1. Etorri aurretik, dena prest!
Egitekoen arduradunak izendatu behar dira Udala eta gizarte zerbitzuekin koordinazioa: haurraren eta bere familiaren inguruko informazioa bildu eta dokumentatu behar da: matrikulazioa, ikaslearen datu pertsonalak eta akademikoak, familia-egoera. Nahiz eta familiarekin biltzean dokumentua osatuko den, horiei harrera egiterako eskuetan ahalik eta informazio gehien izango dugu. Oso garrantzitsua izango da, beharrezkoa den heinean, gizarte zerbitzu eta udal teknikariekin etengabeko koordinazioan aritzea.. -Irakasle eta ez irakasleekin informazioa partekatu behar da, modu horretan, guztiek haurraren egoerak eskatzen duen arreta bermatzeko. -Ikasgelan dauden haurrei izango duten ikaskide berriaren inguruan hitz egingo zaie, haren berri eman eta harrera prestatzen hasi. Noski, hau ikaslea eskolaratua izango den taldea eta maila hautatu ostean egin beharko da.
2. Familia osoari, ongi etorria.
Matrikulazioaren berri izan bezain laster familiarekin harremanetan jarriko gara eta, lehenik, ikastolako arduradunek harrera instituzionala egingo diote. Bertan, ikastola-ereduaren eta proiektuaren berri emango zaie, bertako funtzionamendu, arau eta instalazioak erakutsi eta hezkuntza-komunitatearen parte direla helarazi eta sentiarazi. Behin harrera instituzionala eginda, haurraren inguruan jaso beharreko informazioa bilduko da, haurrak izango duen harrera- eta murgiltze-prozesuaren berri emango zaie, haiek ere prozesu horren parte egingo ditugu, eta hurrengo bileretarako hitzorduak jarriko dira: lehena, haurra ezagutu eta oinarrizko ebaluazio psikopedagogikoa egiteko (ikasmaila eta ikasle-taldea aukeratzeko); eta, bigarrena, erabakiaren berri eman eta haiekin partekatzeko. Aipatutako harrera eta bileretan, kontuan hartu beharko dugu gure eta haien kultura-kodeak, agian, ez direla berdinak, eta distantziak eta harremantzeko moduak zaindu beharko ditugu. Ahal izanez gero familiei dokumentazio guztia eurak ulertzen duten hizkuntzan emango zaie1, gure lana izango da jasotako informazioa euskaratu eta espedientean gordetzea. 1 Familiei hezkuntza-sistemaren inguruan eman beharreko informazioa hizkuntza ezberdinetan eskuratzeko aukera dago Hezkuntza Sailaren webgunean.
3. Ikasle-talde berria eta ikasmaila egokia hautatu.
Eskolatzeko ikasmaila eta ikasle-taldea modu egokian aukeratzea ezinbestekoa izango da haurrak kurtsoa ez lehen urtetik errepikatu behar izateko. Horrek, haurraren egokitzapen-prozesuan ondorio larriak izan ditzake. Izan ere, hori ongi egin ezean, haurrak prozesu guztia, oso denbora gutxian, bi aldiz errepikatu beharko du. Horrek guztiak bere ongizate psikosozial, emozional eta afektiboan eragina izateaz gain, osasun psikologikoan ere arrastoa utzi dezake. Hortaz, ezinbestekoa izango da haurraren informazioa jaso ostean ebaluazio psikopedagogikoa egitea. Behin erabaki hau hartuta, familiarekin bigarren bilera bat egingo da, hartutako erabakia azaldu, partekatu eta haien iritzia ere jasotzeko.
4. Laguntzak bidelagun.
Indarrean dagoen hezkuntza-sisteman bertan, sartu berri diren ikasleek lan-plan pertsonalizatua behar dute eta ezinbestekoa da plan hori hasieratik egitea. Horren parte da ikaslea iritsi berri denean ebaluazio psikopedagogikoa egitea, eta baita ondoren egin beharreko behaketa eta jarraipen guztiak ere. Modu horretan, beharren arabera, laguntza bat edo beste emango zaio: hizkuntza-errefortzua, beste arlo/ikasgai batzuetan indartzea, arreta emozionala, sozializazioa eta ikaskideekiko interakzioa bultzatzea; hain justu, azken hiru horiek bideratu, sustatu, dinamizatu, behatu, ebaluatu eta laguntzeko programa da Onki Xin!. Garrantzitsua izango da ikastolak dituen baliabideak eta laguntza-baliabideak aurretiaz ezagutzea, behar izanez gero, neurriak hartzeko.
5. Esku-hartzeko norbanako jarduera-plana (NJP).
Esku-hartzeko jarduera-plana “ibilbide orri bat” da. Edo beste modu batera egitekoak sistematizatzeko tresna dela esango genuke. Ikastolak Norbanako Lan Planaren ereduak eduki behar ditu ikasle horientzat. Kontuan izan behar dugu NJPak malgua izan behar duela eta erdal jatorria duen ikasle iritsi berriarentzako programazio pertsonalizatua familiarekin egiten den lehen bileran bertan hasten dela. Ikasle berriaren hasierako ebaluazio psikopedagogikoa funtsezkoa izango da hezkuntza premiak behatu eta diagnostikatzeko; Norbanako Jarduera Planaren abiapuntua zehazteko aukera ematen baitu.
6. Gutxiagotutako hizkuntzaren testuingurua aintzat hartzen duen emozioetan eta atxikimenduan oinarritutako hizkuntza estrategia.
Norbanako Jarduera Plana diseinatzearekin batera ezinbestekoa izango da ikasle berriak euskara bereganatzeko indartze- edo laguntza-saioak planifikatzea eta ikastolaz kanpoko laguntza espezifikorik bada, horrekin ongi koordinatzea. Izan ere, gurea gutxiagotutako hizkuntza baten testuingurua izanik, planifikazio horrek haurraren integrazio-prozesuan ez ezik, euskararen normalizazio-prozesuan ere ezinbesteko garrantzia izango du. Are gehiago haurraren ama hizkuntza gaztelania izanik, horrek, eskolaz kanpoko testuinguruak hala lagunduta, euskararen erabilerarekiko eta horrekiko atxikimendurako zailtasunak ekar baititzake. Hizkuntzen Europako Marko Bateratuko2 A1 eta A2 mailarekin parekatzen bada, harremanetarako hizkuntza ikasteko honako bi fase hauek pasa beharko lirateke lehen bi ikasturteetan (Jaurlaritza, E. 2019): 1. fasea (A1): etorri berri diren ikasleek oinarrizko komunikazio-gaitasuna garatuko dute, eta, aldi berean, ikaskuntzari lotutako hizkuntzaren erabileran hasierako urratsak egiten hasiko dira. 2. fasea (A2): batez ere, hizkuntzaren komunikazio-erabileran sakontzea da helburua, ahoz zein idatziz, eta pixkanaka eskolako testuak hobeto ulertzea eta erabiltzea. Ikasgelarako harrera-plan honen programazioak lehenengoan zuzen zuzenean eragiteaz gain, haratago joan nahi du, eta euskararen erabileran, harremanen eta testuinguru kulturalaren (euskal kulturaren) atxikimendu emozionaletik abiatu nahi du. Horretarako A1 eta A2 fasearen aurretik kokatuko litzatekeen jarduera-multzoa proposatzen du, hizkuntza ikasteko eta horren erabileran eragiteko haurraren oreka emozional eta testuinguru sozial, kultural eta linguistikoan motibazioaren bitartez eragingo duena. Esan genezake A1 maila eskuratzeko prozesuan modu egokian sartzeko zubia eta ondorengo errepidea dela proposatzen dena.
7. Edukiek hizkuntza ardatz.
Oinarrizko curriculum-edukiak eskuratu ahal izateko, komunikatzeko oinarrizko gaitasuna behar da eskolatutako hizkuntzan. Erdal jatorria duten ikasleen komunikazio-gaitasunaren garapenean aurrera egiteko irizpide nagusia hizkuntzaren erabilerak izan behar du, gure kasuan euskaren erabilerak. Onki Xin!-ek proposatzen duen programazioak, euskara eta euskal kulturaren ezagutza eta horrekiko atxikimendua bultzatzearekin batera, eduki kurrikularraren arlo praktikoan eragin nahi du. Noski, garrantzitsua izango da hizkuntza indartzeko arlo ezberdinetako irakasleek tutorearekin batera hizkuntzarekin lotutako zer funtzio eta adierazle 2Europako erreferentzia markoa, Europa osorako hizkuntza egitarauak, curriculum orientazioak, azterketak, testu-liburuak eta abar prestatzeko oinarri bateratua da (2001, Europako Kontseilua). linguistiko landu eta hori ikasleen erraztasun edo zailtasunen arabera ongi programatzea. Horrekiko gogoa sustatu eta motibazioan eragiten laguntzea izango da ikasgelako harrera-planaren programazio-proposamenaren xedea.
8. Aisialdi-gune eta une ezberdinak modu intentzionalizatuan dinamizatzea.
Euskara bere erabilera zailtzen duten input eta outputez inguratuta bizi da. Beraz, horren erabilera sustatu eta gozagarri egiteko guneak eta uneak probestea ezinbestekoa da. Oro har, ezinbestekoa da haur guztien hizkuntza-ohitura eta jarreretan euskararen erabilera sustatzeko; baina zer esanik ez ikasle-talde berri batean dauden eta erdal jatorria duten haurrekin. Horregatik, iritsi berriak diren haur eta nerabeen harrera- eta murgiltze-prozesuan ezinbestekoa izango da jolaserako une horiek modu egokian dinamizatzea: taldekatzeak aintzat hartuta, jolas eta jokoen helburuak argi edukita, eta aisialdiak pizten dituen askotariko emozioak modu egokian bideratzea erraztuz; autorregulazioaren bidez, gatazken kudeaketarako konpetentziak eskuratzea lagunduz, frustrazioan bidelagun izanez eta abar. Finean, jolasaren, euskararen, iritsi berriaren hizkuntza eta kulturaren, eta lagunartearen sozializazio-prozesuaren bidelagun izanez.
9. Malgutasuna ardatz.
Harrera-planak malgua izan behar du, baita ondoren egikarituko den murgiltze zein ikaskuntza-prozesuak ere. Horrek, bere Esku-hartzeko Norbanako Jarduera Planaren egokitzapena erraztuko du, haurrak gainean sentitzen duen presioa gutxitzea ekarriko du, eta beharren arabera, jarduera, eduki eta materiala moldatzeko aukera emango du. Ezinbestekoa da malgutasuna ere harrera-planaren ardatzetako bat izatea, izan ere, ez daude bi pertsona berdinak direnik.
10. Familiarekin eta familiaren bidelagun izatea.
Haur bat ikastolara iritsi berri denean ez da bakarrik etortzen, haatik, familia edo tutoreekin iristen da. Horregatik, ezinbestekoa izango da haurraren egokitzapen prozesuan, eta baita ondoren ere, ikastola eta bertako profesionalak une oro familia edo tutoreekin harremanetan egotea. Ez bakarrik haurraren ikaskuntza- eta egokitzapen prozesuan, baita haiek herrian eta ikastola-testuinguruan integratzeko egiten ari diren bidean ere. Interesgarria izango da horiek egiten diren egitasmo ezberdinetara gonbidatzea, gonbidapen hori jaso eta beren hizkuntzan jaso dutela ziurtatzea, parte-hartzera animatzea… denok izaten ditugu askotan sozializatzeko beldurrak eta horiek eragiten dizkiguten ziurgabetasunak, horregatik, ahal den heinean horiek uxatu eta testuinguru seguru batean senti daitezela lortu behar da. Gainera, ez da ahaztu behar, familia edo tutoreen testuinguru kultural eta linguistikoarekiko jarrerak eta atxikimenduak zer esan handia izango duela haurrak garatuko duenarekin ere.
11. Ebaluazio hezigarria.
Harrera-plana garatzen den bitartean eta ondoren, ebaluazioa hezigarria izatea oso garrantzitsua izango da. Horrela, haurrak bere ikaskuntza- eta egokitze-prozesua bere egingo du; autorregulazioaren bitartez bere emozioen eta prozesuaren jabe eginez; koebaluazioaren bitartez taldearen parte sentituz; eta, heteroebaluazioarekin, irakasleak jarraipena egiten diola ikusiz. Gogoan izan behar dugu familiak edo tutoreak ebaluazio-prozesuaren parte direla.