05/06/2022 | Andra Mari Ikastola

Harriak zubi bihurtuz

Batzuetan harro, beste ba-tzuetan konplexuz, Euskal Herria txikia dela aitortzen dugu, inguratzen gaituzten herrialdeetan begirada jartzean hala iruditzen baitzaigu. Hala ere, ezin esan txikia izanagatik euskararen herriak duen aniztasuna urria denik, beste kontu bat da ez ote gaituzten ustezko mugek uste baino gehiago muga-tzen eta ez ote dugun guk geuk are txikiagoa egiten gure herria. Ez ote ditugun ikasleak ere gure hegozentrismo (bai, hatxez) horretan hezten, nahi gabe bada ere, inposatu diguten muga hartan gure harritxoa jarriko bagenu bezala.

Hendaiatik Barkoxeraino zaku berean sartzen ditugun lurrak exotiko egiten zaizkigu idealizatzera iristeraino, ipuin edo kondairetan en-tzundako mendiz bestaldeko lurralde urrunak balira bezala, non hizkera ere batzuetan ulertezina bezain erakargarria den, non dena den borthü, artzain eta kantu. Baina horrek gehiago du imajinaziotik errealitatetik baino.

Ezagutuko ditugu kantuak, ezagutuko herriak, entzunak izango ditugu gutxienez Xaho, Xendarineko ahizpak, Matalaz, Xiberoots, Bereterretxe... agian gai izango gara baita Etxahun Iruriren "Agur Xiberua" abesti zoragarriaren errepika osorik abesteko ere, onenean erdia ulertuz. Hala ere, honek ez gaitu behar bezain beste hurbiltzen, izan ere esan ohi da herri bat ongi ezagu-tzeko herritarrak ezagutzea bezalakorik ez dagoela eta hori da sarritan askori falta zaiguna. Tristeki, Pirinioez bestaldeko euskaldunekin dugun distantzia ezin da soilik kilometrotan neurtu.

Honegatik guztiagatik Aste Santuko oporren aurretik Larzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart kolegiokoekin partekatutako egunak garrantzia berezia hartzen du. Eurak egun batzuk Etxarrin pasako zituztela eta egun horietako bat haiekin pasa ote nahi genuen galdetzeko idatzi zigutenean, ez genuen zalantza izpirik egin. Gauzak horrela, egun hori antolatzen hasi ginen helburu bakarrarekin: elkar ezagutzea.

Eguraldia oso fin ibili ez bazen ere, Etxarriko frontoian elkartu ginen goizean goiz. Nonbaitetik hasi behar eta ezer baino lehen talde txikitan banatu eta elkarren izenak ikasteko jolasetan aritu ginen, eta hortxe nabaritu ahal izan genituen lehenengo harridura zantzuak ikasle batzuen eta besteen aurpegietan inoiz entzun gabeko izenak entzuten hasi zirenean beraiek bezain euskaldun eta gazte zirenen ahoetatik. Behin izenak ikasita, edo ikasi orduko erdiak ahaztuta, jolasekin jarraitu genuen beraien artean konfiantza hartu eta harremana pixkanaka estutzen joan zedin. Halaxe izan zen, lotsak harmailetan utzita gustura aritu ziren elkarrekin, ordura arte ezagutzen ez zuten kideari orkatiletatik heldu eta helmugara ondoko taldea baino lehen iritsi nahian edo elkarri eskuak estutu eta gainontzekoak harrapatzen saiatuz, adibidez.

Frontoia utzi eta, Lehen Hezkun-tzako ikasleek azoka solidarioa antolatu zutela aprobetxatuz, bertara joan ginen, honela gure Ikastolaren eraikin hau ikusteaz gain LHkoen ekimen eder hau ezagutzeko aukera izan zezaten Manex Erdozaintzi Etxart kolegioko ikasle zein irakasleek. Azokan saltzeko prestatu zituzten zenbait produktu probatu eta gure ekarpen txikia egin ondoren atsedenaldi bat egin genuen ikasle baxenafar eta xiberotarrek bazkal zezaten, gure-tzat hamaiketakorako aproposagoa izango litzatekeen orduan. Hortxe bi errealitate ezberdinen arteko beste talka txiki bat. Esan beharra dago tarte hori ikastola bateko zein besteko ikasle batzuk elkarri telefono zenbakiak eskatu eta emateko ere baliatu zutela, pixkanaka harreman horietan sakontzeko interesa erakutsiz eta euren arteko elkarrizketak baliatuz konturatzeko nolabait batzuk besteengandik ez direla hain ezberdinak, guztiek antzeko interesak parteka-tzen dituztela, guztiak gazte eta euskaldun diren neurrian.

Handik herrira itzuliz, DBHko eraikinera sartzeko garaia heldu zen, bertan elkarren artean nahastu, taldeka jarri eta joko moduan Euskal Herriko bi errealitate hauei buruzko haien ezagutzak neurtzeko. 30 galderaz osatutako Kahoot batek bota zien erronka: "Nola deitzen da Larzabale har-tzen duen eskualdea?", "Zein herrik dituzte izen berdinak Nafarroa Garaian eta Baxe Nafarroan?", "Nola deitzen zaie Lakuntzan ihoteetan jendea berotzen aritzen direnei?", "'Azterketak euskaraz' aldarrikapenak zer eskatzen du?", "Zer da 'urai' Etxarri Aranazen?. Halako galderak erantzun behar izan zituzten eran-tzun posibleen artean bakarra aukeratuz, batzuek ziurtasunez eta besteek txiripaz, baina guztiek umore onez.

Goiz polit bat pasa izanaren sentsazioarekin agurtzeko ordua iritsi zen arren, batzuek ordurako jarria zuten arratsalderako hitzordua, goiz hartan sortutako harremanen hariak bertan moztu ordez, hauek luzatzeko asmoz. Jakin dugu gerora ere Herri Urratsen elkartu direla eta jakin ezin den arren nora iritsiko ote diren hariak, datozen urteetan honelako esperientziak errepikatzera bultzako gaitu. Bidasoan jartzen ditugun harritxo horiek harresi edo zubi bihurtu, gure esku ere badagoelako.

 Ver documento


Volver

Nuestras ikastolas

MECNA 2017

Síguenos en Facebook

Síguenos en Twitter