2021/12/30 | Arangoiti Ikastola

Herriak egiten du herria Ikasleak, Errigora kanpainan parte hartzen.

Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da Errigora. Nafarroa hego-ekialdea du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz. Eta bertan kokatzen da Arangoiti Ikastola.

Bi dira Errigorak urtean zehar burutzen dituen kanpainak: udaberrikoa, Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura eta udazkenekoa Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka.

Udaberrian Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra eta kontserba-sortak eska daitezke, auzolanari esker, norbere herrian ekoizlearen jatorrizko prezioan. Udazkenean, berriz, Nafarroa hegoaldeko produktuz osatutako saskiak eskaintzen ditu Errigorak. Hiru izan dira aurten eros zitezkeen saskiak: txuria, beltza eta berdea (ekologikoa).

Salmenta handi hauek ekarpen-ekonomiko garrantzitsua egiten diote euskalgintzari eta hauei esker ekimen desberdinak burutzen dira. Aurten, gure herrian, Irunberrin, astean bi orduz, 2-12 urteko haurrentzako ludoteka euskaraz jarri da martxan Errigorari esker. Bertan herriko haurrek, euskaraz aritzeko espazio berria daukate.

Duela gutxi amaitu da udazkeneko aurtengo kanpaina eta bertan izan dira Arangoiti Ikastolako 5. eta 6. mailako ikasleak auzolan erraldoiari bere ekarpen txikia eginez, Irunberriko ekoizleekin batera Irunberrin bertan elkarlanean. Sekulako esperientzia polita izan da.

Azkenik, Arangoiti Ikastola herrian saldutako saskien banaketaz arduratu da.

Euskalgintzari ekarpen ekonomikoa Saskien bidez lortutako dirua euskara hauspotzeko hainbat egitasmotara bideratuko dute. Bultzatzaileen esanetan, "ezinbesteko" lagun-tza ekonomikoa da AEK-k eta ikastolek bizirauteko nahiz aurrerapausoak emateko. Sortzen elkarteak hezkun-tza sare publikoan D eredua indar-tzen jarrai dezan baliabideak emango ditu. Gainera, Agerraldiak ekin- tza-agenda handiagoa prestatu ahal izan du 2022rako. Horrela, euskara esparru eta espazio guztietara zabaldu nahi dute.

Ba al zenekien aurtengo edizioan 15.500 saski banatu dituela Errigorak eta 235.000€ bideratuko dituela Ager vasconumeko euskalgintzara?

Arangoiti Ikastolan argi daukagu Errigora kanpainak ezinbesteko ekarpena egiten diolaeuskarari eta lekuko merkataritzari. Hauek dira LH 3 zikloko ikasleen iritziak Errigorako auzolanaren inguruan:

Oinatz Balda Armendariz. "Errigorarekin izandako esperientzia polita eta dibertigarria iruditu zitzaidan. Gainera, hor zegoen jendea oso jatorra zen. Errigorari esker gauzak talde lanean egiten direnean azkarrago eta hobeto egiten direla ikasi dut".

Nerea Lareki Blanco. "Nire esperientzia ona eta oso dibertigarria izan zen. Gailetak jan genituela gogoratzen dut eta hara joateak ongi sentiarazi ninduen".

Jare Garcia Echeverria. "Niri esperientzia oso polita iruditu zitzaidan. Lehenengo aldia zen Errigorako kutxak prestatzen laguntzen genuela. Oso jatorrak ziren guztiak. Kutxetan oso janari onak daude. Berriro errepikatzeko!".

Joseba Lareki Sanz. "Gehien gustatu zitzaidana, hasieran paleta produktuz beteta ikustea izan zen eta gero... hutsik!".

Ane De Gracia Carmona. "Nire esperientzia oso polita izan zen. Elkarlanean aritu ginen eta horri esker azkarrago egin genituen lanak. Horrela badakigu nolakoa izango den bizitza, lan egin behar dugula nahi duguna lortzeko, asko saiatu behar garela gure gauzak aurrera eramateko. Eskerrik asko Errigora!".

Ibon Burgui Iriarte.
"Errigorak auzolana zer den irakatsi dit eta gainera beraiek egiten dutena oso polita da, euskarazko proiektuei dirua emanez".

Iraitz Alcalde Perurena. "Errigorako kutxak betetzea gustatu zitzaidan irabazien %25a euskararen alde ematen dutelako. Denbora azkar pasatu zitzaidan oso gustura egon nintzelako".

 Dokumentua ikusi


Itzuli

Gure ikastolak

MECNA 2017

Facebooken jarraitu

Twitterren jarraitu