EUS  |  CAS

2026/01/30

NIE Saria 2025 Bernardo Atxaga eta Jabier Muguruzarentzat Argazkia/Fotografía: Adolfo Lacunza

Atxagak eta Muguruzak euskal kulturaren azken hamarkadetako ibilbiderik sendoenetako bat partekatu dute, hitza eta musika elkarri lotuz, eta bide hori bera izan da Nafarroako Ikastolen Elkartearen NIE Saria 2025 jasotzera eraman dituena. Bi sortzaile hauen lana ez da obra-zerrenda soil bat; aro oso baten iruditeria kolektiboa eraldatu duen elkarrizketa sortzaile jarraitua da.

Atxaga da, zalantzarik gabe, euskal literaturaren nazioarteko erreferentzia nagusietako bat: bere lanek, eleberriak, ipuinak, poesia eta haur eta gazte literaturako liburuek euskarazko literaturari mundurako leihoa ireki diote, itzulpen ugariren eta sarien bidez. Bere testuek hizkuntza bera mugitu dute, iruditeria berri bat eraikiz eta euskararen unibertsalizazioan funtsezko urratsak eginez. 

Muguruzaren ibilbidea ere bikaina da: kantautore gisa eta talde ezberdinetan egindako lanarekin, euskarazko musika beste eremu estetiko eta emozional batzuetara eraman du, konpromisoa eta intimitatea uztartuz. Euskarazko musikaren ahots berezienetakoa da. Bere akordeoiak, melodiak, hitzak eta sentiberatasunak musikazko paisaia hunkigarri bat sortu dute, hemen eta hemendik at.

Biak ala biak, bakoitza bere bidean, euskararen normalizazioaren eta transmisioaren aldeko eragile sendo bihurtu dira.

Hala ere, NIE Sariarekin ez da bakarrik ibilbide profesional hori aitortzen; bien arteko elkarlan luze eta emankorra jarri da erdigunean. Oier Sanjurjok, Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariak honela laburbildu zuen: “Aro oso bat markatu duen elkarrizketa sortzailea. Emak Bakia talde hartatik hasi, musika-literatura emanaldietatik pasatu, Paradisua eta katuak errezitalditik Harriaren hiztegia diskoraino, Atxagak eta Muguruzak hitza eta musika uztartu dituzte, euskara sentitzeko eta bizitzeko modu berriak eskainiz”.

Elkarlan horren harribitxi nagusietako bat da, zalantzarik gabe, 1992ko Vianako Nafarroa Oinezerako sortu zuten Arraroa noski kanta. Abesti hura ez zen jai baterako soinu-banda hutsa: hizkuntzaren eta kulturaren balioa aldarrikatzeko modu ausarta izan zen, harrotasuna, identitatea eta konpromisoa kantuan jarri zituena. Denborarekin, ereserki bilakatu da eta, gaur egun ere, Nafarroan euskara maite dutenen ahotan eta memorian dirau. Hori dela eta, aitortza honek obra bat saritzeaz gain, komunitate oso baten sentimenduak batu eta indartu zituen une baten sinboloa ere badu gogoan.

Nafarroako Ikastolen Elkartearen iritziz, Atxagaren eta Muguruzaren ibilbidea guztiz lerrokatzen da ikastolen mugimenduak defendatzen dituen balioekin: euskara, sormena, kultura eta hezkuntza. Haien lanek belaunaldi askori zubiak eraiki dizkiete hizkuntzarako maitasunerantz eta kulturarako jakinminerantz, eta, aldi berean, gure kulturaren aniztasuna eta aberastasuna mundu zabalean ezagutarazteko tresna izan dira. Horregatik da NIEren aitorpena, Sanjurjoren beraren hitzetan, “guztiz merezitakoa”.

Ekitaldia bera, atzo, urtarrilaren 29an ospatua, aitortza giro horren isla izan zen. Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakari Oier Sanjurjok eta zuzendari Josu Reparazek eman zieten saria Atxaga eta Muguruzari, eta ordezkaritza instituzional zabala bertaratu zen: Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualde, Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollo, Iruñeko Udaleko hirugarren alkateorde eta Kultura, Jai eta Kirol zinegotzi Maider Beloki, eta Eneka Maiz, Blanca Regulez eta Mikel Asiain foru parlamentariak, eta Euskarabideako zuzendari kudeatzaile Javier Arakama. Haiekin batera, sarituen familia eta lagunak, Ikastolen Mugimenduko ordezkariak eta Euskaltzaindiako ordezkaritza zabala bildu ziren, ekitaldiari komunitate-izaera nabarmena emanez.

Sari banaketa ez zen protokolo hutsean geratu. Sanjurjok berak gidatu zuen saioa, bi sarituen inguruko pasarte eta datuak partekatuz, eta 1992ko Nafarroa Oinezerako sortutako Arraroa noski kantaren bideoklipa berreskuratu eta proiektatu zen, oroimen kolektiboa piztuz. Sarreran, Felix Etxeberriak tronpetaz interpretatutako Arraroa noski bertsioak giroa markatu zuen: emozioz betetako keinu sinbolikoa, Atxaga eta Muguruzari oholtza emateko modua.

Musikak eta dantzak hartu zuten ondoren lekukoa. Paz de Ziganda Ikastolako ikasleen abesbatzak eta Luis Notariok teklatuan, Ainhoa Sarrigurenen gidaritzapean, bi kanta eskaini zituzten: alde batetik, tradizioari loturiko Mendian larrartean; beste aldetik, sarituen obran oinarritutako Amona Mantangorri kanta, Harriaren hiztegia diskorako sortua, eta honetan Irantzu Sarriguren batu zen biolarekin. Horrela, ikastolen eta sarituen arteko lotura ez zen hitzetan geratu: ikasleen ahotsetan jarri zen, belaunaldi berriek Atxaga eta Muguruzaren unibertsoa bere egiten dutela erakutsiz.

Amaieran, Paz de Ziganda Ikastolako Irune Gonzalez dantzaria eta Nagore Oroz txistulariaren ohorezko aurreskuak borobildu zuen ekitaldia, euskal kulturaren adierazpide bereizgarrienetako bat sarituen omenez eskainita. Irudi horrek, literaturaren, musikaren, hezkuntzaren eta tradizioaren arteko uztarketa ikusgarri horrek, ongi laburbildu zuen zergatik aukeratu dituen Nafarroako Ikastolen Elkarteak Atxaga eta Muguruza NIE Sarirako: haien lanak ez direlako bakarrik liburu eta disko bildumak, baizik eta komunitate oso baten bizitza eta iruditeria markatu duen sorkuntza partekatua.

Zorionak Bernardo Atxaga eta Jabier Muguruza!

 Dokumentua ikusi

NIE Saria 2025 Bernardo Atxaga eta Jabier Muguruzarentzat
Itzuli

Gure ikastolak