2025/12/04 | Argia Ikastola

ARGIA IKASTOLAKO IKASLEAK JOKU OLINPIKOETARA IRITSIKO AL DIRA?
Kirola egitea oso garrantzitsua dela badakigu, osasunerako onuragarria delako. Umeontzat mugimendua beharrezkoa da, gainera kirola praktikatzen  lagunak egiten ditugu eta jolasten ondo pasatzen dugu. Beraz, kirola egitea mentalki eta fisikoki oso lagungarria da.

Horregatik Argia Ikastolako ikasleei galdera bat egin diegu: zein kirol praktikatzen duzue? Horrela kirola egiten dugun ala ez ikertu dugu eta zein kirol egiten ditugun. Gainera, neskek eta mutilek praktikatzen dituzten kirolen artean ezberdintasunik dagoen jakin nahi izan dugu.

Ikerketa honetan Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen datuak kontuan hartu ditugu eta modu gidatuan egiten diren kirolak soilik kontuan hartu dira, hau da, irakasle, begirale edo entrenatzaile batekin egiten diren jarduerak.

DATUEN ONDORIOAK

ZEIN KIROL PRAKTIKATZEN DIRA

  • Gehien praktikatzen diren kirolak areto futbola, futbola eta dantza dira. 
  • Futbola 24 ikaslek praktikatzen dute, gero azalduko dugun bezala gehienak mutilak dira. Areto futbola 22 ikaslek praktikatzen dute Beraz, modu batean edo bestean futbola 46 ikaslek egiten dute (ikasleen %40,71). Hortaz, Ikastolako ikasleek gehien praktikatzen duten kirola da.
  • Ikasleen %16,81ek egiten dute gutxien praktikatzen diren kirolak. Kirol hauetan 1, 2 edo 3 ikasle besterik ez daude apuntatuta. Hauen barnean, piraguismoa, kunfua, karatea, ekitazioa, crossfita eta skatea bakarrik pertsona batek praktikatzen du (ikasleen % 4,42ak). 
  • Betiko kirolak dira gehien praktikatzen direnak, “klasikoak”. Gainera, taldean praktikatzen direnak dira. 
  • Ikasleen %19,47a egiten du dantza, 22 ikaslek hain zuzen ere.
  • Ikasleen %9,73k ez du kirolik egiten. Horietatik 8 DBHko  ikasleak dira eta hauetatik 5 DBH4ko ikasleak. LHko guztiek egiten dute zerbait 3 ikaslek izan ezik.  Badirudi, adinak aurrera egin ahala modu antolatuan kirol gutxiago egiten dela. 


GENERO IKUSPUNTUTIK AZTERTUTA

  • Futbola eta areto futbola egiten duten  46 ikasle horien artean 3 neska daude eta 43 mutil.  Dantzan kontrakoa gertatzen da, 22 ikasletik mutil bakarrak praktikatzen du. 
  • Modu gidatuan kirola egiten ez dutenen 11 horietatik 8 neska dira eta 3 mutil. 
  • Dantza, gimnasia, igeriketa, judo, patinaje eta  kalistenia neska gehiagok egiten dute mutilek baino. 
  • Gimnasiora bakarrik DBHko ikasleak joaten dira eta soilik mutilak dira.
  • Eskupilotan ari direnak 9 ikasle dira (%8) eta denak mutilak dira. 
  • Genero ikuspegitik kirolik orekatuenak eskubaloia eta saskibaloia dira. Eskubaloia 14 ikaslek praktikatzen dute, 6 neska eta 8 mutil, eta saskibaloia 3 mutilek eta 3 neskek egiten dute.  

Ez dakigu Joku Olinpikoetara ailegatuko garen baina argi ikusi dugu Argia Ikastolan kirol zaletasun handia dagoela.


Itzuli

Gure ikastolak