2016/04/30 | Berria

«Lan asko eskatzen du Kivak: erronka zaila da, eta epe luzekoa» PASI KASKINEN. TURKUKO LEHENDAKARIORDEA

Finlandiako Turku Unibertsitateko lehendakariordea da Pasi Kaskinen. Donostian izan da, Ikastolen Elkartearekin Kiva planaren hitzarmena sinatzeko. Pozik dago ikastolek erakutsitako «konpromiso eta seriotasunarekin».

Prebentziorako zein bullying-a jasaten dutenentzako tresna da.
Garrantzitsua da nabarmentzea jazarpen kasuak ezagutzeko balio duela, baina helburua ez dela ustezko erasotzailea bilatzea, edo ez hori soilik. Horren atzean talde handi bat dago, pasiboki bada ere, egoera horiek onartzen dituena. Talde osoan eragitea nahi dugu, denak kontziente izan daitezen gertatzen ari denaz.

Zein rol joka dezake irakasleak?
Garrantzitsuena jazarpen kasuak identifikatzen jakitea da; prestakuntza behar dute horretarako. Maiz, gelatik kanpo gertatzen dira jazarpen kasuak, eta, beraz, erraza da ezkutuan geratzea. Horregatik, lagundu egin behar zaie bullying kasuak identifikatzen gertatu baino lehen. Kivaren tresnek lagunduko diote egoerari aurre egiten kasua ezaguna denean.

Nola antolatu behar da zentroa?
Kiva taldea osatu behar dute, zuzendaritzako kide batekin, orientatzaile batekin eta irakasle taldeko arduradun batekin, eta tutoreekin koordinatuko dira eta lanketa egingo dute. Urtarrilean hasiko diren ikastolek ekainean egingo dute lehenengo diagnosia. Sarean egin daitekeen inkesta bat da, urtero egin beharrekoa. Emaitzak baliagarriak izango dira zentroentzat eta guretzat, mundu osoko bilakaera ikusteko.

Zein da arrakastaren giltza?
Tresna ona da, baina hori ez da nahikoa eraginkorra izan dadin: gelan ez baduzu behar bezala lantzen, emaitzak ez dira onak izango. Gerta daiteke irakasleek behar adina denbora ez eskaintzea, eta ez da alferrak direlako. Plan honek lan asko eskatzen du: erronka zaila da, eta epe luzekoa.

Aholkurik ikastolentzat?
Aurrera egitekotan, konpromisoa har dezatela. Zuzendaritza inplikatzea guztiz beharrezkoa da, plana bideratu eta kontrola dezaten, zentzu onean. Motibatu egin behar du jendea; hala egin ezean, eragina izan dezake, baina ez behar lukeen adinakoa.

Inplikatu behar dute agintariek?
Pauso oso ona litzateke; guk zorte hori izan dugu. Eusko Jaurlaritza, esaterako, gurekin harremanetan jarria da. Baina uste dut ez dela errealista pentsatzea beste nonbait gauzatu duten ideia bat zurea bezala sentitzea eta atxikimendua berehalakoan ematea: politikan, eta esperientziagatik diot, erritmoa mantsoa da.

 Dokumentua ikusi


Itzuli

Gure ikastolak

Facebooken jarraitu

Twitterren jarraitu