Ikastolako Batzordeak arazo jakin bati irtenbidea emateko sortu zuen ekimen hau: Ehunzangoa. Egunero, ikastolako atean auto pilaketa handia sortzen zen, inguruko bizilagunen trafikoa oztopatuz. Horrez gain, autoen erruz ikasleentzat arrisku gune bihurtua zen ikastolako ataria bera. Arazo hau ez zen berria, gurasoen artean lehendik ere egin izan zirelako deialdiak autoz ikastolako ateraino bertaraino ez etortzea eskatuz eta ahal izanez gero oinez etortzeko.
Beraz, Ehunzangoa ikastolara oinez joateko ekimena da, gurasoekin autoan etorri ordez lagunekin oinez etortzea .
Goizero-goizero hiru Ehunzango ateratzen dira Bera herriko auzo desberdinetatik: Agerratik (horia), Berako plazatik (urdina) eta Altzatetik (gorria) eta nahi duten ikasle eta gurasoek oinez egiten dute Ikastolarainoko bidea.
Ikasleez gain guraso zenbaitek ere laguntzaile bezala egiten dute ibilbidea egunero, haien seme-alabekin eta lagunekin batera, baina taldeko bat gehiago bezala, ez gidari moduan.
Ikasleak protagonista Ikasleak dira Ehunzangoetako protagonista nagusiak. Hiru Ehunzangoetan egunero ikasle desberdin bat izaten da taldeko buru. Ehunzango-buruak agintzen du noiz abiatu behar den, noiz gelditu gibelekoen zain eta noiz bizkorrago joan garaiz ailegatzeko. Inork ezin du ehunzango-burua aitzindu. Honek txarteltxo bat darama soinean eta zaharrenetik gazteenera elkarri ematen diote txanda egunetik egunera. Ttikienek ere aski serio har-tzen dute eginkizun hau eta denei ilusio handia egiten die ehunzango-buru izateak.
Guraso laguntzaileen eginkizuna, aldiz, haurrekin batera ikastolaraino paseo bat ematea da. Ernatu, arropak jantzi, gosaldu eta etxetik ateratzeko presaka ibili ondotik haurrekin eta bertze gurasoekin patxadaz paseotxo bat ematea, ttikienak eskutik helduta edo koxkorragoekin kontu-kontari. Arrisku egoeraren bat dagoenean guraso laguntzaileek segurtasuna ematen diote taldeari, noski, baina ez dira taldeko artzainak.
Ikasleek beraiek ematen diote izaera Ehunzangoari eta hagitz gustora joaten dira lagunartean bidea eginez.
Lehen pausuak: abestia, marrazkia, pegatinak... Joan den apirilaren 23an jarri ziren martxan hiru Ehunzangoak baina aintzinetik ekimen desberdinak landu ziren. Batetik, irakasleekin elkarlanean ikasleei ideia aurkeztu zitzaien: helburuak, logotipoa, pegatinak eta espreski sortutako abestia. Bertzetik ikasle-ohi, guraso eta eta haur hezkuntzako ikasleen arteko kolaborazioa izan zen Ehunzangoaren abestia bera.
Gurasoei, berriz, Ikastolako buletinaren bitartez aurkeztu zitzaien proiektua. Segidan guraso-laguntzaile taldetxo bat sortu zen ekimena dinamizatzeko, hiru auzo desberdinetako ordezkariekin, Ehunzango bakoitzaren ordutegiak eta ibilbideak finkatzeko. Azkenik, logoa duten euritarako pontxo batzuk egin dira ikasleentzat.
Balorazioa Erran behar da esperientziak iraun duen denbora honetan hasierako itxaropen guziak gainditu dituela ekimenak. Hots: