28/01/2021 | ARGIA IKASTOLA

Familiako rolen inguruko ikerketa

Genero, gizon eta emakume, amatasun eta aitatasun, matxismo eta feminismo... Gure inguruan asko entzuten diren kontzeptuak dira. Gai horietaz hitz egiten denean, badirudi gaur egun egoera asko gainditu direla eta hainbat jarrera lehengo kontuak direla, baina guk ez dakigu hori egia den, garai ezberdinen arteko konparazioak egitea zaila egiten zaigulako. Hala ere, gelan gaiari buruz hitz egiten eta hausnartzen aritu ondoren, gehiago jakiteko grina sartu zitzaigun eta lanari ekin genion. Eta zer egin dugu? Gure etxeak aztertu, hots, LH5. eta LH6. mailako ikasleon etxeak: gure familian nola banatzen diren lanak eta rolak.

Hasieran, gelan hitz egiten hasi ginen. Hitz egin zutenek beraien etxeko egoeraren berri azaldu zuten, baina hitz egin ez zutenen egoeren berri ere izan nahi genuen. Orokorrean bi geletako errealitatea zein den jakin nahi genuen eta horretarako ikerketa baten beharra ezinbestekoa bihurtu zen. Emaitzaren nondik norakoak zeintzuk izango ote ziren pentsatu eta hipotesi ezberdinak egin genituen.

Jakin badakigu denok ez garela berdinak eta etxe guztiak ere ez, baina hala ere, gure etxeetan gizonezkoen eta emakumezkoen rolek ez ote dituzte antzekotasun handiegiak? Kasu askotan ez al dituzte gizonezkoek lan batzuk burutzen eta emakumezkoek beste batzuk? Egoerak uste dugun bezainbeste aldatu al dira gure egunerokoan azken urteotan?

Gaiak iritzi eta egoera ezberdinak azaleratu ditu. Etxe bakoitza bere baitan mundu bat dela argi ikusi da, baina horretaz gain, hainbat ondoriotara ailegatu gara.

GALDEKETA

Hausnaketarako galdera batzuk prestatu ditugu. Galdera hauek Izarren eta Dortoken taldeetan egin ditugu eta bi talde hauetako partaideek bakarka eta izenik aipatu gabe galdeketa honi erantzun diote.

Lan hau aurrera eramaterakoan gure geletan ditugun familia aniztasunak kontuan izan ditugu. Gehienetan, LH5 eta LH6 taldeetako geletako egunerokoan aita eta amarekin bizi gara, eta kasu batzuetan beste egoera batzuk ematen dira.

Galdeketa erantzuteko azalpena hauxe izan zen: Behean ohiko etxeko jarduera batzuk dituzu. Norekin egiten dituzun edo zure etxean horretaz nor arduratzen den erantzun behar duzu. Taulan egindako galderen gaiak eta emandako erantzunak portzentaietan agertzen dira.

ERANTZUNAK AZTERTZEN

Denen erantzunak jaso eta portzentaiak begiratu ondoren, ondorio orokorrik atera zitezkeen aztertu genuen. Gaiak hausnarketa sakonagoa egiteko aukera ematen duen arren, guk bi taldeetan aipatu diren gogoetak jarri ditugu ikusgai.

Gehienetan amak hartzen dituen ardurak hauek atera dira: etxeko garbiketa, izarak aldatu, hamaiketakoa prestatu, umeen arropa erosi, gaizki edo gaixo sentitzen zarenean norengana joan, medikuarenera norekin joan, ikastolarekin harremana nork dauka.

Gehienetan aitak hartzen dituen ardurak hauek atera dira: zaborra bota, etxeko konponketa errazak, gidatu (biak doazenean), kirola etxetik kanpo.

Jasotako emaitzak multzokatzeko aukerarik ote dugun ere aztertu dugu. Erantzunak ikusita, multzo ezberdinak ikusteko aukera izan dugu eta hala antolatu ditugu gure erantzunak:

Etxeko garbitasuna eta seme-alaben beharren ardura, maila handi batean, emakumeen esku geratzen dira. Etxearen mantenua, aldiz, gizonen esku. Sukalde kontuetan, berriz, ez da banaketa handirik nabari.

Seme-alaben kasuan, maila oso altu batean, eguneroko arreta emakumezkoen esku dagoela ikusten da, nahiz eta kirolean, denbora librean edota eskolaz kanpoko ekintzetan gizonezkoen parte hartzea handiagoa den.

Bitxikeria batzuk ere ikusi dira: gutariko inor ez da joaten aitarekin bakarrik arropa erostera eta baten batek esan du aitari amak erosten diola arropa. Aldiz, gutariko batzuk ez dugu behin ere ikusi bere ama bonbilla bat aldatzen.

ARRAZOIEN BILA Erantzunak jaso ondoren, ezinbestean beste galdera bat suertatu zaigu. Ba al dago rol hauen banaketarako arrazoirik?

Nola ez, honetan ere uste ezberdinak azaldu dira. Hemen dituzue Dortoken eta Izarren taldeetan gehien aipatu direnak: ohitura kontuak dira, etxean betidanik era horretan banatu izan dira lanak; lan kontuegatik, orokorrean urrutiago lan egiten dute gizonezkoek eta ordu gehiago ematen dituzte beraien lanpostuetan; biek lan antzerakoa duten kasuetan, ordea, lana eta rolak berdinak izaten dituzte eta parekotasun handia dago.

ONDORIOAK Lanaren hasieran planteatu genituen hipotesietara bueltatuz, ondorio batzuk atera ahal ditugu: emakumezkoen eta gizonezkoen roletan gauza batzuk aldatu diren arren, aldatu ez direnak ere badaude, eta gaur egun etxeko lan edo ardura batzuk generoaren arabera oso bereiztuta daude. Zergatik ote? Hurrengo lanerako, gurasoei pasa-tzeko inkesta bat prestatu beharko genuke!

 Ver documento

Familiako rolen inguruko ikerketa
Volver

Nuestras ikastolas

MECNA 2017

Síguenos en Facebook

Síguenos en Twitter