EUS  |  CAS

19/02/2026 | Baztan Ikastola

Juanjo Atxa Mindegia: Beti­da­nik maite izan dut pilota, txi­ki­tan orduak pasat­zen geni­tuen fron­toian
ELIZONDO- Juanjo Atxa Mindegia Almandozen jaioa da, baina Itziar Aranburu Zigandarekin ezkondu ondotik Elizondon bizitzera etorri zen. Erretiratu arte Baztan Ikastolako irakasle izan zen Juanjo, irakaskuntza eta pilotarekiko zaletasuna uztartuz.

2025eko uztailaren 26an Elizondoko bestetako larunbatean, pilota partiden ondotik. Juanio Atxak espero ez zuen omenaldia jaso zuen. Ekitaldi horretan jakinarazi zuten orain arte Baztan pilotalekua izenez ezagutzen zenak hemendik aitzina Juanjo Atxa Mindegia pilotalekua izena hartuko zuela.

Berarekin soldaduska egin zuten Sevillako lagunak etorri zitzaizkion, haiek bai baitzekiten omenaldiarena eta bere inguruko gehienak konpintxatuta zeuden. Bezperako afarian norbaitek “el homenajeau” erran zionean, susmoa hartu zuen. Eta txantxetan, biharamunean, bazkarian zerbait gaizki jan zuela eta tripako inarekin zegoela erran zien Txaruta elkartekoei; horregatik ezin izan zela frontoira joan partida ikustera. Haiek, berriz, patxaran bat hartzeko erran zioten, eta berehala sendatuko zela.

Ekitaldia emozioz beterikoa izan zen, bai ikusleentzat bai Juanjorentzat. Ordutik aurrera, Elizondoko pilotalekuak haren izena darama, Baztango pilotaren alde egindako lan eskergaren aitortza gisa.

Noiz hasi zinen pilotan jostetan? Zergatik pilotan?
- Txikitatik Almandozeko frontoian orduak eta orduak pasatzen genituen pilotan jostetan lagunekin. Betidanik maite izan du pilota, agian bertzerik ez genuelako ezagutzen, bertako kirola zelako eta gustura aritzen ginelako. Hala ere, pilota aunitz maite arren partidetan aunitz sufritzen nuen eskuetatik. Garai hartan ez genuen takorik ibiltzen, eta pilotak oraingoak baino aise gogorragoak ziren. Ez nituen partidu luzeak aguantatzen: tanto luzeak jokatu beharrean, dejada, bi paretak, mozketak… egiten nituen, tantoa lortu ala ez, helburua tantoa fite bukatzea baitzen.

Nola sentitzen zinen partida baten aitzinetik?
- Ni beti kontent! Lehenago ez zen gaur egun bezala. Orain, zuen adineko pilotariek urtean 30-40 parti do jokatzen dituzue, txapelketa ezberdinetan parte hartzeko aukera duzue. Lehen, berriz, urtean 4-5 partidu bakarrik aritzen ginen. Ez zeuden gaur egungo txapelketak bezainbertze. eta arras kontent jar tzen ginen edozein aukeraren aitzinean.

Zein zen zure gustuko pilotaria?
- Gaur egun arras pilotari onak daude, baina lehenagokoetatik aukeratu behar badut, Retegiak aipatu behar ditut. Anekdota gisa, Almandozeko besta batzuetan haren kontra aritu nintzela erranen dizuet: galdu arren, partida polita izan zen, eta arras gustura gelditu nintzen.

Zu pilotan aritzen zinenean frontoiak betetzen ziren?
- Keba! Jende guti hurbiltzen zen gure partidak ikustera. Baina oroitzapen arras polita dut. Herri Arteko txapelketan, gehien gustatzen zitzaidan herria Goizueta zen, frontoia beteta egoten zelako. Batzuentzat presio handia zen, baina ni gustura aritzen nintzen.
Anekdota gisa: gela honetako baten aitak, bere garaian pilotari arras trebea izan zena, Baztanen goizuetarren kontra aise irabazi zuten pilota partidua. Goizuetara joan zirenean, ordea, hango jendetzarekin izitu, arras nerbiostu, eta han galdu egin zuten. Ez jendearen jarrera txarragatik, giroa ohikoa ez zelako baizik, pilotazale amorratuak ziren eta herrikoak inon ez bezala animatzen baitzituzten.

Zaila da entrenatzaile izatea?
-Ez. Normalean haurrak gogotsu etortzen dira, ikasi nahi dute, eta polita da bide horretan laguntzea. Enpeñoa jartzen badute, gustura aritzen zara. Hala ere, denak ez dira berdinak: badira jeinu txarrekoak, baldarragoak direnak. Herri arteko finaletarako pilotariak aukeratzerakoan, momentu horretan guretzat sasoian daudenak hautatzen ditugu, eta aukeretatik kanpo gelditzen direnak batzuetan ez dira ados egoten baina, finalak bakarrik bi pilotarik jokatzen dute. Iruñera ikastera joan nintzenean, Gorputz Heziketako irakasleak, pilotazalea nintzela jakinda, bertako gaztetxoen entrenatzaile jarri ninduen. Nafarroako txapelketa irabazi genuen, ondoren Euskal Herrikoa jokatu, eta bigarren gelditu ginen. Azkenean, Espainiako txapelketara joan ginen, Benalmadenaraino. Finalera iritsi ginen bagenekien noren kontra aritu beharko genuen: euskaldunen kontra, doike! Eta partidua hasi bezain pronto galdu behar genuela pentsatu genuen, baina euria hasi, eta bertako frontoia estali gabe zegoen. Hautatutako pilotagatik finala irabazi genuen, ustekabean baina irabazi! Alimaleko trofeoa ekarri genuen Iruñera. Gainera, erloju onak ere oparitu zizkiguten. Esperientzia ederra izan zen.

Pilotan zenbat modalitate daude?
- Aunitz: eskuz frontoian eta trinketean; palaz, berriz, hainbertze modalitate daude: pala-goma, pala-corta, paleta-cuero, zesta punta, erremontea. Badira bertze batzuk ere, xarea adibidez, jende gutik jokatzen duena; eta laxoa, ia Baztanen bakarrik. Eta seguru atzendu dutela bat baino gehiago.

Nesken inguruko anekdotarik?
- Duela 200 urte, edo gutixeago, neskek jadanik pilotan jokatzen zuten: raketistak deitzen zitzaien eta oso famatuak ziren, eta diru aunitz irabazten zuten. Adibidez, bazen bat bere garaiko futbolista batekin ezkondua zena, eta bere senarrak baino gehiago irabazten zuena. Baina gaizki ikusia zen emaztekiek pilotan aritzea, eta familiek gezurra erraten zuten: beren alabak Madrilen zeudela erraten zuten, etxe batean lanean, adibidez. Garai hartan frontoiak baziren munduko toki aunitzetan, hemendik kanpo ere: Amerikan, Filipinetan eta haiek alde guzietara bidaiatzen zuten. Partiduak ez ziren gaur egungoak bezalakoak: 7- 8 raketista elkarrekin aritzen ziren, puntua jokatzen zuten, eta publikoak apustuak egiten zituen jokalariak zein hurrenkeratan geldituko ziren asmatuz. Kiniela irabazten zuenak dirua eramaten zuen, bainan denborarekin apustuak debekatu zituzten, eta pixkanaka parti- du haiek indarra galtzen joan ziren, azkenean desagertu arte.


Volver

Nuestras ikastolas