EUS  |  CAS

2026/01/16 | Paz de Ziganda Ikastola

Elka­re­ki­nez fami­lia-espa­zioa Paz de Ziganda Ikas­to­lan
Gizartea aldatzen ari den heinean, hezkuntza-komunitateen erronkak ere aldatu egiten dira. Testuinguru horretan, Atarrabiako Paz de Ziganda Ikastolak apustu sendoa egin zuen duela lau urte: ElkarEkinez familia-espazioa martxan jartzea. Ekimen hau ez da soilik zerbitzu bat, gizarte hobe bat eraikitzeko konpromisoa baizik, familiei euren seme-alabekin kalitatezko denbora igarotzeko aukera emanez, euskaraz eta komunitatean.

Jolasa eta formazioa ardatz
ElkarEkinez familia-espazioak 0-3 urte bitarteko haurrak dituzten familiei zuzendutako eskaintza integrala osatzen du. Ikastolak bere materialak, espazioak eta profesionalen eskarmentua herritarren eskura jartzen ditu. Ikastolako profesionalak dira saioak diseinatzen dituztenak, baina familiak dira saio hauen protagonistak. Eskaintzen diren saioak hiru motatakoak izan daitezke:

  1. Jolas autonomorako gunea: Material eta proposamen anitzekin prestaturiko espazioa, familiek modu autonomoan esploratu eta gozatu dezaten. Proposamenak esperimentazioa, adierazpena edota motrizitatearekin lotuta egon daitezke. Proposamenak saioaren arabera aldatzen doaz, familiei eskaintza aberatsa luzatuz.
  2. Tailer espezifikoak: Tailerretan partaide kopurua txikiagoa izaten da, saioa hauek aditu baten gidaritzapean burutzen baitira. Gai zehatz bat jorratzen da. Orain arte haur masajea, ipuin kontaketa eta honi lotutako sormen jarduera, yoga edo haur literatura bezalako gaiak landu ditugu.
  3. Saio formatiboak: Saio hauen bitartez, familien interes eta beharrak kontuan hartuz, teoriatik abiatu eta eguneroko praktikarako jauzia ematen saiatzen gara. Adituen eskutik, gurasotasunarekin eta hezkuntzarekin lotutako gaiak sakontzeko aukera eskaintzen dugu.
Proposamenak 0-3 adin-tarterako pentsatuak badira ere, espazioaren izaera inklusiboari esker, adin guztietako haur eta helduek aurkitzen dute bertan gozatzeko lekua. 

Haurtzaroaren kultura: orainaldia balioan jartzen
Proiektu honen muinean haurtzaroaren kultura aitortzea eta sustatzea dago. ElkarEkinez espazioan haurtzaroa ez da helduarora iristeko igarobide huts gisa ulertzen, berezko zentzua, hizkuntza eta adierazpideak dituen bizi-etapa gisa baizik. Haurra eskubidedun hiritarra da, berezko gaitasunez jantzia, eta gure espazioak haien begirada eta mundua ulertzeko modua errespetatzen ditu. Horregatik, inguruneak eta materialak arreta handiz zainduta daude, haurraren sormenari eta ikerketa-nahiari bide emateko, helduaren interferentziarik gabe. Haurtzaroaren kultura hori balioan jartzeak esan nahi du haien denborak, jolasa eta harremanak direla lehentasuna, gizartean askotan ezkutuan geratzen den haurren nola-izatea erdigunean jarriz.

Egituratu gabeko materialen indarra
Filosofia honi jarraiki, espazioaren ezaugarri nagusietako bat egituratu gabeko materialen erabilera da. Jostailu komertzial eta itxien aurrean, Ikastolak sormena, pentsamendu kritikoa eta autonomia sustatzen duten elementuak (egurra, oihalak, elementu naturalak...) eskaintzen ditu. Material bat "ez denean ezer", haurraren eskuetan "dena izan daiteke". Horrek, irudimena pizteaz gain, pentsamendu logiko-matematikoa eta esperimentazio zientifikoa bultzatzen ditu modu organizatuan.

Konpromiso soziala: ikastola irekia eta herritarra
Paz de Ziganda Ikastolaren izaera soziala ez da asmo deklarazio huts bat, ElkarEkinez bezalako proiektuetan gorpuzten den errealitatea baizik. Proiektu hau hasieratik jaio zen ateak zabaltzeko bokazioarekin: ez dago ikastolako kide diren familiei soilik mugatuta, komunitate osoari irekitako espazioa da.

Ikuspegi honek agerian uzten du Ikastolak gizarteari ekarpen kualitatiboa egiteko duen konpromiso irmoa, bai euskararen sustapenean, bai kalitatezko hezkuntza-ereduen zabalkundean. Lau urte hauetan, ikastolakoak ez diren familia ugarik ere bat egin dute ekimenarekin, ElkarEkinez topagune inklusibo eta anitz bihurtuz. Baliabideak, denbora eta profesionalak herritarren eskura jartzean, Paz de Ziganda Ikastolak elkartasuna eta auzolana ardatz dituen gizarte hobe baten eraikuntzan aktiboki parte hartzen du, hezkuntza-komunitatearen mugak herri osora hedatuz.

Sarearen indarra: Elkarrekin urrunago
ElkarEkinez familia-espazioaren ezaugarri nagusietako bat sarean lan egiteko gaitasuna da. Ikastolon mugimenduaren bereizgarria den elkarlana praktikan jarri da, adibidez, iaz Arangoiti Ikastolarekin egindako trukaketaren bidez. Profesionalen eta baliabideen arteko truke horrek eskaintza aberasteaz gain, ikastolen arteko sarea ehuntzen jarraitzea ahalbidetu du, baliabideak modu eraginkorragoan erabiliz. Sarea ehuntzen eta zabaltzen jarraituko dugu, zalantzarik gabe.

Azken finean, ElkarEkinez familia-espazioak frogatzen du hezkuntza ikasgelako hormetatik haratago doala. Familia, jolasa eta euskara uztartuz, Paz de Ziganda Ikastolak lanean jarraitzen du gizarte kohesionatuago eta euskaldunago baten alde, elkarlana eta konpromisoa bidelagun dituela.


Itzuli

Gure ikastolak