EUS  |  CAS

05/11/2026 | Iñigo Aritza Ikastola

Gau Beltza. Gure erroak iluntasunean argitzeko

Halloween-aren eraginari euskal kulturatik erantzuteko hasi ginen Iñigo Aritza ikastolan Gau Beltza lantzen. Altsasun errotutako herri-ekimen honek euskara, bertako ohiturak eta belaunaldiz belaunaldiko ondarea uztartzen ditu, urriaren 31ko gaua gure kulturari begiratzeko eta komunitatea batzeko aukera bihurtuta.

Iluntasunak, beldurrak eta heriotzak badute berezko erakargarritasuna. Baina Gau Beltza ospatzea ez da sustoak hartzea eta mozorroak janztea bakarrik: gure iraganeko ohiturak ezagutzeko, nagusien oroitzapenak berreskuratzeko eta ondare hori belaunaldi berriei euskaratik eta euskaraz transmititzeko aukera ere bada. Hori da gure ekimenaren atzean dagoen asmoa.

Halloween-aren uholdeari, gure kulturatik erantzunez
Pandemia osteko urtean hasi ginen Iñigo Aritza ikastolan Gau Beltza lantzen. Halloween-en uholde handia sumatzen genuen, bai hizkuntzan —«Truco o trato» esamoldea erabat zabalduta zegoen—, bai iruditerian, janzkeran eta apaingarrietan. Globalizazioak ekarritako eredu horren aurrean, bertako ohiturak berreskuratzeko unitate didaktikoak lantzen hasi ginen.

Ez genuen Halloween-ari aurre egiteko ospakizun bat hutsetik asmatu nahi. Euskal Herrian ere antzeko errituak egiten ziren, nahiz eta izen eta forma desberdinak izan. Horregatik, kanpotik zetorren ospakizunaren espazioa euskaraz eta bertako kulturaz betetzea erabaki genuen. Galtzeko arriskuan zeuden ohiturak berreskuratu eta gaur egungo errealitatera ekarri nahi genituen ikasleei egun horren erakargarritasuna euskaraz bizitzeko aukera emanez.

Kalabaza erraldoi batetik, geure komunitateko auzolanera
2021ean eman genuen lehen urratsa Altsasun. Guraso talde batek kalabaza erraldoi bat sortu, etxeko trapu zaharrekin jantzi eta herriko kioskoan jarri zuen, pankarta batekin batera. Keinu xumea izan zen, baina arreta piztu zuen. Ondoren, ikastolako Hitzpro proiektuan txertatu genuen ekimena, eta 2022tik urtero antolatu dugu auzolanean, Gau Beltza.

Lehen urtean, etxeko trapu zaharrekin jantzita eta argizaiolekin, eskean ibili ginen herrian barrena. Pertsonaia batzuk ere atera ziren, sustoak emateko, eta garaiko produktuak banatu genituen aldez aurretik, ondoren umeek eta gazteek eskean aritzeko: gaztainak, esaterako. Urteekin, ospakizuna garatzen eta forma berriak hartzen joan da.

Gaur egun, Altsasun Gau Beltza Halloween baino ezagunagoa dela uste dugu. Egindako lanaren emaitza da: ospakizuna herrian errotzea lortu dugu.

Nagusien oroitzapenetatik abiatuta
Ohitura horien jatorria hobeto ezagutzeko, inguruko nagusien lekukotasunak jaso ditugu. Haien kontakizunen arabera, herri batzuetan arbiak eta kalabazak hustu eta etxeetako sarreretan jartzen zituzten, gauez beldurra emateko. Eskean ere ibiltzen ziren. Beste leku batzuetan, arbi hustuak ezkaatzean jartzen zituzten, eta kaskezurrak biltzen zituzten.

Herriz herri, ohiturak aldatu egiten ziren. Ez dakigu toki guztietan izen bera erabiltzen zuten; Arimen Gaua izango zen, beharbada. Gau Beltza izendapena geroago zabaldu da. Informazioa biltzeko, Taupa mugimenduaren Gaubeltza.eus webgunea eta beste hainbat iturri erabili ditugu.

Helburua ez da iraganeko ospakizun bakar bat bere horretan errepikatzea, baizik eta herrietan egon diren ohiturak, oroitzapenak eta errituak ezagutu eta sormenarekin euskaraz eta gure ohituretatik biziberritzea.

Ikastola, kultura transmititzeko gunea
Guretzat, Gau Beltza hezkuntza-proiektuaren barruan kokatzen da. Ikasgelan landutakoa herrira ateratzen dugu, eta komunitate osoa gonbidatzen dugu parte hartzera. Hitz-jokoak, eskean erabiltzen ziren esapideak eta «Xanduli manduli...» bezalako formulak berreskuratzea euskaraz bizitzeko eta iruditeria propioa eraikitzeko modua da.

Urtez urte, ospakizuna egokituz joan gara. Iaz, esaterako, heriotza izan genuen ardatz: kontakizun baten bidez, pertsonaia eta gertakizun bereziak uztartu genituen, heriotzaren inguruan hausnartzeko eta bertako errituak ekitaldian txertatzeko.

Prestaketan 50 boluntario inguru aritu izan gara azken urteetan, eta ikastola osatzen duten zutabe guztiek parte hartzen dute: ikasle, ikasle-ohi, guraso, guraso-ohi eta irakasleek. Azpimarratzekoa da DBHko ikasleen parte-hartzea. Izan ere, eguna girotzeko askotariko ekintzak egiten dituzte; hala nola: gaztain banaketa, eguna girotzeko gai eta erritu desberdinen inguruko bideoa, apainketa lanak, besteak beste. Gainera, azken urteotan herrian antolatzen den ibilbidean protagonista bilakatu dira. Horrela, ikasleak ez dira ikusle hutsak; kultura eta hizkuntzaren transmisioan eragile aktibo bihurtzen dira.

Gure erroak, gure etorkizuna
Aurtengo Gau Beltzak beste behin erakutsi digu kultura ez dela museo batean gordetzeko ondare geldia. Bizirik mantentzeko, ezagutu, partekatu eta belaunaldi berriei transmititu behar zaie.

Kalabaza erraldoi batekin eta keinu xume batekin hasi genuen bidea; gaur egun, herri osoa biltzen duen ospakizuna da. Gure esperientziak agerian uzten du hezkuntza-komunitateak galduta edo ahaztuta geratzeko arriskuan zeuden ohiturak berreskura ditzakeela, modu horretan herriari ekarpen bat eginez. Mitoa erritoen bitartez, auzolanetik, ikastolako komunitatean lantzen eta herrira zabaltzen saiatzen gara.

Gau Beltza, beraz, ez da urriaren 31ko gaua betetzeko aitzakia hutsa. Bertako erroak ezagutzeko, euskara bizitzeko eta nondik gatozen belaunaldi berriei transmititzeko aukera da. Izan ere, ohiturak berreskuratzea ez da iraganari begiratzea soilik: etorkizuna norberaren kulturatik eraikitzea ere bada.

Gau Beltza. Gure erroak iluntasunean argitzeko
Volver

Nuestras ikastolas