09/01/2025 | Nafarroa Oinez 2025

Buruz, bihotzez, oinez
Badator 2025, badator Oinez berri bat eta 60 urte bete dira 1965ean Paz de Ziganda Ikastola Nafarroan lehen aldiz euskara hutsezko irakaskuntza proposatzen zuen proiektu berritzaile eta ausart baten aitzindari izan zenetik. Ingurune sozial, kultural eta politikoa aldatu da, baina Paz de Zigandak hezkuntzarekin eta euskararekin duen konpromisoak tinko darrai.

Paz de Zigandak hirugarrenez hartu du bere gain ikastolen mundua festa eta ospakizun giroan biltzeko helburu. Urriaren 19an Atarrabian eta urte osoan zehar landuko ditugun helburuak honakoak dira:

- Ikastola gara: Gure hezkuntza ereduarekiko nortasuna eta kidetasuna indartzea bilatzen dugu. Kooperatibismoan eta autonomian oinarritutako hezkuntza-eredu propioa sustatzen dugu, lidergorako bokazioarekin, une bakoitzean eredu berritzaileenak ezarriz. Komunitate zabal baten parte gara: 15 ikastola Nafarroan, eta 100 baino gehiago Euskal Herri osoan, elkarrekin ikasiz, pertsona gaituak heziz.

- Herria gara: Gizarte-ekimen irekiko proiektu bat gara, gure inguruneari lagundu nahi diona (ikastolak herriari) eta gure inguruko elkarte, erakunde eta bestelako gizarte-eragileekin loturak sendotzeko zubiak ezarri nahi dituena.

- Euskara gara: Euskaraz bizi eta gure kulturaz gozatu nahi dugu, mundura zabalik; euskara eta euskal kultura zabaltzeko konpromisoa hartuta, euskararen erabilera sustatu nahi dugu, bai gure komunitatean, bai gizartean oro har. Ekarpena egin nahi dugu euskaraz bizitzea ez dadin amets bat izan, errealitate bat baizik.

- Hezkuntza gara: Ikastolok irakaskuntza eta ikaskuntza prozesu integral eta integratzailea bermatu nahi dugu. Gure nortasunaren ezaugarrietako bat autonomia da, baita pedagogiarekin eta hezkuntza-metodologiarekin lotutako erabakietan ere. Horri esker, eta etengabeko hobekuntzan murgilduta, gure hezkuntza-prozesua gizarteak eskatzen dizkigun benetako beharretara egokitzen dugu. Nafarroa Oinez honetan, besteak beste, erantzukizun ekologikoa, aniztasunaren integrazioa eta jasangarritasunarekiko konpromisoa landuko ditugu.

- Sozialak gara: Nafarroa Oinez honen helburua gure inguruko proiektu sozialetan inbertitzea da, ikastolako familietatik haratago, gizartearen zati batek horietaz gozatzeko aukera izan dezan. Era berean, aniztasunaren eta bizikidetzaren tratamendua aberastu nahi dugu, egungo eta etorkizuneko beharretara egokituz.

- Jasangarriak gara: Gure hezkuntza-ereduaren jarraipena ziurtatu nahi dugu, baliabide propioak zein ingurukoak modu eraginkor eta jasangarrienean kudeatuz.

LELOA

Leloa hiru hitzek osatzen dute, euskaraz ez dakiten pertsonentzat ere oso ezagunak direnak. Hiru hitz horiek hiru kontzeptu adierazten dituzte:

BURUZ, buruarekin, arrazoiarekin, helburu argi batekin, baina gure nortasun-ezaugarriak ahaztu gabe. Etorkizunari begira dagoen eredu ekintzaile, pedagogiko, inklusibo eta konprometituan sinesten dugulako.

BIHOTZEZ, bihotzez, sentimenduz eta emozioz. Pertsona erdigunean jartzen duen proiektua garelako, bere emozioak eta sentimenduak balioztatuz. Euskara eta euskal kultura maite ditugulako.

OINEZ, mugimenduan, aurrera eginez, dinamikoa. Herritarren mugimendu arduratsua garelako eta izaten jarraitu nahi dugulako: plurala, modernoa, ekologikoa eta osasuntsua.

LOGOA

Logoa hiru hitz sendo, zehatz eta unibertsalez osatutako lelo batetik abiatzen da, eta, beraz, zehaztasun horrekin kontrastea egin eta ikuslearen interpretaziora irekiko den irudi bat bilatzen da, literaltasunetik ihes eginez, irudi abstraktu edo deseraiki batera garamatzana.

Irudian, buru deseraiki bat ageri da, sudurra, bihotza eta ahoa lotzen dituen lerro baten mugimenduan irudikatuta. Gure nortasun-ezaugarrietako baten bultzada adierazten duen lerro etengabea: korporatibismoa. Kolore biziekin konbinatuta, ilusioa irudikatzen dutenak.

Bihotzak eta begiak goialdean duten presentziak adierazten du nola sustatzen dugun pertsonen zaintza eta hazkundea, besteak beste, ikastolako familietatik harago gure gizarte-ingurunean eragina duten gizarte-proiektuen bidez.

Azpiko trazadurak, irribarre bidez irudikatutako ahoarenak, une horren ilusioa erakusten du. Eta paraleloki, oin batean amaitzen den eta mugitzen ari den hanka gisa interpreta daiteke. Mugimendu horrek aurrera eginarazten digu eta ikastolen eredua etorkizuneko eredua dela aldarrikatzen du.

Azkenik, OINEZ hitza nabarmendu nahi dugu. Hitz horrek ikastolen sarea indartzea, ikastolako kide sentitzea, eta bere ordezkaritza aldarrikatzea du helburu.

 Ver documento


Volver

Nuestras ikastolas

Síguenos en Facebook

Síguenos en Twitter