Honetan guztian familiek eta komunitateak, oro har, duzuen garrantzia azpimarratu nahi genuke. Ikastolen ikurra da komunitatearen eta, zehazki, familiaren parte-hartzea. Ibilbide honetan zuen ekarpena ezinbestekoa da gure eskaintza eta zerbitzua zuen beharretara ahalik eta ondoen egokitu dadin. Beraz, komunikazioan eta elkarlanean dago giltza, horrek emango baitigu ikuspegi osatua. Parte-hartze hori, gainera, sakona izan behar da; hau da, familiek ahotsa eta erabakimena izan behar dute haur eta gazteen ikaskuntza prozesuan bai eta irakaskuntza prozesuetan. Hau guztia, hezkuntzako profesionalekin elkarlanean eta adostasuna bilatuz egin behar da, beraiek baitira gaiaren gaineko ikuspegi profesionala eskainiko dutenak.
Ebidentzia eta ikerketa zientifikoetan oinarritutako argumentazioa ematea da komunitatearen parte diren profesionalen egitekoetako bat, erabakitako hori guztia nola gauzatu behar den diseinatzearekin batera. Horiek eta gehiago dira ikastolako ibilbidean zehar familiak aurkituko dituenak.
Horiek guztiak hitzez jasotzea erraza da, baina eguneroko praktikan ikastoletan gertatzen denaren isla izateko lanean dihardugu. Ikastolen Elkarteak propioki sortutako ikasmaterialen eskaintzaren bitartez, prestakuntza eskaintza zabalaren bidez eta ikastola ezberdinetan ikerketak egin eta horiek baliatuz, esate baterako.
Gure nortasun eta izaeran oso errotuta dago euskararen eta euskal kulturaren transmisioarekin daukagun konpromisoa. Ideia honekin guztiz uztartzen da Curriculum propio baten beharraz egiten dugun aldarria. Gaur gaurkoz, Euskal Curriculuma da zoru komun hori eskaintzen digun tresnarik baliagarriena eta horretan oinarrituta lan egiten dugu ikastoletan. Tokiko ezagutza eta testuinguruak eskainiz, euskaldun izatearen ikuspegi zabala jorratuz, kultur aniztasunaren garrantziari eta aberastasunari erreparatuz...
Hizkuntzari dagokionean, euskaran ardazturiko eredu eleanitza da gurea. Mundu globalizatu batean bizi garenaren kontzientzia daukagu, eta, aldi berean, gure hizkuntza den euskara, hizkuntza gutxitua dela ahaztu gabe eta horrek erronka ugari mahaigaineratzen dituela jakinik.
Horregatik guztiagatik, euskal hiztun oso eta kontzienteak hezi nahi ditugu, lehen hitza euskaraz egingo dutenak eta, aldi berean, egoera ezberdinetan komunikatzeko gai izango direnak. Hizkuntzen trataera integral eta integratuan oinarritzen dugu gure praktika, hizkuntzen arteko harremana zainduz, batetik bestera transferitzeko gaitasunak landuz eta errespetuzko begirada bat sustatuz.