Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta GOIENER energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatibak lankidetza-hitzarmen berri bat sinatu zuten ekainaren 5ean Ikastolen Elkarteko Iruñeko egoitzan. Bertan, elkarrekiko aurrez hartutako konpromisoa berretsi zuten Nafarroako Ikastolen Elkarteko Josu Reparazek batetik eta GOIENERreko Maria Arretxek eta Asier Gutierrezek bestetik.
2020ean sinatutako lehenengo lankidetza-hitzarmenean, GOIENER Kooperatibak identifikatuak zituen Nafarroako Ikastolen Elkarteak sustatzen dituen balore sozialak, bidaide ezin aproposago bilakatuz kooperatibaren xedeak lortzeko. Nafarroako Ikastolen Elkarteak bere aldetik, aintzat hartu zuen GOIENER bere behar energetikoak molde berri batean jorratzeko. Energia-eraginkortasunean eta aurrezpenean oinarritutako molde berri honek, energia berriztagarriaren kontsumoa eta bere sorkuntza ditu oinarrian.
Hitzarmen berriari esker, GOIENERrek Ikastolen Elkarteko kideei argindar horniduren kontratuak bere beharretara egokitzeko aholkularitza eskeiniko die, baita %100 berriztagarria den hornidura energetikoa ere. Gainera, ikastoletako eraikinetan autokontsumo instalakuntzak ezartzeko dagoen potentzial eta bideragarritasun azterketak jasotzeko aukera izango dute, eta hezkuntza komunitateak energia kontsumoa murrizteko hitzaldi eta tailerrak bere egoitzetan antolatu ahal izango ditu Goienerren laguntzarekin.
Bere aldetik, Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta hau osatzen duten kideek, Goiener aintzat hartuko dute energiaren inguruan antolatzen diren jardueretan, bai banaka nola taldean edo era korporatiboan. Hortaz, Nafarroako Ikastolen Elkarteak ikastolek kontsumitzen duten energia %100 berriztagarria izatea bultzatuko du eta energia hori ekoizteko bideak ere irekitzen lagunduko die.
Hitzarmen berri honi esker, orain arte egindako bidea berretsi nahi izan dute eta etorkizunean urrats berriak emateko konpromisoa azaldu dute bi entitateek, aurrerantzean elkarrekin lankidetzan aritzeko nahia bi erakundeentzako onuragarri suertatuko delakoan.