2021/03/13 | NIE

Nafarroako Ikastolen Elkarteak (NIE) Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuaren Sustraiak/Raíces deialdiari esker, egitasmo hau aurrera eraman du. Egitasmo honen helburua, Nafarroako ikastolen mugimenduak euskararen berreskurapenean, transmisioan, sustapenean eta zabalkundean izan duen eragina ezagutzeko testigantzak jasotzea izan da. Horretarako, hainbat informazio-eragilerekin harremanetan jarri eta horien adierazpenak grabatu dira erregistro bideografikoa sortuz.

Elkarrizketaz aztertu eta dokumentatu ondoren, horiek baliatuz, gaur aurkeztu den dokumentala sortu genuen. Aurkezpen publiko honetaz gain, nahi duenaren esku jarriko da Nafarroako Ikastolen Elkarteko webgunean.

Jasotako testigantzak oso interesgarriak izan dira. Ikastolen sorrerak euskararen berreskuratze, transmisio, sustapen eta zabalkundean nola lagundu zuen erakutsi nahi izan dugu, bai eta euskara garai hartan Nafarroan zein egoeretan zegoen ere, besteak beste.

NIE 1976an eratutako irabazi-asmorik gabeko bigarren mailako irakaskuntza-sozietate kooperatiboa da. Bere helburu nagusien artean, bere ekintzak euskarazko hezkuntza sustatzera bideratzea, bai eta euskararen babesa, sustapena eta ezagutza bultzatzea ere. NIErentzat, euskara, hizkuntza eta euskal kultura eta ohituren ahozko tresna gisa, Nafarroako ondare immaterial handienetako bat da. Eta, horren kontserbazioa eta etorkizuneko belaunaldiei transmisioa ziurtatzeko egiten du lan.

Proiektu honen bidez, NIEk Nafarroako gizartean gure hizkuntza eta kultura bultzatzeko modu desberdinak ikusarazi nahi izan ditu, gure ondare immaterial garrantzitsuena babesteko eta etorkizunean berauen erabilera eta balioak mantentzen jarraitzeko.

Dokumentalaren ekoizpena Aitor Ortiz de Feliperen eskutik eraman da, bai eta musika konponketak ere (mentecolmenta.org). Lantaldeak egindako ondare immaterialaren azterketan jasotako lekukotasunetatik abiatuta egin da, Nafarroako Ikastolen Elkartearen sustapenarekin eta Nafarroako Gobernuaren finantzaketarekin.

Honako lagun hauek izan dira elkarrizketatutako informazio-agenteak:

Nafarroako Ikastolen Elkartea eta ikastolak
Carlos Garaikoetxea (ikastolen sortzaile eta sustatzaile), Patxi Zabaleta (ikastolen sustatzaile eta Arturo Kanpion euskaltegiaren sortzaile), Arantzazu Amezaga (ikastolen sorreretan ama), Javier Yaben (ikastolen sorreretan aita), Irene López-Goñi (NIE), Marta Igoa (Nafarroa Oinez), Jemi Sorabilla (Paz de Ziganda Ikastola), Aitziber Etxaiz (Iñigo Aritza Ikastola), Luis Fernando Etxeberria (Lizarra Ikastola).

Euskalgintzako beste erakunde batzuk
Andres Iñigo (Euskaltzaindia), Paul Bilbao (Euskararen Gizarte Erakundeen kontseilua), Aitor Etxarte Berezibar (Udal Ikastolaren sortzaile eta sustatzaile eta Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakari ohi).

Bertan izan dira Mikel Ozkoidi Nafarroako Gobernuko Kultura departamentuko ordezkaria eta Nafarroako Ikastolen Elkarteko Elena Zabaleta lehendakaria eta Josu Reparaz zuzendaria.

Elkarrizketatuei eskerrak eman nahi dizkiegu, oso baliotsua izan baita euren ekarpena dokumentalerako. Eta, oroimen berezi bat egin nahiko genuke. Izan ere, dokumentala egin zenetik bertan agertzen den pertsona bat bidean geratu zaigu, baina bere ahotsa, indarra eta testigantza geratzen zaizkigu. Bihoa gure omenaldi xume baina sentituena, Udal Ikastolaren sortzaile eta sustatzaile eta Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakari ohi izan zen Aitor Etxarte Berezibarrentzat.

LANDATU, UREZTATU, LORATU DOKUMENTALA
Itzuli

Gure ikastolak

MECNA 2017

Facebooken jarraitu

Twitterren jarraitu