Nafarroa Oinez jaialdiko lekukoa gure artean dago jada. Urriaren 21ean, Argiñe Kortak ikastolako zuzendariak eta Maru Eriz lehendakariak jaso zuten Argia ikastolaren izenean Altsasun egin zen jaialdian. Argiñek adierazi digunez, sekulako poza da lekukoa jasotzea, jende askoren konfiantza eta elkartasuna sentitu zituen;baina beste alde batetik, erantzukizun handia ere sentitu zuen. Era berean, gaineratu du, lekukoa hartuz lan egiteko konpromisoa hartzen dugula, eta beste ikastolen antzera, gu ere tamaina honetako jaialdi bat antolatzeko gai garela.
Azkenik, Ikastolako zuzendariak adierazi digu Argia ikastolak 3 aldiz antolatu duela Nafarroa Oinez jaia. Lehenengo aldia 1995ean izan zen, bigarrena 2002an eta azkena, 2013 urtean. Datorren ikasturtean berriro egingo dugu.
LEKUKOAREN NONDIK NORAKOAK
Lekukoa 1997 urtean sortu zuen Joxe Ulibarrena eskultoreak. Tafallako Garces de los Fayos Ikastolak erabili zuen lehenengo aldiz eta Zangozako ikastolari pasa zitzaion, Nafarroa Oinez jaia egiteko haien txanda zela adieraziz. 1997 urtea baino lehen, ez zegoen lekuko fisikorik;lekukoa metafora bat zen. Egilearen arabera, lekukoak elkarkidetza adierazten du.
Lekukoa giza gorputzez osaturiko metro erdiko zutabea da, irudiak zurean zizelkatuta daude. Egurrezko haritz polikromatuz eginda dago. 60cm-ko luzera eta 15cm-ko zabalera dauka. Adin desberdinetako pertsonak ageri dira: beheko aldean, pertsona adinduak ageri dira, erdialdean, gazteak, eta azkenik, goiko aldean, haurrak.
Ulibarrena, lekukoaren egilea, artista eta eskultorea da. Peraltan jaio zen 1924. urtean. Gerra Zibila bizi izan zuen eta asko sufritu zuen bere aita eta 15 urteko lehengusina bat hil zituztelako. Frankoren garaian, diktaduraren kontra zegoenez, Venezuelara joan zen eta bertan 7 urte pasatu zituen. Toki batzuetan egin zituen arte ikasketak, haien artean Parisen. Nafarroara bueltatu zenean, Mariscal Don Pedro Fundazioa sortu zuen, aurrerago Nafarroako Museo Etnografikoaren oinarria jarriko zuen erakundea. Bere lan famatuenak hauek dira: Noaineko Batailaren monumentua, Pirinioko zentauroak, Garinoainko haritza eta askoz obra gehiago.
LEKUKOAREN SEKRETU EZKUTUA
Lekukoa aztertzen aritu eta gero, oso bitxia iruditu zaigu lekukoaren behealdean zizelkatuta dagoen mezua. Benetan deigarria gertatu zaigu. Honako hau dio: “Oar Ulibarrena bai Nabarra Oinez baino ori il balitz itxuliko bear”. Ulibarrenek mezu horretan dio Nafarroa Oinez egunen batean desagertzen bada, lekukoa egileari itzuli beharko zaiola.
LEKUKOA IKASTOLAN ZEHAR
Zuzendariak azaldu digunez, hainbat dinamika burutuko dira lekukoarekin, adibidez, gelaz gela lekukoa pasatzen hasi gara ikastolako ikasleek ezagutu dezaten. Era berean, ikastolako txikienek, lekukoaren historia landuko dute, artelan batzuk ere egingo dituzte. Sare sozialetan ere zabaldu da lekukoa geurean dela. Jadanik martxan hasiak gara 2019ko Nafarroa Oinez jaia prestatzen!