Mari Karmen Irungarai Alemanek (Azpilkueta, 1959) Xorroxin Irratia izan du lantoki bizi guzian. Irailaren 3an hartu zuen erretiroa, entzule eta lankideen berotasunaz inguratua.
Baztan Ikastolako 4. eta 5. mailako ikasleok Ikastolarat gonbidatu dugu eta guk ere elkarrizketa egin nahi izan diogu bere ibilbideaz gehiago jakiteko.
1. Nolakoa izan zen Xorroxin irratiaren hasmenta?
Nik Elizondon ezagutu nuen Xorroxin baino Erratzuko gazte talde batek sortu zuen irratia eta Erratzuko eskolan kokatu zuten. Gazte talde bat, irrati bat euskaraz egiten. “Zer egin behar ote dute hauek? Zertarako?” galdegiten zuen jendeak. Kezka eta beldur pittin bat sortu zen herrian. 1981an sortu zen. Eta zuek ezagutzen duzue Beatles-en Ob-La-di Ob-La-da kanta? Ba kantu hori jarri zuten. Eta kanta hori Xorroxinen ikur edo sintonia izan zen.
2. Nolakoa izan zen zure lehendabiziko eguna Xorroxinen?
Lanbide gisa baino fitiago Xorroxinerat joaten nintzen nire kabuz. Igandetan, bestan egunetan, egun berezietan, amaren egunean, San Jose egunean… musika jartzera edo zorion agurren tartea egitera joaten nintzen. Gustora aritzen nintzen. Gero, 30 urterekin hasi nintzen bertan formalki lanean.
3. Beti Elizondon izan du egoitza?
Erran bezala hasmentan Erratzuko eskolan egon zen eta gero Elizondora pasatu ginen. Elizondon 4 leku izan ditu. Hasmentan Fortenea etxean. Gero, Saskaitz plazan eta nik hantxe ezagutu nuen irratia. Gero Elizondoko eskolara pasatu ginen, musika eskolara, hain zuzen. Baina musika eskola handitu eta lekurik ez genuela eta, gero handik gaur gauden lekura joan ginen.
4. Zein izan da zure ametsa?
Ongi joatea irratia. Irratiak gora beherak aunitz izan ditu alde guzietatik. Diru falta izan du. Ekitaldi aunitz egin dira dirua eskatu eta biltzeko. Garai batean kontzertuak egiten ziren eta herriz herri ostatua jartzen zen. Zinea ere jartzen genuen. Hainbat gauza egin ditugu dirua lortzeko. Ez genuen baimenik edo lizentziarik. Erdaraz funtzionatzen zuten irratiei ematen zieten baina euskaldunei ez ziguten ematen, ez guri eta ez bertzeei. Azkenean iritsi zen, eta amets horietako bat lizentzia jasotzea izan zen.
5. Eta zein izan da momenturik politena bizitu duzuna Xorroxinen?
Beharbada azkeneko egoitza, orain gauden egoitzan jarri gineneko momentua. Zeren lan handia izaten da egoitza batetik bertzera pasatzea. Ba tresna guztiak desmontatu, eraman, montatu, argiak, errepikagailua. Ez dira estudioan dauden gauzak bakarrik. Buru-belarri sartu ginenean gure egoitza propioan, eta lehendabiziko emisioa hortik egin genuenean momentu polita izan zen.
6. Zenbat urte eman dituzu Xorroxinen lanean?
Lana, lana, formalki lan-kontratu batekin 35 urte. Baina lehen erran dudan bezala hasieran laguntzen, ostatua jartzen, kontzertu, kantaldiak, zinemaldia antolatzen, diskoak jartzen nire kabuz igual 3 edo 4 urte aitzinetik. Ba, eman dezagun 38 edo 39 urte irratian.
7. Zergatik hautatu zenuen irratiko esatari izatea?
Beharbada hautatu edo eskaini zidaten. Gustukoa dut orduan eta orain ere musika jartzea. Atentzioa edo arreta piztu zidan eta orduan Erratzuko taldeko Xumuxuk eta Igarak eskaini zidaten lana formalki egitea. Langileak behar ziren. Europak eman zuelarik euskara sustatzeko eta laguntzeko dirulaguntza langileak kontratatu ziren. Eskaini zidaten eta baietz erran nuen. Ez zen errexa izan. Ez zen diskoak edo musika jartzea bakarrik. Mikroaren aitzinean solastatu behar nuen. Begira, gainera, AEK-ra joan nintzen euskara hobetzera.
8. Zenbat pertsonekin egon zara lanean Xorroxineko ibilbildean?
Bu…hola talde egonkortua urtetan 8. Gaur egun, 6 eta nirekin 7. Baina irratitik jende aunitz pasatu da. Baina erran behar da Xorroxinek bi egoitza dituela. Lesakan ere badu bere egoitza eta 2 langile daude. Eta denen artean egiten da Xorroxin. Beran ere badu lizentzia baina estudioak Elizondon eta Lesakan daude.
9. Zenbat ordu egiten duzu Xorroxinen lan?
Astelehenetik ortziralera 5 ordu egunero. Baino bueno, ez da bakarrik lana. Xorroxinen aritzeko behar duzu konpromezu bat, behar duzu euskara, euskaltzalea izan behar da, euskara maitatu behar da Xorroxinen aritzeko. Horrek erran nahi du batzutan zure lan orduetatik haratago joan behar dela, prentsaurrekoak direla, arratsaldean estudiora joan beharra...
10. Zein da zure abesti politena?
ETS-ren aukera berriak. Bizitza honek aukera berri pila bat ematen dituelako. Triste ez egoteko, pentsatu bizitza honek aukera berriak badituela.