Andra Mari Ikastolak mugikorren erabilera arautzea erabaki du, komunitate osoaren koherentzia pedagogikoa eta ikasleen ongizate integrala ardatz nagusitzat hartuta. Irakasle, langile eta familiekin batera prozesu parte-hartzaile sakon bat bideratu ondoren, Ikastola Mugikorrik gabeko arnasgunea izendatu da. Araudi berri honen gako nagusietako bat helduen erabileran ere eragitea da, guztion arteko eredugarritasuna eta koherentzia soziala bilatuz.
Azken urteotan gure jendartean zein gure etxeetan gero eta ageriagoa den kezka nagusi bati erantzun zuzena eman nahi dio Andra Mari Ikastolak: pantailen eta telefono mugikorren erabilerak adingabeen garapen emozional zein digitalean duen eragin zuzenari. Gai honek familiekin zein hezkuntza komunitate osoarekin duen lotura estua ikusita, Ikastolak urrats irmo eta sendoa ematea erabaki du, gailuen erabilera osasuntsu, arduratsu, seguru eta kritikoa bermatuko duen barne-araudi berria onartuz.
Prozesu hau guztia, Andra Mari Ikastolaren berezko izaera propioari jarraituz, hezkuntza komunitate bizi, konprometitu eta parte-hartzaile baten babespean eraiki da. Langile zein gurasoen arteko hausnarketa sakon zein partekatutik jaio da protokolo berri hau, beti ere, gure ikasleen ongizate emozionala zein digitala zaintzea helburu nagusi delarik.
Koherentzia gako: helduok ere eredu
Araudi berri honek dakarren berrikuntzarik azpimarragarriena, inongo zalantzarik gabe, helduon gailuen erabilerari jartzen dion arreta berezia da. Umeei eta gazteei muga osasuntsu eta argiak jartzea guztiz garrantzitsua den neurri berean, helduok egunero ematen dugun adibidea eta eredua ere guztiz funtsezkoak direla uste dugu. Horregatik, araudiak ez du soilik ikasleen gailu elektronikoen erabilera mugatzen; irakasle, langile zein gurasoen mugikorren erabilera ere zorrotz arautzen du Ikastolako eremu osoan, koherentzia pedagogiko zein soziala lortu nahian.
Horrela, langileek ezingo dute telefono mugikorrik erabili ikasgelan, pasabideetan ezta jolastokian ere (baldin eta salbuespen pedagogiko zehatzetan edo ezinbesteko larrialdi egoeretan ez bada). Bide beretik, gurasoei ere eskaera bera egiten zaie: seme-alabak jasotzeko orduan edo Ikastolako barne eremuan daudenean, mugikorren erabilera guztiz alde batera uztea. Izan ere, sarreretan zein pasabideetan kartel argigarriak jarriko dira espazioa “Mugikorrik gabeko arnasgunea” dela uneoro gogoratzeko.
‘Mugikorrik gabeko arnasgunea’ eta komunikazio bideak
Ekimen aitzindari honekin, Andra Mari Ikastolak bat egiten du smartphoneen eta internetdun gailuen erabilera goiztiarra atzeratu eta haurtzaro eta nerabezaro osasuntsuago bat bermatzeko bidean, Euskal Herri mailan martxan jarri den Altxa Burua mugimenduarekin. Modu honetan, Andra Mari arnasgune eta babesleku sendo bilakatu da gure gazteentzat: Ikasleek ezingo dituzte telefono mugikorrak edo smart watchak erabili Ikastola eremuan edo beraren ardurapeko jarduera guztietan (hala nola garraioan, jantokian, irteeretan zein ikasketa-bidaietan).
Halaber, hausnarketa hau Euskal Herriko Ikastolek (EHI) aurkeztu berri duten Marko Teknopedagogiko orokorraren norabide berean kokatzen da, eta barne zein kanpo komunikazio bideak modu egokian argitzeko ere balio izan du. Izan ere, aurrerantzean, Nafarroako Ikastolek adostua duten langileen deskonexio digitalerako protokoloa errespetatzeko eta betetzeko baldintzak nabarmen hobetuko ditu neurri honek.
Gure hezkuntza komunitatearen konpromisoa guztiz irmoa da afera honetan: gure haur eta gazteei ingurune seguru, osasuntsu, babestu eta hurbila eskaintzea, non elkarren arteko harreman zuzenek, euskarak, jolas libreak eta aurrez aurreko komunikazioak berriro ere lehentasun osoa izanen duten