentzat eta herritarrentzat; hezkuntzatik, euskalgintzatik eta herrigintzatik. Izan zirenengatik, garenongatik, izango direnengatik… Atzo, gaur eta bihar, gora Ikastolak eta gora ameslariak!


Itzuli

Gure ikastolak

Facebooken jarraitu

Twitterren jarraitu