Jakina da 0-3 etapa haurraren garapenerako funtsezko aldia dela. Askotan “urrezko aroa” deitzen zaio, urte gutxi horietan garapen fisiko, emozional eta sozial handiak gertatzen direlako. Haurrek mundua deskubritzen dute lehen aldiz: gorputzaren aukerak, hizkuntza, harremanak eta ingurua. Esperimentazioaren, mugimenduaren eta harreman afektiboen bidez, pixkanaka beren nortasuna eraikitzen hasten dira. Horregatik, etapa honetan eskaintzen den hezkuntza-esperientziak eragin handia du haurraren garapen integralean eta etorkizuneko ikaskuntzen oinarrietan.
Testuinguru horretan, Txiokan espazioak eta materialak berriro pentsatzeko bidea abiatu dugu. Haurren erritmoak errespetatuko dituzten espazioak sortzea dugu helburu, esplorazioa, autonomia eta jakin-mina sustatuko dituzten giroak eraikiz. Material irekien bidez eta espazio zainduen bidez, haurrek ikertzeko, mugitzeko, probatzeko eta harremanak eraikitzeko aukera izan dezaten nahi dugu. Haurrek ingurune seguru eta estimulatzaile batean hazteko aukera izatea ezinbestekoa dela uste dugu.
Bestalde, Ikastolen Elkartetik sustatzen ari den Pertsona Eredua ere gure eguneroko jardunean txertatzen ari gara. Eredu horren baitan, bereziki garrantzitsua da barne sendotasuna lantzea, eta uste dugu bide hori 0-3 etapetatik bertatik hasten dela.
Barne sendotasunak hainbat alderdi barne hartzen ditu: barne askatasuna, heldutasun afektiboaren hastapenak, ongizatea eta konfiantzaren garapena. Haurrak seguru eta errespetatu sentitzen direnean, beren burua adierazteko eta mundua esploratzeko oinarri sendoak garatzen dituzte. Harreman afektibo egonkorrek eta giro goxo batek laguntzen dute konfiantza hori eraikitzen.
Horretan, hezitzaileen begiradak garrantzi handia du. Haurra nola ikusten dugun, nola entzuten dugun eta nola laguntzen dugun funtsezkoa da bere autoirudia eraikitzeko prozesuan. Begirada positibo, errespetuzko eta konfiantzazko batek haurrei beren burua modu baikorrean ikusten laguntzen die, eta hortik abiatuta beren gaitasunak garatzeko oinarriak sendotzen dira. Haurra bere erritmoan garatzen dela ulertzea eta prozesu hori laguntzea da gure eguneroko lanaren ardatzetako bat.
Txioka Haur Ikastolan argi dugu 0-3 etapa ez dela soilik zaintza garaia: hezkuntzaren oinarriak ezartzen diren une erabakigarria da. Horregatik, haurraren ongizatea, garapen emozionala eta autonomia erdigunean jartzen dituen hezkuntza-proiektua garatzen jarraitzen dugu, familiekin elkarlanean eta haur bakoitzaren beharrei adi.