InspirA STEM proiektuaren bidez, Jaso Ikastolako DBHko 2. mailako ikasleek zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikak gertutik ezagutuko dituzte, beren interesak piztu eta etorkizuneko aukerak zabaltzeko.
Askotan, hezkuntzan galdera bat egiten diogu geure buruari: nola lagundu diezaiekegu ikasleei beren etorkizuna irudikatzen? Nola erakutsi aukera desberdinak daudela, eta gaur egun urrun edo ezezagun egiten zaizkien arloak bihar beren interesen eta gaitasunen parte izan daitezkeela? Galdera horietatik abiatzen da InspirA STEM proiektua, Jaso Ikastolan DBHko 2. mailako ikasleekin landuko duguna.
STEM siglek zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikak biltzen dituzte. Eguneroko bizitzan etengabe aurkitzen ditugu jakintza horien aplikazioak, baina, batzuetan, ikasleek ez dituzte gertuko aukerekin lotzen. Proiektu honen bidez, mundu hori ezagutarazi nahi diegu, jakin-mina piztu eta etorkizuneko ikasketei eta lanbideei buruzko ikuspegia zabaltzeko.
InspirA STEM Luzia Fundazioak antolatzen du, Nafarroako Gobernuaren finantzaketarekin. Proiektuari zorroztasun zientifikoa emateko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasle eta ikertzaileek parte hartuko dute jardueretan. Lortutako emaitzak aztertuko dituzte, egindako jarduerek ezarritako helburua lortzen lagundu duten egiaztatzeko. Nafarroako lau ikastetxe abiatu gara proiektuarekin. Ikastetxe bakoitzetik 20 ikaslek parte hartuko dute, eta helburu berezietako bat neska nerabeen artean arlo zientifiko eta teknologikoekiko interesa sustatzea da. Izan ere, garrantzitsua da gazte guztiek beren burua arlo horietan irudikatzeko aukera izatea, aurreiritziek edo inguruko erreferente faltak haien aukerak mugatu gabe.
Proiektuaren ezaugarri nagusietako bat ikasleen abiapuntu desberdinak kontuan hartzea da. Horregatik, parte-hartzaileak aukeratzeko ez dira ikasle akademikoki onenak bilatzen; zientzia eta teknologiarekiko interes eta pertzepzio desberdinak dituzten gazteen talde anitza osatu nahi da. Horrela, prozesuan zehar izan dezaketen bilakaera aztertuko da. Ikasle guztiak dira desberdinak, eta aniztasun horrek aukera ematen du bakoitzak bere bidea aurkitzeko.
Proiektuak ikastetxean eginen diren saioak eta enpresetara bisita bat uztartzen ditu. Lehenik, DBHko 2. mailako ikasle guztiek proiektua ezagutuko dute eta galdetegi bat beteko dute, zientzia eta teknologiarekiko duten harremana aztertzeko. Ondoren, aukeratutako 20 ikasleek prestakuntza-saio bat eginen dute, enpresen jardunaldia prestatzeko: Cocuus, Veridas, Das-Nano eta CEIN enpresak bisitatuko dituzte.
Bisitetan, ikasleek profesionalen lana gertutik ezagutzeko aukera izanen dute: zer egiten duten, zer erronkari erantzuten dieten, zer ikasi duten eta nola iritsi diren gaur egun egiten duten lanera. Baina, horrez gain, beren buruari begiratzeko ere balioko die esperientziak. Zer interesatzen zait? Zer gustatuko litzaidake ikastea? Nola lotu ditzaket nire gaitasunak zientziarekin edo teknologiarekin? Horrelako galderak egitea funtsezkoa da etorkizuneko aukerak zabaltzeko.
Ibilbidearen amaieran, parte hartu duten ikasleek bizitakoa eta ikasitakoa ikaskideekin partekatuko dute. Gainera, ikasle guztiek hasierako galdetegia berriro beteko dute, proiektuak haien interesetan, gaitasunen pertzepzioan eta etorkizuneko asmoetan izan dezakeen eragina aztertzeko.
Azken batean, InspirA STEMen helburua ez da ikasle guztiak zientzialari edo ingeniari bihurtzea, baizik eta aukera berriak ezagutzeko ateak irekitzea. Hezkuntzak, gure ustez, ez du soilik ezagutzak transmititu behar; ikasleei beren buruarengan konfiantza izaten, galderak egiten eta oraindik ezagutzen ez dituzten bideak esploratzen lagundu behar die. Batzuetan, etorkizuneko bokazio bat pizteko, nahikoa izaten da norberak inoiz imajinatu ez duen mundu bat gertutik ezagutzea.