EUS  |  CAS

2026/09/21 | NIE

Nafarroako 15 Ikastolek bat egin dute euskalduntzean jauzia eman eta hezkuntza-eredu propioan sakontzeko
Viana, 2026ko irailaren 21a. Nafarroako 15 ikastoletako lehendakariak eta ordezkariak elkartu dira, gaur, Vianan, hasi berri den ikasturteari begirako hezkuntza-erronkak zehaztu eta elkarlanerako lan-ildoak finkatzeko helburuarekin. Bilera horretan, euskararen eta herri-ekimenetik sortutako hezkuntza-ereduaren aldeko konpromisoa berretsi du Nafarroako Ikastolen komunitateak.

Nafarroa euskaraz josteko sare ezinbestekoa dira Ikastolak. Horregatik, Euskal Herriko ikastolen sare osoarekin elkarlanean, euskalduntze prozesuan jauzi kualitatiboa ematea izanen da aurtengo ardatz nagusietako bat. Horretarako, murgiltze eredua gaur egungo gizarte- eta hizkuntza-errealitatera egokitzeko urratsak sendotuko dira, ikasle bakoitzaren garapen integrala bermatuz. Nafarroako Ikastolen ordezkariek gogorarazi dute gainera badela garaia, zonifikazioa gainditu eta Nafar guztiei hizkuntza eskubide berdinak aitortzearekin batera lurraldearen kohesioan aurrera egiteko.

Arlo pedagogikoan, berrikuntza ez da hizkuntzara soilik mugatuko. Ikasturte honetan, digitalizazio eredu propio, etiko eta arduratsua inplementatzen jarraituko dute Ikastolek. Eredu honen bidez, teknologiaren erabilera pedagogiko kritikoa eta pertsonen zaintzan oinarritutako ingurune digitala sustatuko dira.

“Ez dugu atzerapausorik onartuko”

Topaketan bereziki aipatu da Lodosako Ibaialde Ikastolaren egoera kezkagarria. Hezkuntza Departamentuak iaz hartutako erabakien ondorioz, ikastolaren etorkizuna hari batetik zintzilik dago une honetan. Ikastolek argi utzi dute sare gisa erantzunen zaiola egoera honi: Lodosako komunitateak ez du bide hau bakarrik egingo, Nafarroa osoan euskara sustatzeko bidean Ikastola guztiak ezinbestekoak direlako. Norabide horretan balioan jarri dute Nafarroako 15 Ikastolek iazko ikasturtean sare gisa erakutsitako konpromisoa eta elkartasuna, Ikastola ereduaren bereizgarri moduan kokatuz. Horiek horrela, Ikastolek berriz ere gogorarazi dute ez dutela atzerapausorik onartuko euskararen, Nafarroaren eta hezkuntzaren aldeko bidean.

Azkenik, ikasturteko mugarri nagusietako bat izanen den Nafarroa Oinezerako deia zabaldu nahi izan dute. Aurtengo edizioak elkarlanaren balioa jarriko du erdigunean, bi ikastolaren arteko lankidetza adibide hartuta, aurtengo leloak dioen bezala, bidean bat baikara. Iaz komunitateak erakutsitako erantzun bikaina gogoratuz, aurten ere herri-ekimenetik hezkuntza propio eta euskalduna eraikitzen jarraitzeko gonbidapena luzatu diote gizarte osoari.


Itzuli

Gure ikastolak