2024/10/03 | San Fermin Ikastola

Bagara, gure nortasuna garatzeko lan ildoa San Fermin Ikastolako ikasle talde bat, lanean.
Joan den ikasturtean DBHko 1. mailan gelaratu genuen San Fermin Ikastolan Gugan_2030 hezkuntza eraldaketa prozesuaren egitasmoa eta, aurtengoan, DBHko 2. mailan ere bide beretik jo dugu. Horretarako, azken urteotan gure marko pedagogikoa berridatzi dugu, gure sustraietatik abiatuta, datozen urteetarako oinarriak indartuz. Marko berri honen ardatza pertsona eredua da eta, iparrarrotza hor izanik, gure ikasleengan ezaugarri batzuk garatzen lagundu nahi dugu eta hauek indartu nahi. Pertsona orekatua, ekintzailea, mundura zabalik dagoena, kooperatiboa eta euskalduna. Hain zuzen ere, azken ezaugarri honi begira landu dugu Bagara izeneko oinarrizko heziketa lerroa.

Azken urteotan, kezka hedatua da Euskal Herriko ikastolen artean, baita D ereduko gainerako eskoletan ere, gure kulturak, hizkuntzak eta identitateak ikasleen artean duen garapen urriarekin. Argi geratu baita euskaraz ikasteak soilik ez duela ez hizkuntzaren erabilerarik, ez euskalduntasun identitaterik bermatzen. Zerbait gehiagoren beharra dugu eta hizkuntzaren ezagutzaz harago, gure kultura erdigunean jartzeko beharra dago. Izan ere, kultura gu gara. Kulturak egiten gaitu. Nortasuna ematen digu. Izaera bat, izan bat eta izen bat. Eta hura gabe zailki izanen ginateke gu, gainerako nortasunekin gertatzen den bezala. Baina, ez diogu aurrez behar adina begiratzen, adibidez, hezkuntza prozesuan izan dezakeen balioa kontuan hartzen badugu. Hori horrela, euskalduntasunetik mundura begiratuko duten eta aldi berean, munduari euskal kultura erakutsiko dioten ikasleak irudikatzen ditugu. Gure gizartearen izaerari eta identitateari buruzko ulermena garatu eta izaki sozial gisa bere nortasuna eraikitzeko bideari ekingo dioten ikasleak.

Osagai hauekin guztiekin Ikaskuntza Esperientzia zenbait diseinatu eta ekoiztu ditugu, aipatu bezala DBHko 1. eta 2. mailan gelaratzeko, baina asmo handiko egitasmoa da, datozen ikasturteetan gainerako mailetara hedatzeko helburua baitugu. Esperientzia hau ikasleak gure kultura ezagutzeko, baloratzeko, ulertzeko eta kokatzeko tartea izanen da. Orokorrenetik hasita, gure musika, dantzak, kirolak, janzkerak, sinesmenak, festak, inauteriak… aztertu eta landuko dituzte, baina ez hori bakarrik. Gure kulturaren mundu ikuskeran ere sakondu nahiko genuke: zer den auzolana eta nondik datorren egiteko modu hori, zergatik deitu izan zaien sorgin emakume batzuei, zer duten berezi gure abereek, zer den ur berriaren tradizioa edota zenbat modu dagoen elurra izendatzeko… Behaketa, ezagutza eta balorazio ariketa hauen garapenarekin batera, ikasleek gure gizartearen izaerari eta identitateari buruzko ulermena garatu eta izaki sozial gisa bere nortasuna eraikitzeko bideari ekitea nahi dugu.

Identitate sozialari begira, norbere ondare kultural eta adierazpen artistikoen ezagutza, identitatea eta pertenentzia sentipena garatzeaz gainera, kultura desberdinetako ohitura eta erreferenteen ezagutza ere bultzatu nahi dugu, horren gainean ditugun aurreiritzi eta jarrera baztertzaileak identifikatzeko eta aniztasunarekiko errespetua indartzeko. Eta, oro har, egoera edo gai etiko eta sozialen analisi kritikoa, eztabaida eta elkarrizketaren bitartez iritzi kritikoa garatzeko egitasmoa bultzatu dugu.

Halaber, ikaskuntza esperientzia hauen bitartez, ikasleek elkarrekintzan aritzeko trebeziak barnera ditzaten lan egiten ari gara, besteak beste, gizarteko eguneroko gaien gaineko iritzi propioa eraiki dezaten eta analisi kritikorako estrategiak erabiltzen ikas dezaten. Horrekin batera, gai hauen inguruko galdera esanguratsuak egiten ikasteko, ikerketa gaiak identifikatzeko eta pentsamendu dibergentean sakontzeko lanean ari gara. Azken finean, Ikasleak garapen jasangarriarekin eta mundu mailako herritarra izatea lortzearekin konprometitzea nahi dugu, jarrera demokratikoak garatuz eta aniztasuna errespetatuz.

Aurreko ikasturtean abiatutako ibilbideak beraz, bere jarraipena izango du gai honetan aurten ere, San Fermin Ikastolan burutzen ari garen Gero bat GUGAN_2030 Hezkuntza Eraldaketa prozesuan aurrera eginez.

 Dokumentua ikusi


Itzuli

Gure ikastolak

Facebooken jarraitu

Twitterren jarraitu