Gure eguneroko praktika zein printzipio pedagogikoetan oinarritzen den aipatuko dugu ondorengo lerroetan, labur eta azaletik bada ere:

  • Ikastoletan, ikasleak baino ikastera datozen pertsonak ditugu, begirada honek ikaslea baino harago pertsona ikusten laguntzen digu eta ikas-irakaskuntza prozesua humanizatzen.
  • Pertsonaren garapen ebolutiboa aintzat hartzen duen eredua da gurea; garapen fisiko eta motorrak, kognitiboak, emozionalak, sozialak eta linguistikoak harremanetan eta ikaskuntzan duten eraginaz ari gara eta horren baitan jardun beharraz.
  • Pertsona bakoitza eta bere esperientzia bakarra eta errepikaezinak dira: testuinguru berdinean egonda ere, guztiok ez ditugu ikaskuntzak modu eta une berean egiten, ikaskuntza pertsonalizatuaren bitartez singulartasun hori errespetatzen da.
  • Oreka emozionala bilatzen dugu; eguneroko bizitzan behar besteko motibazioz, lasaitasunez eta eraginkortasunez jarduteaz ari gara eta horrek harremanetan eta gure jardunean positiboki eragingo du.
  • Akatsa ikaskuntzarako aukera gisa ulertzen dugu; batetik, ekidin ezina delako eta bestetik, ikasleak akatsaren zergatia ulertzen duenean bere ikaskuntzan urrats garrantzitsua egiten ari delako.
  • Arrakasta pertsonaren garapenerako ezinbestekoa da; arrakasta da edozein jardueren aurrean dugun motibazio-faktore nagusia, pertsonak mugiarazten gaituelako.
  • Elkarrekin ikasten dugu, hizkuntzaren, pentsamenduaren eta komunikazioaren bitartez. Ikaskuntza norbanakoak gidatzen duen prozesua izanik ere, izaki sozialak garen aldetik, elkarrekin jarduten dugu eta ezagutzak ere elkarrekin eraikitzen ditugu. Horretarako, ezinbestean, hizkuntza beharrezkoa da eta, ondorioz, hizkuntz proiektu sendo eta koherenteak bermatu behar ditugu.
  • Ez dugu eginez bakarrik ikasten; hezitzailearen esku-hartzea, modelatzea, feedbacka, aldamiatze lana… garrantzitsuak dira haur eta gazteen ikaskuntza prozesuaren eraikuntzan.
Eguneroko praktika eta printzipio pedagogikoak

Gure ikastolak

Facebooken jarraitu

Twitterren jarraitu