2025/10/23 | Lizarra Ikastola

Mugimendua da lehen hizkuntza

Lizarra Ikastolako Haur Eskolak 0-3 urte bitarteko haurren garapenari begiratzeko ikuspegi berezia du. Bertan, hezkuntza ez da zaintza eta proposamen hezitzaile hutsa; haurraren garapen motriz, emozional eta soziala ulertzeko eta laguntzeko prozesu osoa da.

Ikastolako lanaren oinarrian mugimendua dago. Haurrek beren gorputzaren bidez ikasten dutela eta mundua esperimentatzen dutela sinetsita, mugimendu askea bermatzen dute, baina hortik harago ere badoaz. Helburuak garapen motrizaren etapa guztiak —bolteoa, arrastrea, katuka ibiltzea, zutik jartzea, ibiltzea— modu egokian gauzatzea eta haur bakoitzaren erritmoa errespetatzea dira. Horrela antzematen dira behar bereziak edo zailtasunak, eta hala behar denean, familiekin eta espezialistekin elkarlanean jarduten dute.

Haur Eskolako profesionalek BRMT (Blomberg Rhythmic Movement Training) formakuntza jaso dute, eta horri esker haur bakoitzaren gorputzak transmititzen duen informazioa entzuten eta interpretatzen ikasi dute. Masajeak, mugimenduak edo estrategia bateratuak erabiltzen dituzte beldurrak, loa edo integratu gabeko erreflexuak lantzeko. Izan ere, erreflexu horiek behar bezala integratuta ez badaude, mugimenduaren koordinazioan arazoak sor daitezke, eta horrek eragin zuzena izan dezake ondorengo ikaskuntzetan.

Adituen arabera, garapen motriza egokia izateak garuneko hemisferioen arteko lotura azkartzen eta sendotzen laguntzen du, eta horrek ikaskuntza-prozesuak errazten ditu. Horrela, hizkuntzaren, pentsamendu abstraktuaren eta arreta gaitasunen garapenerako oinarri sendoa jartzen da.

Lizarra Ikastolako Haur Eskolak, gainera, etaparteko koherentzia osoa bermatzen du. Haur Hezkuntzako lehen zikloa ez da isolatutako gune bat, baizik eta ikastolaren ibilbide osoaren parte integratua: Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, Lehen Hezkuntzan eta DBHn garatzen diren gaitasunen oinarriak hemen jartzen dira. Garapen motrizaren, emozionalaren eta sozialaren arteko loturak funtsezko papera du geroago ere, eta horregatik, Haur Eskolako lanak jarraipena eta zentzua du etapaz etapa.

Horrez gain, Orientazio departamentuak jarraipen estua egiten die ikasleei hasieratik. Bere eginkizuna ez da soilik garapen egokia bermatzea; beharrezkoa denean, beste profesional batzuen laguntza gomendatzea ere bada: fisioterapeutak, osteopatak edo bestelako adituekin lankidetza bideratuz. Azken finean haur bakoitzaren garapena bere osotasunean ulertzen dute eta, behar denean, garaiz eskaintzen dute laguntza zehatza.

Espazio eguneratuak garapen integrala sustatzeko

Azken hilabeteetan berritu diren espazio berriek ikuspegi hori indartu dute. Lehen psikomotrizitate gunea gela isolatua zen eta puntualki erabiltzen zen; orain, berriz, eguneroko bizitzaren parte da.  Mugimendurako eta esploraziorako aukera etengabea dago, material eta erronka desberdinen bidez. Ez da jarduera bereizi bat, baizik eta ikaskuntza bera: jolasa garapena da, eta haurrek beren erritmoan mugitzeko eta oreka bilatzeko askatasuna dute.

Haur Eskolako hezitzaileen esanetan, ikuspegi honek garapen soziala ere sustatzen du. Adin tarte honetan haurrek oraindik ez dute adiskidetasunaren ideia barneratua, baina beste haur baten presentziaz jabetzen hasten dira. Jolasaren bidez haurrek partekatzen, itxaroten eta errespetatzen ikasten dute; ekintza horiek goiz lantzea funtsezkoa da, gero berdinen arteko harreman sendoak eraikitzen jakiteko. Helduak dira oraindik erreferenteak, baina pixkanaka, beste haurra beraien ispilu bihurtzen da.

Haur Eskolak, beraz, espazio berrien eta ikuspegi integralaren bidez, hazteko bide osasuntsu eta zoriontsua eskaintzen die haur txikienei. Mugimenduari, emozioei eta erritmoari entzunez, garapen osoa eta orekatsua bermatzen du, errespetuz eta maitasunez.

Mugimendua da lehen hizkuntza
Itzuli

Gure ikastolak