2024/04/04 | Arangoiti Ikastola

Milaka istorio, mila abentura

Urteak eta urteak dira Arangoitiko Ikastolako ikasle, irakasle eta familiek herriko zineman ikuskizun handia eskaintzen dutela eta horregatik Arangoitiko jaialdiak Irunberriko kultur agendan leku propioa topatu duela esan genezake.

Hasierako urteetan gabonetan ospatzen zen jaialdi hau, Olentzeroren etorreraren aurreko asteburuan, baina orain urtaro berriaren bueltan heldu da emanaldia, eta duela egun batzuk, Arangoiti Ikastolak ilusio handiz prestaturiko emanaldia gozatzeko aukera izan dute Irunberrin.

Jaialdia herriko zineman egin zen, bi saio eskaini zituztelarik, bata arratsaldeko 18:00etan eta bestea 19:00etan. Sarrerak doakoak izan ziren eta bi saioetan jende andana bildu zen aretoan ikastolako artista gazteak ikustera.

Aurtengo jaialdiaren izenburua Milaka istorio, mila abentura izan da, Nafarroako Ikastolen Elkarteak irakurzaletasuna bultzatzeko duen JUUL egitasmoaren kantaren izenburu bera. Ez da kasualitatea, milaka istorioek eta milaka abenturek osatu dutelako jaialdiaren gidoia eta kanta hau izan zelako, hain zuzen, azken koreografiarako hautatutakoa. Ikastoletako haurrek ondo ezagutzen duten abestia 2013. urtean egin zen JUUL kanpainak 15. edizioa betetzen zuelarik. Abesti rockero honen sorkuntzan pertsona ugarik hartu zuen parte. Batetik, Josu Txapartegik letra proposatu zuen eta, bestetik, Xabi Aldaz, Luisillo Kintana, Fran Urias, Juanpa Agirre eta Adur Goikoetxea arduratu ziren musika eta ahotsez, hauek guztiak Adur Goikoetxeari esker etorri zirelarik. Bestalde, Andra Mari Ikastolako, Garcés de los Fayos Ikastolako, Paz de Ziganda Ikastolako eta San Fermin Ikastolako neska-mutikoek koroak grabatu zituzten.

Aspaldi sortutako kanta izan arren, oso erabilia da oraindik ere eta horren erakusgarri Arangoitiko jaialdia izan da, lehen aipatu bezala, horrekin bukaera eman baitzitzaion ekitaldiari.

Jaialdiaren harira “milaka” istorio izan dituzte eskuartean Arangoitiko ikasleek azken asteotan, ipuin klasikoen lanketa berezia egin baitute guztiek: ipuinak aztertu, Perrault eta Grimm anaien bertsioak alderatu, gertuko eta urrutiko kontakizunak entzun, pertsonaiak ezagutu eta bertsio modernoen berrirakurketekin gozatu. Behin hauek guztiak landuta, ipuin hauetako pertsonaiez osaturiko gidoi eroa asmatu zuten Arangoitikoek eta halaxe ikusi izan genituen taula gainean untxitxoak, erregeak, erreginak, xaguak, ipotxak, maitagarriak, hainbat Pinotxo eta baita txerrikume talde bat ere. Ipuinetako pertsonaiak dantzan Arangoitiko jaialdian!

Baina istorioez gain, ilustrazioei ere erreparatu diete ikasleek jaialdiaren prestaketa honetan eta bereziki landu dituzte artista ezberdinen lanak: Rebecca Dautremer, Miguel Tanco, Elena Odriozola, Jesus Lucas, Pablo Mestre, Jorg Muller, Marco Soma edota Innocenti marrazkilarien lanak izan dituzte aztergai, besteak beste. Liburu ezberdin hauetako hainbat ilustrazio izan ziren jaialdian proiektatu zirenak 6. mailako ahotsetan grabatutako gidoia entzuten zen bitartean. Aipagarria da IkusArte enpresarekin batera burututako elkarlana, hauek izan baitira ikuskizuneko alderdi teknikoaz, proiekzioez eta argiez arduratu direnak, emanaldi borobila osatuz.

Arte hezkuntzari dagokion lekua aldarrikatu nahi izan du, berriro ere, Arangoiti Ikastolak bere jaialdiarekin eta, bide batez, euskara eta kultura herriarekin partekatu. Ikastolak herriari bere ekarpena egin nahi izan dio. Jaialdi arrakastatsua zalantzarik gabe Irunberriko zineman ikusitakoaren ondoren: jendetza publikoan, giro aparta eta Haur zein Lehen Hezkuntzako artista handiak ederki moldatzen eszenatokian. Zorionak guztioi!

 Dokumentua ikusi


Itzuli

Gure ikastolak

Facebooken jarraitu

Twitterren jarraitu