1970ko hamarkadaren hasiera barna, beratar gazte talde bat euskararen egoerarekin kezkatuta zebilen. Herrian gaztelera bertzerik ez zen aditzen. Zerbait egiteko beharra ikusi zuten eta horrela sortu zen Labiaga Ikastola. Herrian euskara berpiztuko zuen ikastola, hezkuntza eredu berritzaile eta metodologia hezigarri, euskaldun eta propioa izanen zuena.
Talde honek hasieratik garbi izan zuen euskaraz ikastea posiblea ez ezik onuragarria ere bazela eta hainbat saiakera eta gero, 1974. urtean ireki zituen ateak Labiaga Ikastolak. Bidean aurkitu ziren oztopo guztien gainetik aitzinera egitea lortu zen eta oraindik ere, lanean jarraintzen du pedagogia berritzaile eta euskaldun bat eskainiz. “Bide osoan, Bidasoan, gotti gotti, izokiak bezala, gotti! gotti!”.
Labiaga Ikastolak 50 urte bete berri dituen honetan, guregana ekarri nahi izan ditugu, lehenbiziko belaunaldiko ikaslea den eta Ikastolako sukaldari den Idoia Jorajuria Telletxea, eta gaur egungo ikaslea den Urko Agirre Jorajuria, bere semea.
Idoia, orain dela 50 urte, nolakoa zen ikastola? Geroztik, aunitz aldatu da? Zertan?
(I)–Hasiera batean, Herriko Etxeko gela txiki eta zahar bat zen. Materiala etxetik ekarritakoa zen. Alfonbra gorri bat genuen eta gauza guztiak lurrean egiten genituen. 3 urterekin hasi ginen eta talde bakarra ginenez, gela bakarrarekin moldatzen ginen.
Hasieran zailtasunik izan al zenuten? Erraztasunik? Harrera nolakoa izan zen?
(I)–Bai, zailtasunak izan genituen baina euskaraz ikastea lortu genuen. Borroka horren ondorioz, herritarrei euskaraz ikasteko aukera eman genien.
Aunitz kostatu zitzaizuen lehen irakaslea aurkitzea? Nor izan zen lehen irakaslea?
(U)–3 urteko haur bat nintzenez, ez dut irakaslea bilatzearen prozesua oroitzen. Hala ere, suposatzen dut zaila izanen zela. Lehenengo irakasleak Pili izena zuen eta 17 urte zituen. Niretzat Pili hagitz garrantzitsua izan zen eta bere gitarrarekin kantatzen egoten ginen momentuez oroitzen naiz.
Nolakoak dira ikastolako zure lehen oroitzapenak?
(U)–Lehen aipatutako ezaugarriez gain, ikastola nire bigarren etxe bezala sentitzen nuen, bertan jostatu, kantatu eta euskaraz solastatzen ginelako (etxean bezala).
Zer da zuretzat euskara? Zein da euskararen egoera? Eta, hastapenetan?
(U)–Nire hizkuntza da. Euskaraz solastatzen naiz eta euskaraz bizi nahi dut. Garai hartan, euskaraz mintzatzen ginen eta guneak ikastola eta gure etxeak ziren. Gaztelera kanpoan ikasi nuen. Gaur egun euskarak duen egoera hobea da. Hala ere, egoera ez da perfektua, kanpoan gaztelera dezente aditzen baita.
Urko, zure ustez ikastolako egoera nola dago orain?
(U)–Orain ikastolaren egoera ona da. Gaur egun, baliabide eta erraztasun aunitz ditugu. Nire hastapenetatik hona, gelen egitura aldatu da. Haur Hezkuntzako gelak, adibidez, bateratu dira zirkulazio libreari bidea emateko helburuarekin.
Nola sentitzen zara zure amak ikastolako gauzak erraten dizkizunean?
(U)–Hagitz harro sentitzen naiz, nire ama ikastolako lehenengo belaunaldiko ikaslea izan zelako.
Lehenengo belaunaldiko ikasleetako bat izatea gustatuko litzaizuke?
(U)–Ez, gaur egun ikastolaren egoera hobea delako. Euskarari dagokionez, gaur egun ere egoera hobea da eta lasaitasun osoz erabiltzen ahal dugu.
Nolakoak dira ikastolako lehen oroitzapenak?
(U)–Nire lehenengo oroitzapenak hauek dira: nire urtebetetze egunean bizkotxo bat eraman nuen. Eta, patioko garaia esperatzen nuen nire arreba ikusi ahal izateko.
Zer da zuretzat euskara? Zein da euskararen egoera gaur egun?
(I)–Niretzat euskara dena da, nire bizitza. Gaur egun, euskararen egoera ona da, ikastolan, adibidez, euskaraz bizitzeko eta hezteko aukera dago eta hori hagitz pozgarria da.