EUS  |  CAS

2026/11/20 | Labiaga Ikastola

OIHALAK, HARIA ETA SAHARAREKIN ELKARTASUNA: JOSTORRATZEZ BRODATUTAKO ANIZTASUNA

“Niri ez zitzaizkidan Nenuco bezalako panpinak gustatzen, ‘perfektuak’ ziren, eta orduan nireak egiten hasi nintzen”. Hitzokin azaltzen du Olga Leibar Mendartek, Labiaga Ikastolako irakasle ohiak, bere proiektuaren jatorria; izan ere, berak sortutako panpinak berriki erakusgai izan dira Beran. Urriaren 31tik azaroaren 8ra arte “Trapuzko panpinak” izeneko erakusketa izan da Labiaga Ikastolako Areto Nagusian. Herritar aunitz –ikasle eta familia ohiak– izan dira hurbildu direnak Olgak berak sortutako panpinak ikustera.

Erran bezala, sorkuntza guziak ikusgai egon dira Labiaga Ikastolako Areto Nagusian. Espazio hau inguruko sortzaileei tokia emateko eratua dago, ikastolako komunitateari nahiz herritarrei irekia. Ekimen honek bizirik segitzen du ikastolako komunitateko kideen auzolanari esker. Aipatzekoa da ikasturte bukaeran ikasleek euren artelanak erakusgai paratzen dituztela, herritarrek ikus ditzaten.

ERRETIRATUA BAI, GELDIRIK EZ
Olga pertsona mugitua izan da betidanik, ttikitatik ezin geldirik egondakoa. Zazpi senideko familia batean jaioa, josten hasi zen amari laguntzeko beharrak bulkatuta; puntua egiten eta josten ikasi zuen haren ondoan. Urteak igaro ahala, hezkuntzaren bidetik ekin zion bere ibilbideari, eta urte luzez Haur Hezkuntzako irakasle izan da Labiaga Ikastolan. Komunitate horretan aztarna sakon eta goxoa utzi du, bere magalean haur ugari hazi baitira.

Erretiratu aitzin, azken ikasle taldearekin ezin izan zuen ikasleei lagundu Haur Hezkuntzako etapa akabatu arte. Lau urteko ikasturtean agurtu behar izan zituen. Agur horren oroigarri gisa, opari berezi bat egitea erabaki zuen: bere eskuekin egindako trapuzko panpinatxo bana prestatu zien ikasleei, bortz urteko gelan hark eskaini ezin zien babesa panpinen bitartez lor zezaten. 

Eskulangintza horri gustua hartuta, erretiroak eskainitako denbora baliatu du azken urteotan panpina gehiago josteko, eta 500 panpinako langa gainditzera ailegatu da. “Panpina aunitz egin ditut, eta hortik dabiltza”, dio irribare batekin.

PANPINA INPERFEKTUAK
Jostailu industriaren eredu komertzial estandarizatuen aitzinean, panpina alternatiboak sortzeko asmoak bulkatuta ekin zion oihalak eraldatzeari. Hortik jaiotako sorkuntza bakoitza bakarra da: arropa, tamaina, gorpuzkera, janzkera nahiz azal-kolore ezberdinekoak dira guziak, aniztasunaren erakusgarri. “Gu bezala, bakarrak gara, denak desberdinak”, gogorarazi die oiartzuarrak erakusketara gerturatu diren herritarrei.

Urtetan haur ttikiekin lan egindakoa izanik, Olgak azpimarratzen du bere panpinek ez dutela botoirik, haurren segurtasuna bermatzeko: “Nik nahi dut haurrek panpinak besarkatzea, eta botoiak arriskutsuak dira”. Haurrek euren kontuak nori konta ez dutenean lagun izatea bilatzen du. Gainera, panpinen formak besarkada errazten du: eskuak zabalik dituzte beti, besarkada bat emateko edota jasotzeko prest.

Erakusketan patroiak egiten ikusi dugu, askotariko trapu eta oihal artean neurtzen eta ebakitzen. Oihalak birziklatutakoak dira, handik eta hemendik jasotakoak eta gordetakoak. Ez dago bi panpina berdin; jostura inperfektu horietan datza lan bakoitzaren arima eta xarma berezia.

SAHARAREKIN ELKARTASUNA
Elkartasuna da proiektu honen bertze zutabe nagusia. Olgaren eskuzabaltasuna ez da ikastolako paretetan gelditu; bere bihotza mundura zabalik egon da beti, bereziki Saharako herriarekin. “El Watan” Sahararen lagunen Oiartzungo elkarteko kide da, eta panpinen salmentatik lortutako dirua Saharako proiektuetara eta haurrak laguntzera bideratuko da. Elkarte honen bidez, interesa duen edonork eros ditzake panpina hauek.

Azken finean, Olgaren panpinak ez dira jostailu hutsak: hariz, ipuinez, aniztasunez eta Saharako ametsez jositako elkartasun-panpinak dira.


Itzuli

Gure ikastolak