Aurten Durangoko Azokan izan dira Arangoiti Ikastolako 2. eta 3. zikloko ikasleak. Bi urtetan behin, ikastolak euskal kulturaren erreferente den Azokara egiten du irteera eta bertan, ikasleek, hainbat lan burutzen dituzte Azoka barrutik ezagutzeko. Bertako sortzaile eta langileen laguntzarekin Arangoitiko gaztetxoek hainbat informazio jasotzen dituzte galderak eginez eta informazioa bilatuz. Horien artean Ane Eslavarekin, Txalapartako editorearekin egoteko aukera izan zuten aurten baina Azokako eromenak, eta bereziki ikasle eguneko jendetzak, ez zuen patxadaz egoteko aukerarik eman eta horregatik ikastolara gonbidatu genuen Ane lasaitasunez elkarrizketatzeko asmoz bere lanaren nondik norakoak ezagutzeko.
Zergatik erabaki zenuen kazetaritza ikastea?
Etxean beti egoten ziren egunkariak, irratia piztuta egoten zen, albistegiak ikusten genituen… Horrek nire interesa piztu zuen txikitatik, baina horrez gain, esanen nuke, parte batean, ikastolak eragina izan zuela erabaki honetan. Garai hartan Arangoitin irratia zegoen eta hantxe ibiltzen ginen esatari zein teknikari lanak egiten eta testuak idazten. Asko interesatzen zitzaidan, oso gustuko nuen. Eta literaturarekiko zaletasuna ere ikastolako kanpainekin lotura du. Oso ongi oroitzen ditut liburutegiko sagutxoaren gora-beherak, liburu opariak, liburu dendetara irteerak...
Badakigu Berria egunkarian lanean aritu zinela eta orain Berria FM podcasta egiten duzula. Nola da hau?
Bai, nik Berrian egin nuen lan bost bat urtez, eta handik Txalapartara joan nintzen. Han nengoenean Berriakoek podcast hau egiteko proposamena luzatu zidaten eta bi aldiz pentsatu gabe baietz esan nien. Kazetaritza podcasta da, gai asko jorratzen ditugu baina beti ikuspegi feminista batetik. Uxue Rey kazetariarekin batera egiten dut.
Nola heldu zinen Txalapartara?
Txalapartan langile baten bila zebiltzan, gaztelaniazko liburuez arduratuko zen pertsona behar zuten eta proposamena egin zidaten. Oso pozik onartu nuen. Nafarroako eta Euskal Herriko argitaletxeak jarraitzen nituen eta horien artean Txalapartaren lana bereziki gustuko nuen.
Zer nahiago duzu orain kazetari ala editore izan?
Galdera zaila, egia esan biak ditut oso gustuko, bakoitzak bere gauzak ditu.
Kontatuko diguzu nola egiten den liburu bat?
Liburuak zenbait bidetatik heltzen zaizkigu, baina adibidez, Txalapartan badugu helbide elektroniko bat, buzoi bat, eta hor proposamenak jasotzen ditugu. Hau da, idazleak idatzitako liburua eta horren inguruko azalpen bat bidaltzen digu. Lehenbiziko gauza zer argitaratuko dugun erabakitzea da, ezin baitugu edozer gauza kaleratu. Irizpide batzuk bete behar ditu: guk argitaratzen ditugun genero literarioen barruan egotea, gure gaitegian kabitzea, kalitatea izatea… Heldu zaigun liburua argitaratuko dugula erabakitzen badugu, orduan beste prozesu bat jartzen da martxan, edizio prozesua, testua lantzeko: agian idazlea gehiegi luzatu da zerbait azaltzen eta motzago egiteko eskatzen diogu, edo zerbait beste modu batera jartzeko, antolaketan aldaketak egiten dira… eta halakoak. Irakasle batek egiten duenaren antzeko zerbait. Behin edukia, forma e.a. gainbegiratuta dagoenean, ortografia zuzentzen dugu. Word dokumentu batean egiten dugu lan hau. Ondoren, maketatzera bidaltzen dugu liburu itxura emateko. Lan hori beste lankide batek egiten du. Azkenik, inprimatzen da.
Eta ilustrazioak dituzten liburuen kasuan, nola bilatzen duzue marrazkilaria?
Hauek batez ere komiki eta haur liburuen kasuan izaten dira eta normalean proposamen hauetan idazle eta irudigilea batera datoz. Hala ere, gerta daiteke testua soilik izatea. Halakoetan ilustratzailea bilatu behar dugu. Guk gai jakin baten inguruko liburu ilustratu bat argitaratu nahi badugu, aldiz, biak, idazlea eta ilustratzailea, bilatu beharko ditugu.
Zenbat denbora kostatzen da liburu bat egitea?
Galdera zaila da, liburu bakoitza mundu bat baita. Batzuetan prozesua oso erraza izaten da eta beste batzuetan asko luzatu daiteke. Hilabeteak izaten dira. Bestalde, argitaratu behar ditugun liburuen plana egiten dugu, egutegi bat. Hori antolatzen joaten gara gutxinaka-gutxinaka urte osoan zehar. Orain adibidez, badugu 2025 urtean argitaratuko ditugun liburuen antolaketa prest.
Zenbat liburu editatu ditu Txalaparta argitaletxeak?
Duela 36 urte sortu zen argitaletxea eta 1.500 liburu inguru argitaratu dira gutxi gorabehera. Urtean 40 libururen bueltan ibiltzen gara, euskaraz eta gaztelaniaz.
Zein hizkuntzatan editatzen duzu zuk?
Ni gaztelaniazko liburuez arduratzen naiz. Euskarazko liburuak nire lankide den Garazi Arrularen ardura dira. Baina beti gaude komunikazioan, talde lana da.
Komikiak argitaratzen al dituzue?
Ez ditugu gehiegi ateratzen baina saiatzen gara urtero bat edo bi behintzat argitaratzen. Orain adibidez, Durangoko Azokarako, Fun Home izeneko komikia kaleratu dugu. Alison Bechdel komikigile estatubatuarrarena da. Arrakasta handia izan zuen liburuak han, gazteleraz bazegoen, eta guk orain euskarara ekarri dugu.
Zergatik ateratzen zarete komunikabideetan?
Gure lanaren beste alderdi bat promozioa da. Liburua aurkeztu egiten dugu eta kazetariei liburuen informazioa helarazten diegu, horren inguruko albiste bat atera dezaten, edo egilearekin elkarrizketa bat egiteko, adibidez. Egiten ditugun liburu guztien inguruko gaiak komunikabideetan atera daitezen saiatzen gara.
Zein izan da aurtengo liburu salduena?
Eztizen Artolaren Gurpilak nobela izan da aurten salduenetako bat. Bilboko idazle gazte horren lehen liburua da. Txikia zenean aita urruneko kartzeletan izan zuen, eta hari egindako bisiten esperientziarekin osatu du fizkizoko istorio hau.
Zein motatako liburuak gustatzen zaizkizu zuri?
Asko gustatzen zaizkit nobelak. Lehen euskaraz irakurtzen nituen batez ere, baina orain, gaztelaniazko liburuekin lan egiten dudanez, biak tartekatzen saiatzen naiz.
Aipatuko diguzu zure gustuko ilustratzaile bat? Eta idazle bat?
Sortzaile asko gustatzen zaizkit... Ilustratzaileen artean Maite Mutuberria esanen nuke eta gustuko idazleen artean Alaine Agirre.