20/05/2021 | Nafarroa Oinez

OINEZ BASOA, INGURUMENAREN ETA EUSKARAREN BERRESKURAPENA

Oinez Basoa tokian tokiko proiektua da, Nafarroa Oinez festaren antolaketaz arduratzen den ikastolari laguntzera heldu dena. Baina, aldi berean, dimentsio unibertsal eta parte hartzailea du, milaka pertsona eta entitate bere baitan bildu nahi dituena. Horrela, ingurumenaren eta euskararen berreskurapenean lagunduko dugulakoan gaude.

Proiektua 2008an sortu zen, ikastolen jaiak naturan eragiten duen ekologia-inpaktuarekin jabetutakoan, Nafarroa Oinezek baliabide naturalak kontsumitzea, hondakinak sortzea eta berotegi-efektuko gasak isurtzea eragiten baitu. Festaren aztarna ekologikoa gutxi-tzeko asmoz, Oinez Basoa ekimena abian jartzea erabaki zen, hala uste osoz, nola konpromisoz. Festa hartzen duen tokian ingurumenaren kalitatea hobetzeko testigantza egonkorra da Oinez Basoa eta jasangarritasunari lotutako ekimena, zeinak, jai jasangarria eredurantz aurre egin nahi baituen.

Ekimena abian jarri zenetik Arbizun, Tafallan, Tuteran, Zangozan, Baztanen, Andosilla-Sartagudan, Lesakan, Altsasun, Arguedasen eta Barindano-Antzin-Lizarran 10 baso sortu dira. 14 urteetan zehar egin dugun ibilbidearen baitan, 50.000 zuhaitzetik gora landatzea lortu da Nafarroa guztian barna, Nafarroa Oinezek uzten duen elkartasun aztarna eraginez. Sortutako basoak, urtetik urtera, garatzen doaz, aberasten eta gure hezkuntza jarduerari lotutako baliabide pedagogiko bilakatzen. Horren adibide garbia Arbizuko basoan sortutako baltsa, non hegazti migratzaileek eta igelek bizitoki egin duten. Tafallan, NUPren laguntzaz, ikerketa-lan bat gauzatu dute, airearen karbonoaren bahiketa eta Oinez Basoak naturan sortzen dituen onurak aztertzeko.

Lizarra Ikastola Estellerriko eskualdearen ikastola da, eta hortaz, herri askok osatzen dute. Hala izanik, Nafarroa Oinezi lotutako ekimenak Lizarraldera zabaltzea erabaki dugu. Ega ibaiak Lizarra zeharkatzen du iparraldetik hegoaldera, Urederra ibaiaren ur-emaria jaso ostean, aldi berean, Urederrak Uiarra ibaiaren emaria bereganatzen duelarik.

NATURA 2000 SAREA Estellerrian Natura 2.000 sareari lotuta Ega-Urederra ZEC deiturikoa topa dezakegu, Kontserbazio Bereziko Eremua alegia. Espazio Natural hau abiapuntutzat hartuta, beronen Gestio Planak jasotzen dituen helburuak garatzen lagunduko duten esku hartzeak planteatu ditugu aurtengo Oinez Basoari dagokionez, bertako landaretzaren berreskurapenaren aldeko landaketak hain zuzen ere.

Azken hamarkadatan bi ibai hauen ertzetan, beste ibai askotan gertatu bezala, makal-klonen landaketa produktiboak egin dira, bertako landaretzari ibai ertzetako zerrenda estuak utziz eta biodibertsitatea pobretuz. Ezaugarri hauek dituzten bi eremu landuko ditu aurtengo Nafarroa Oinezek, egoerari buelta emateko asmoz.

Batetik Barindano herrian, bertako Kontzejuaren eskutik, azken urteotan makal-klon produktiboen landaketa izan duen partzela batean bertako espezieak hartuko dituen landaketa egingo dugu Uiarra-Urederra ibaien elkartze puntuan. Makal produktiboen ordez bertako makalak, haltzak, hurri-tzak, basaranak, elorriak eta beste landare batzuk landatuko ditugu hektarea pasatxo duen partzela batean, aurretik makal-klon produktiboen ipurdiak atera behar direlarik. Ekologia eta biodibertsitatearen aldetik ekintza esangura-tsua izanen da, ZEC-aren gestio planak ezartzen dituen helburuak lortzen lagunduko baitu.

Bestalde, Antzin herrian, bertako Udalaren eskutik, berriki saldu eta moztuko da makal-klon landaketa bat dugu. Eremuak hartuko duen landaketa berriari dagokionez, zati bat erreserbatuko da hezkuntzari begira. Zati honetan ibai ertzetako landaretzaren garapenean parte hartzen duten landare serial guztien ordezkariak landatuko dira. Gauzak honela, landare guzti hauek baliatuz landaketa eginen da Antzinen eskualde osoko haurrek naturaren ikasketa eta interpretaziorako gune bat izan dezaten.

Azkenik, eskualdearen buru den Lizarrako hirian, Oinez Basoa 2021 ekimena osatuko duen ekintza xume bat garatuko da. Los Llanos parkea hiriaren birika berdea da, hiriaren harribitxi naturala. Saguzarrak dira naturak eskaintzen digun beste harribitxi bat eta ugaztun hauek hartuko ditu oinarri azken esku hartze honek. Horrenbeste mehatxu pairatzen dituzten animalia hauen kontserbazioa bermatzeko, Los Llanos parkean beraientzat diseinatutako habi bereziak jarriko ditugu kokapena ezberdinetan. Halaber, haurren hezkuntzari lotuta baliatuko den ekintza izango da, animalia hauen biologia eta ohituren inguruan ikasteko aukera izango baitute.

 Ver documento


Volver

Nuestras ikastolas

MECNA 2017

Síguenos en Facebook

Síguenos en Twitter