• APIRILAK 11   |   2023-2024 edizioko data

Ideiak eta esperientziak
2023/24 Kanpaina

1. VIII. ESPERIENTZIA: Laburpen tentagarriak

Egun on juul kideak,

Baztan Ikastolatik datorkigun jarduera hau, zuekin partekatu nahi dugu.

Ikasturtean zehar liburu desberdinak irakurtzen dituzte ikasleek eta, horiek irakurri ondotik, liburuxka batean irakurritako liburuaren laburpen tentagarria idazten dute. Gero, nahi duenak gelaren aitzinean bere laburpena irakurtzen du, hala ikasleak liburu horiek irakurtzerat tentatuz.

Jarduera honen bitartez, ahozkotasuna, idazmena, irudimena, komunikazioa... eremu asko landu daitezke!

Animatu zaitezte zuen ikastolan aurrera eramaten!

NAFARROAKO IKASTOLEN ELKARTEA

 


Fitxategia jaitsi

2. VII. ESPERIENTZIA: Irakurketa fitxa

Egun on, juul kideak,

Gaur, Senpereko Kattalin Elizalde Ikastegiako jarduera partekatu nahi dugu zuekin. Irakurketa fitxak osatu dituzte ikasleek.
Ikasle bakoitzak nahi duen liburua hautatu ondoren, "irakurketa fitxa" deitzen dioten afixa bat sortu behar du eta liburua gelari aurkeztu (laburpen tentatzaile moduko bat eginez) eta iritzia emanez.

Animatu zaitezte zuen ikastolan ere aurrera eramaten!

NAFARROAKO IKASTOLEN ELKARTEA


Fitxategia jaitsi

3. VI. ESPERIENTZIA: Literatura astea

Kaixo juulkideak,

Zubi Zahar Ikastolan Literatura Astea antolatu zuten JUUL kanpainarekin lotuta. Eta horren berri eman nahi izan digute. Agian, beste JUUL kideentzat esperientzia interesgarria izan daitekeelako.

Zuen gustukoa izatea espero dugu.

NAFARROAKO IKASTOLEN ELKARTEA


Fitxategia jaitsi

4. V. ESPERIENTZIA: Liburuaren Eguna

Egun on juul kideak,

Gaurkoan Argia Ikastolak bidalitako jarduera partekatzen dugu zuekin.

23-24 ikasturtean SKOLAE formakuntzaren barnean Hezkidetza plana aurrera burutzen ari dira Argia Ikastolan. Liburuaren egunarekin bat eginez, ikastolak Hezkidetzarekin lotutako liburu berri bat erosi du gela bakoitzeko eta gelako ordezkariek euren liburua aurkeztu dute beste ikasleen aurrean: liburuaren azala aztertuz, idazle eta marrazkilaria aurkeztuz, gaia jorratuz, atalen bat irakurriz, zatiren bat dramatizatuz…

Zuen gustuko jarduera izatea espero dugu!


Fitxategia jaitsi

5. IV. IDEIA: Liburuak aurkezteko kaxa edo maleta

Arratsalde on JUUL kideak,

Mezu honen bidez, irakurtzeko zaletasuna sustatzeko baliagarria izan daitekeen jarduera honetan ahozkotasuna, irudimena eta sinbolismoa lantzen ahal dira. Lehen Hezkuntza eta DBH etapetarako interesgarria izan daiteke.

Ikasle batek irakurri duen liburua kontuan izanda, kaxa edo maleta batean sartuko ditu bere etxean edo ikasgelan liburuan kontatzen denarekin zerikusia dituzten objektuak. Eta, horietaz baliatuta, bere ikaskideei irakurritako liburuaren aurkezpena egingo die. Konbentzituko al ditu gainerako ikaskideak liburua irakutzeko???


Fitxategia jaitsi

6. III. IDEIA: Oka joko literarioa

Egun on juulkideak,

Mezu honen bidez, irakurtzeko zaletasuna sustatzeko baliagarria izan daitekeen beste esperientzia bat igortzen dizuegu.

Udaleku edo kanpaldietan egon bazarete oka jokoaren dinamika ezagutuko duzue. Erentzun Ikastolatik bidali diguten proposamena, joko horretan oinarritzen da, baina proposatzen diren galderak haur literaturaren ingurukoak dira. (LH 5-6 / DBH 1).

Segi irakurtzen! Erantsitako artxiboan esperientzaren informazio guztia dago.


Fitxategia jaitsi

7. II_ESPERIENTZIA, JUUL Basoa

Lizarra Ikastolako 3. mailako ikasleak pasabidean dagoen JUUL Basoa ureztatzen ari dira ikasturte hasieratik. Etxean irakurri dituzten liburuak gelara ekarri eta lagunei aurkeztu ondoren, azalaren fotokopia egin eta pasabideko baso berezi honen zuhaitzetako adarretan itsasten dituzte.
Fitxategia jaitsi

8. I. IDEIA: Herriko liburutegia ezagutu eta txartela egin

Arratsalde on, JUUL kideak:

Dakizuenez, kanpainan zehar, zenbait IDEIA/JARDUERA/ESPERIENTZIA bidaliko dizkizuegu, ikastoletan irakurzaletasuna sustatzeko baliagarriak izateko asmoarekin. Zuen gustukoak izatea espero dugu.

Jarduera honen bitartez, zuen herriko edo auzoko liburutegia bisitatzea gomendatzen dizuegu, horren funtzionamendua ezagutzeko eta maila batetik aurrera, zergatik ez, “irakurketa-txartela” edo “liburutegi-txartela” ikasle guztiei ateratzeko.

Animatu zaitezte aurrera eramaten!

NAFARROAKO IKASTOLEN ELKARTEA
JUUL antolakuntza


Fitxategia jaitsi

Izena eman irakurzaletasun gunetik albisteak jaso nahi badituzu.