• APIRILAK 23   |   2025-2026 edizioko data

JUUL 2026 - 4. BULETINA

Martxoko Buletina: 🌸 Udaberria datorrenean… liburutxoak alaitu!

Natura esnatzearekin batera, egunak luzatu egin zaizkigu eta kaleak eguzki-izpiz bete dira. Kanpoan egoteko, paseatzeko eta aireaz gozatzeko garaia da... eta, zergatik ez, gure irakurketak gurekin eramateko aukera paregabea! Liburu bat poltsan edo motxilan hartu, eta edozein txoko bihur daiteke gure irakurketa-txoko kuttuna.

Jarraian, gure proiektuari bizipoza eta argitasuna emateko prestatu ditugun ideiak dakarzkizuegu.

🛒Irakurtxoko ibiltaria

Erentzun Ikastolako liburutegiko arduradunek Irakurtxoko ibiltaria sortu dute: liburuz betetako karro bat jolastokian erabiltzeko. Honela, nahi duten ikasleek, liburuak atsedenetan irakurtzeko aukera izaten dute, ez baitira egun guztiak futbolean aritzeko modukoak.

Liburuak eskuragarri izatea irakurketara modu natural eta motibatzailean hurbiltzen laguntzen du, liburuak aisialdirako aukera ere bihurtuz.

Irudietan ikusten denez, ikasleen harrera ezin hobea izan da.


🎨 Txapak eta Orri-markatzaileak

JUUL kanpainaren baitan, irakurzaletasuna sustatzeko helburuz, beste proposamen hau aurkezten dizuegu: orri-markatzaileak eta txapak sortzea, irakurketari balio sinboliko eta emozional handiagoa emateko. 

Tresna hauek egunerokoan erraz txertatzen dira, opari moduan, esaterako, eta, aldi berean, irakurketa ikusgarri bihurtzen dute, ikasleen artean motibazioa piztuz eta komunitate irakurle baten sentimendua indartuz. 

Etapa guztietara bideratuta
Etapa guztietan erabil daitezke baliabide hauek. Lehen Hezkuntza eta DBHn ikasleek sor ditzakete bere diseinuak eta gero hauek ikaskideen artean partekatu.

Txapak 
Txapak egiteko makina batzuk egon badaude, ez dira oso garestiak eta kanpaina desberdinetarako erabil daitezke: ikastoletako jaiak, kanpainak… Hemen dituzue Erentzun Ikastolak prestatutako zenbait eredu: txapak.

Orri markatzaileak
JUUL webgunean 📂 baliabideak-fotokopiagarriak atalean hainbat eredu daude. Hauetaz gain, zuenak ere sor ditzakezue Canva edo antzeko aplikazioak erabiliz. Normalean kartulina antzeko paperean inprimatzen dira edo paper arrunta erabiltzen da eta gero plastifikatu. Hemen dituzue Erentzun Ikastolak prestatutako zenbait eredu: orri-markatzaileak.

 


🎶 eta... JUUL KANTA!

Ez dugu gure burua agurtu nahi gauza garrantzitsu bat gogorarazi gabe: JUUL KANTA prest daukagu! Kanpaina berotzeko eta bizitasuna emateko baliabide bikaina da, oso dibertigarria eta aproposa denon artean abesteko. Ezagutzen ez baduzue jakin eztarri ona behar dela horretarako.

Bertsioak eskuragarri:
●    🎬 Bideoklipa
●    🎤 Karaokea
●    🎵 Karaokea (Musika soilik)

Animatu eta eman diezaiogun erritmoa irakurzaletasunari! 🚀📚

Beno, honela amaituko dugu. Aste Santuko oporren bueltan Bozketa Eguna etorriko da, baina bitartean atseden hartu, merezi duzue eta!

Juul Kanpainako talde eragilea 

Zerrendara itzuli

Izena eman irakurzaletasun gunetik albisteak jaso nahi badituzu.