EUS  |  CAS

2026/06/04 | NIE

JUUL 2026 sari-banaketa ekitaldia, ikastoletako ikasleen irakurzaletasunaren ospakizuna
Nafarroako Ikastolen Elkarteak atzo egin zuen JUUL 2026 sari-banaketa ekitaldia eta idazle zein ilustratzaile bozkatuenek euren aitortza jaso zuten Zizur Nagusiko Kultur Etxean. Ekitaldia Nafarroa Oinez antolatzen ari den ikastolarekin elkarlanean egin zen.

Bertaratutako idazle eta ilustratzaileek harrera beroa jaso zuten eta ekitaldiko argazkian ageri direnak izan ziren, besteak beste, Maite Mutuberria, Leire Bilbao, Nuria Figueras, Unai Elorriaga, Itxaso Martin, Nerea Loiola, Jasone Osoro, Jon Arretxe, Eider Eibar, Joseba Larratxe “Josevisky” eta Julen Ribas. Saridunen presentzia bereziki eskertu zuten antolatzaileek, eta giro hurbil eta parte-hartzailea nagusitu zen.

Ekitaldian sarituez gain, honako hauek ere izan ziren bertan. Besteak beste, Ana Ollo Hualde Nafarroako Gobernuko Bigarren lehendakariordea eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, Irantzu Zabalza Zizur Nagusiko Udalaren ordezkaria, Uxue Barkos Foru-senatari, Jabi Arakama Euskarabideako zuzendari gerentea, Nekane Artola Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakaria eta Nafarroa Oinez jaiaren eta Nafarroako ikastolen ordezkaritza zabala.

Janire Gracia Iñurritak (NIEko arduradun pedagogikoa) aurkeztu zuen ekitaldia eta nabarmendu zuen JUUL ez dela sari-banaketa hutsa, baizik eta ikastoletan irakurzaletasuna sustatzeko urte osoko lanaren aitortza eta ikasleek sortzaileekin duten loturaren ospakizuna. Halaber, JUUL kanpainaren xedea gogoratu zuen: ikasleen artean irakurzaletasuna sustatzea eta, aldi berean, sortzaile aktibo bilaka daitezen bultzatzea.

Eider Sagastibeltza Floresek (Nafarroa Oinez ordezkaria) nabarmendu zuen JUUL kanpainak ikastolen helburuekin bat egiten duela: euskararen transmisioa eta euskaraz bizi, sortu eta mundura zabalik arituko diren gazteak heztea. Horretan, ezinbestekoa da idazle eta ilustratzaileen lana; izan ere, euskal literaturak ikasleen hizkuntza gaitasuna aberastu eta mundu berriak ezagutzera bultzatzen ditu. Horregatik, sortzaileak eta ikastolak, BIDEAN BAT GARA.

Oier Sanjurjo Maték azpimarratu zuen pantailen lilura eta abiadura nagusi diren garaiotan irakurzaletasuna sustatzea erronka estrategikoa dela. Azaldu zuenez, ikastoletan liburuen magian sinesten jarraitzen dute, irudimena pizteko, mundua beste begi batzuekin ikusteko eta norbanakoaren hazkunde pertsonala bultzatzeko tresna direlako.

Josu Reparaz Leizak gogorarazi zuen Nafarroako Ikastolen Elkarteak urtero aitorpen berezia egiten diela ikastoletako ikasleen bozka gehien jasotzen dituzten idazle eta ilustratzaileei. Horren harira, sarituek Celia Eslava artistak JUUL sarietarako berariaz sortutako lanak jaso zituzten, eta Reparazek artelanaren esanahia azaldu zuen.

Ekitaldian San Fermin ikastolako ikasleen laguntza izan zen; izan ere, haiek dira JUUL kanpainaren protagonistak eta saridunei sariak emateaz arduratzen direnak. Ekitaldiari hasiera emateko, Iraia Velascok (kitarra), Miren Jimenezek (kitarra) eta Saioa Labeagak (oboea) Xalbadorren heriotzean kanta interpretatu zuten.

Diskurtsoen ondoren, Anie Aldasoro Aramendiak errezitaldi eder bat eskaini zuen. Amaiera emateko, Zuriñe Larrainzar ikasleak, Hasier Moreno irakaslearen laguntzarekin, saritutako hiru ilustratzaileei sorpresa berezi bat prestatu zien: bakoitzaren estilo artistikoa aztertu ondoren, bakoitzarentzat marrazki bana egin eta oparitu zien.

Aurtengo edizioak berriro erakutsi du JUUL egitasmoaren indarra: 28 urteko ibilbidea, Euskal Herriko 47 ikastolaren parte-hartzea eta milaka ikasleren konpromisoa euskarazko irakurketarekin. Apirilaren 23ko bozketan, 14.817 boto eman ziren euskarazko liburuen kategorian eta 8.251 ilustratzaileen kategorian, ikasleek euren gustuak adierazteaz gain, hauteskunde-prozesu baten logika ere ikasteko aukera izan dezaten.

 Dokumentua ikusi

JUUL 2026 sari-banaketa ekitaldia, ikastoletako ikasleen irakurzaletasunaren ospakizuna
Itzuli

Gure ikastolak