EUS  |  CAS

2026/03/26 | Ibaialde Ikastola

GAUPASA LITERARIOA IBAIALDE IKASTOLAN: LITERATURA ETA KOMUNITATEA GAU BEREZI BATEAN

Hitzek ez dute beti bide erraza izaten. Badira tokiak non hazteko denbora, arreta eta konpromezu berezia behar duten. Horrelako leku batean, Ibaialde Ikastola eguneroko hautuaren eta borrokaren bidez euskarari eta euskal kulturari lekua ematen dion komunitatea da. Gure ikastola txikia da, baina konpromezu eta bihotz handikoa. Hemen, konpromezua ez da inoiz norabide bakarrekoa, Ikastola osatzen dugun pertsona guztiek hartu eta eman egiten dugu; irakasle, ikasle eta familiak gara zutabe. 

Ikastolako proiektua liburuetatik haratago doa; bizipenetatik eraikitzen da. Baina beti ipar bakar batekin: euskara eta euskal kulturaren transmisio zaindu eta kontzientea egitea. Ikastola murgiltze eredua da eta ez bakarrik hizkuntzaz ari garenean baizik eta zentzu zabalenean ulertuta. Horregatik, Ikastolan argi dugu: hezkuntza, hizkuntza eta kultura uztartu behar dira. Horretarako, ditugun baliabide guztietaz baliatu behar gara eta horietako bat literatura da. Ideia horren eskutik, Ikastoletan JUUL hauteskunde literarioak ospatzen dira. 
Esan genezake, beraz, Ikastoletan, literatura eta irakurzaletasunaren lekukotasuna aspalditik datorrela; aurtengoa 28. JUUL kanpainaren edizioa bai da. Ekimenaren helburuen artean, ikaslegoarengan irakurtzeko grina piztea,  uneko azken argitalpenak ezagutzeko aukera eskaintzea eta literaturarekiko maitasuna hedatzea. 

Ikastolen ekimen propioa den honi, aurten Ibaialde Ikastolan, beste buelta bat eman nahi izan genion eta hortik jaio zen otsailaren 20an ospatutariko Gaupasa Literarioa. Asmoa ez zen jarduera hutsa izatea, hezkuntza, aisia eta literatura hari berean lotzea baizik. Hasieran erokeri hutsa zirudiena, pixkanaka forma hartzen hasi zen. Irakasleak inplikatu ginen familiak ere eta haurrak, zer esanik ez! 

Ostiral hura berezia izan zen. Gure gelak, logela bilakatu ziren, jantokia afaltzeko tokia, koltxonetak ohe eta gure ipuinik gustokoenak, topagune. Eta hala hasi zen guztia, betiko tokian baina espazioak eraldatzen. Arratsalde hartan, ilusioak hartu zuen ikastolako ataria. Motxilak eta lo-zakuak aldean, aurpegietan zeramaten zirrara zen benetan nabarmentzen zena. Irribarreak, urduritasuna eta poztasuna nahastu ziren gure hormen artean. Irakasleok antzezpen txiki batekin eman genien ongietorria; istorio batek ireki zuen gaua eta lehen barreek askatu zuten giroa.

Iluntasuna pixkanaka sartzen zen bitartean, literaturak bere lekua hartu zuen. Antzerki txikiak, irakurketak eta partekatutako istorioak bata bestearen atzetik etorri ziren. Hitzei, testuei eta ipuinei elkarrekin eman genien esanahia; horixe da literaturaren magia. 

Gaua sartzerakoan, beste giro bat nagusitu zen. Koltxonetak zabaldu eta lo-zakuak prestatu genituen. Oheak eginak zeudelarik, bakoitzak bere tokia hartu zuen eta libururik gustokoenak burukoen azpian prest. Une berezia izan zen, irakurketa partekatuak, nagusiak txikiei irakurriz eta norberak ekarritako ipuinak besteei erakutsiz. Pixkanaka, ahotsak apaldu eta denok elkarrekin lo geratu ginen. 

Gauak arrastoa utzia zuen eta ez soilik oroitzapen moduan. Elkarrekin bizitako une horiek sendotasun handiago bat eman diote ikastolako familiari eta komunitatearen indarra biziberritu dute; horrelako ekimen batek  argi  erakusten du zer garen eta bidea nola egin nahi dugun. 

Literatura harremanen topagune izan genuen gau hartan, euskara beti erdigune izanik. Azken finean, euskara erabiltzen denean indartzen da, partekatzen denean hedatzen da eta bizitzen denean errotzen da. Hori izan dugu beti helburu eta horrela egiten du lekua gure eguneroko bizitzan: ikasgelan, jolasean eta elkarrekin sortzen ditugun oroitzapenetan. 

Horregatik, hizkuntzaren eta harekin batera kulturaren eta literaturaren hedapenerako espazio bereziak, ez-ohikoak, magikoak, sortu behar direlaz kontziente gara. Ibaialde Ikastolan horretan ibili gara eta bide beretik jarraituko dugu. 

Eta agian hor dago gakoa. Ikastolan murgiltze eredu batean bizi gara: denbora partekatua, istorio kontatua, barrea eta isiltasuna, denak dira hezkuntza. Denak dira hizkuntza. Denak dira komunitatea. 


Itzuli

Gure ikastolak