EUS  |  CAS

09/10/2026 | Paz de Ziganda Ikastola

Paz de Ziganda Ikastola: jasangarritasuna, elkartasuna eta burujabetza mahaigainean jarrita

Hezkuntza ez da gelako lau hormen artean mugatzen den zerbait; gizartea eraldatzeko, komunitatea eraikitzeko eta etorkizuneko herritar kritiko zein konprometituak hezteko tresna boteretsuena da. Paz de Ziganda Ikastolan argi dugu printzipio hori, eta horregatik bultzatzen dugu HEZI eta BIZI gure leloa, ikasgelan ikasten dena eguneroko bizitzako ekintza zehatzetan gorpuztu dadin.

Bide horretan, azken urteotan eraldaketa pedagogiko eta sozial sakona bultzatzen ari gara hainbat eremutatik. Trantsizio ekologikoa, bidezko elikadura eta komunitate-elkarlana ez dira guretzat hitz hutsak: eguneroko hezkuntza-praktikan txertatutako proiektu biziak dira, eta horren adibide nagusia gure jantoki eredua eta honen inguruan eraiki dugun ekosistema ekosoziala dira.

Jantokia: elikadura osasuntsutik haratago doan hezkuntza-espazioa

Atarrabiako gure Ikastolan, jantokia ez da soilik elikatzeko leku bat; proiektu pedagogiko oso baten bihotza da. Tokiko produktuak, garaian garaikoak eta kalitatezko osagaiak lehenesten dituen sukalde-eredu baten alde egiten dugu, Harvard plater osasuntsuaren irizpideak jarraituz eta umeen elikadura-ohitura egokiak sustatuz. Baina zer gertatzen da jantokiko mahaitik haratago? Hor sartzen da gure ikasleen eta komunitatearen kontzientziazioa.

Hezkuntza-ikuspegi honi esker, Ikastolak "Despentsa Globala" egitasmoa garatu du Haur Hezkuntzan, Herritartasun Globalerako Hezkuntza Eraldatzailearen (ETG) esparruan. Egitasmo honen bidez, ikasleek eta irakasleek gure kontsumo-erabakiek munduko elikadura-eskubidean duten eraginaz hausnartu dute. Maleta Bidaiariaren bidez, 2030 Agendako Garapen Jasangarriaren Helburuak (GJH) modu ludiko eta esperientzialean landu dituzte adin txikietatik, ipuin, jolas eta dinamika aktiboen bidez. Gainera, ikasleek sortutako errezeta bilduma kolektiboak tokiko elikadura eta bidezko merkataritza lotzen ditu, familien eta komunitate osoaren parte-hartzea sustatuz.

Elkartasuna eta zirkulartasuna: "Sabor Social" ekimena

Elikadurarekiko eta jasangarritasunerekiko dugun konpromisoak beste urrats bat eman du ikasturte honetan "Sabor Social" proiektu aitzindarian parte hartuz. Nafarroako Elikagaien Bankuak (BAN) gidatutako ekimen honekin bat egin dugu jantoki kolektiboetako elikagai-soberakinen xahutzea saihesteko.

Proiektu honen bidez, sukaldean soberan geratzen den janari osasuntsu eta prestatua egoera zaurgarrian dauden pertsonengana iristen dela bermatzen da, elikagaien segurtasun, higiene eta trazabilitate protokolo zorrotzak jarraituz. Modu honetan, gure jantokia ez da soilik gure ikasleen topagune: gizarte-kohesiorako, elkartasunerako eta ekonomia zirkularrerako motorra ere bada. Ikasleek begiz ikusten dute janaria ez dela botatzen, zaintzen eta partekatzen dela baizik.

Eta geletan, hainbat txokotan eta jarduera labur, manipulatibo eta kooperatiben bidez, haur hezkuntzako ikasleek murrizten, berrerabiltzen, birziklatzen eta berreskuratzen ikasten dute.

Elikagaiak alferrik galtzeak ingurumenean, gizartean eta ekonomian dituen ondorioak ulertzeko eta janaria botatzea nola saihets dezakegun ikasteko prestatzen ditugu Lehen Hezkuntzako ikasleak.

Burujabetza energetikoa eta ingurumen-zaintza

Jasangarritasunaren zirkulua ez litzateke osoa izanen energiaren eremua landuko ez bagenu. Ikastolak komunitatearekin duen aliantzan beste mugarri bat jarri du martxan dugun Komunitate Energetikoarekin. Eguzki-plaken eta autokontsumo partekatuaren bidez, trantsizio energetiko garbiaren aldeko apustu sendoa egin dugu, gure karbono-aztarna gutxituz eta ikastolako eraikina eredu ekologiko bihurtuz.

Familiak, ikasleek eta langileen artean, Ikastolako Energia plana familiak, ikasleak eta langileen artean diseinatu eta garatzen dugu. 

Horrela, elikadura, gizarte-elkartasuna eta energia berriztagarriak puntu berean topatzen dira: gure hezkuntza-komunitatearen eta Nafarroako gizartearen zerbitzura.

Etorkizuna Gaurdanik ereiten

Paz de Ziganda Ikastolan uste dugu gaur egiteko moduek zehazten dutela biharko gizartea. Jantokian elikadura osasuntsua sustatuz, Despentsa Globalarekin munduari begira kontsumitzen irakatsiz, Sabor Socialen bidez soberakinei bizitza eta duintasuna emanez eta Komunitate Energetikoarekin ingurumena zaintzera bideratutako energia sortuz, komunitate-eredu integrala eraikitzen ari gara.
Proiektu hauek guztiek gure ikasleei gauzak beste modu batera egin daitezkeela irakasten diete. Tokitik eta komunitatetik abiatuta, mundu bidezkoago, jasangarriago eta solidarioago bat eraikitzea posible dela. Horixe baita gure benetako misioa: biharko herritarrak gaurdanik HEZI eta BIZI.


Volver

Nuestras ikastolas