Azaroak 16an, UDAL-TTIKI ekimenari buruz eta herriko kontuei buruz hitz egiteko asmoz, Ladis Satrustegi Lesakako alkatea etorri zaigu Tantirumairu ikastolara. Haurren parte-hartzeaz, Udal-Ttikiri esker lortutako hobekuntzez eta azken asteetako kalteen aurrean gure herria denon artean babesteko moduaz galdetu diogu. Hona hemen berarekin izandako solasaldia.
Gaur UDAL-TTIKI ekimenari buruz solastatuko gara. Jakin badakigu Udal-Ttiki Lesakako ikastetxeetako LH 4, 5 eta 6koen artean herria hobetzeko topagunea dela. Baina, zergatik erabaki zenuten Udal-Ttiki proiektuarekin hastea?
—Bai, ez da bakarrik herria hobetzeko. Normalean helduek izaten dute aunitz errateko, baina iruditzen zait haurrek eta nerabeek ere baduzuela herritar gisa eskubidea zuen hitza eta iritzia mahai gainean jartzeko. Hori da Udal-Ttikiren funtzio nagusia: zuek zuen adinekoen zein txikiagoen kezka, ideia eta nahiak hartzen dituzue, eta eztabaida bat ematen da horiek nola gauzatu ikusteko. Nire ustez hori oso inportantea da.
Zure ustez, zer da orain arte hobekien funtzionatu duena?
—Nire ustez hobekien funtzionatu duena da baduzuela toki bat modu formal batean zuen artean eztabaidatzeko, solastatzekoko, iritziak zein ideiak bateratzeko eta Udalari zein helduei helarazteko zuen nahia zein den. Oraingoz emaitza polita izaten ari da. Aurten DBH 1eko ikasleak ere parte hartzen ari dira eta Udal-Ttiki osatzen ari gara. Foro horiek herria denen artean egiteko balio dute, zuek ere lagundu behar duzuelako herria egiten.
Eta bidean, zein gauza hobetu edo aldatu behar izan dituzue?
—Gauzak eginez ikasten da. Hasieran ikusten genituen gauza batzuk aldatzen joan gara. Adibidez, orain Maria etortzen da zuekin egotera, eta Mariak jakin nahi du nola egin behar dugun zuen kezka eta nahiak Udalari ailegatzeko. Zuek ideia pila bat izaten dituzue, baina denek ez dute beti balio. Zuek ere hausnarketa hori egin behar duzue, azken pausuan Udalera ailegatzeko. Horretan ari gara hobetzen, batzuetan ideia batzuk bidean gelditzen zirelako.
Guk proposamen eta ideia asko eramaten ditugu bileretara. Zer iruditzen zaizkizue gure proposamenak? Zein proposamen jarri da jada martxan Lesakako kaleetan edo parkeetan?
—Oso interesgarriak iruditzen zaizkit. Badaude batzuk ezin direnak egin; adibidez ur-parke erraldoi bat eskatzen bada, Lesaka herri txikia delako eta ez dagoelako dirurik horrelako gauza handietarako. Baina beste gauza batzuk oso bideragarriak dira. Adibidez: espaloien egoera hobetzea, edo lehengo urtean planteatu zenuten 11 urterekin igerilekuan gurasorik gabe sartzeko aukera izatea (lehen iraila arte itxaron behar izaten zen adin hori betetzeko). Hori Udal-Ttikiren kezkei esker aldatu zen. Horrez gain, jaiei begira kontzertuak gazte zein haurren gustokoak izatea, eta hirigintzan haurren proposamenak txertatzea: pasabide batzuk non egin, adibidez.
Lesaka hobetzeko asmoz elkar-tzen gara hilean behin baina... Azken boladan ikusi dugu herriko leku batzuetan (parkeetan, eserlekuetan, zakarrontzietan...) txikizioak eta kalteak egon direla. Zer sentitu zenuen hori ikustean? Zer pentsatu zenuen?
—Pena eta amorrua sentitzen nuen. Azkenean, Lesakan egiten dugun hori zaintzen saiatzen gara, eta gauza guztiak denon gurasoen eta herritarren diruarekin ordaintzen dira. Zerbait txukuna jarri eta erretzen edo apurtzen dutela ikusteak lana bikoiztea dakar, dirua bi aldiz gastatzea, garbitzaileen lana handitzea... Denok ditugu eskubideak, baina baita betebeharrak ere, eta herria zaintzea denon artean egin beharreko zerbait da.
Horrelako zeozer apurtzen edo kaltetzen denean, nori egiten dio kalte gehien? Zer ondorio ditu herriarentzat?
—Nire ustez kalte egiten digu denoi. Lesakan 2.750 biztanle inguru gara, eta seguraski ez dira 15 pertsona baino gehiago hau egiten dutenak. Gehiengoak errespetatu eta zaintzen du herria, baina nahikoa da pertsona bat gaizki egiten egotea denok sufritzeko. Kalte egiten dio berriz ordaindu behar dugulako, kalte egiten dio inguruan bizi denari (zikinkeria ikustea etxetik ateratzean), eta langileei ere bai, lana bi aldiz egin behar baitute.
Orain, kalte horiek direla eta, herriko eremu asko itxi egin dira, Ikastolako kanpo espazioa barne. Pena handia ematen digu gutxi batzuen erruz herritar guztiok leku horiez gozatu ezin izateak... Zuk zer deritzozu?
—Erabat ados nago, pena handia ematen du. Nik Irain eskolan ikasi nuen eta bertako pistan patinatzen nuen, saskibaloian eta futbolean aritzen ginen. Hori ixten bada, ezin da erabili.
Hori helduen erantzuna izan da. Eta guk, Udal-Ttikiko kide edo LH 6eko ikasle gisa, zer egin dezakegu gure herria gehiago zaintzeko eta denon artean errespetatzeko?
—Zuek zuen adinekoentzat zein txikiagoentzat eredu zarete. Zuek egin dezakezuen gauzik onena eredu ona izatea da: gauzak nola egin behar diren erakutsi, ingurunea nola zaindu eta zer ez den egin behar. Hori da modurik egokiena: ondorengoei eta ingurukoei erakustea eta modu positibo batean sortzea.
Elkarrizketa hau egunkarian argitaratuko dugunez, zein mezu edo deialdi helarazi nahiko zenieke lesakar guztiei gure herria hobeto zaintzeko?
—Ni alkatea naiz orain, baina herria denon artean egiten dugu: garbitzaileak, irakasleak, udal langileak, komertzioak, ostalariak, ikasleak… Inportanteena da noreberak jakitea egiten duen horrek eragina duela herrian. Herria denon artean zaindu behar dugu; eskubideak ditugu, baina betebeharrak ere bai. Herri ttikia gara, eta denok gure alea jartzen badugu, askoz urrunago joanen gara.
Saio honeri amaiera emateko, galdera bat dugu: gure adinakin alkatea izatea amesten zenuen?
—Ez, ez! Nik 31 urte ditut orain. Proposamen gisa aurkezteko galdetu zidatenean baietz esan nuen, baina ez nuen inoiz pentsatu alkate izatea! Ni irakaslea naiz berez, Lehen Hezkuntzan, eta beti pentsatu dut hortaz biziko nintzela. Alkate izatea denbora baterako gauza bat da, gero jende berria sartu behar da ideia eta indar berriekin. Beraz, ez nuen pentsatzen txikitan! Mila esker zuei elkarrizketagatik, oso gustura egon naiz. Agur eta laster arte.